Ondarearen eta zabalkundearen etorkizuna
Itsasondoren iragan industrialari buruzko ikerketa hau egin ondoren, ikuspegi zabalagoa dugu, bertako ondare kulturala babesteko eta zabaltzeko ikuspuntuak taxutzeko aukera ematen diguna. Horrez gainera, Gipuzkoako ondarearen aberastasuna âeta, hortaz, Itsasondokoaâ ez dute soilik arrasto materialek, arkitektonikoek eta paisaiari dagozkienek definitzen, geoaniztasunak ere badu zeresanik. Eta alderdi hori oso kontuan hartzen hasi da azken boladan, eta gaur egun, funtsezkoa da gure ondareari balioa emateko.
Itsasondoko ondare industriala lehendik ere aztertu izan da; are gehiago, bertako arkitekturako eta meatzaritzako osagai batzuk Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak (AVPIOP/IOHLEE) Eusko Jaurlaritzarentzat osatutako Industria Ondarearen Inbentarioan sartu ziren, 90eko hamarraldian. Garai hartan ez zen kontuan hartu haren babesa, seguru asko arbelaren ustiapena garrantzi gutxiko jardueratzat hartu zelako Euskal Herriaren barruan, eta garai hartan oraindik ez zelako industria-paisaiaren kontzeptua landu; horregatik mugatu zen inbentarioa arkitektura osagaietara.
Lan honetan, aldiz, Itsasondoko industria-ondarea bestelako ikuspegi batetik hartu da kontuan: alde batetik, udalerriaren azterketan jarri denez arreta, sakonago ezagutu ahal izan dira bertako ondasun-osagaiak, eta erregistro eta dokumentazio sakonagoak lortu dira; beste aldetik, azterketa ez da aztarna materialetara bakarrik mugatu, alderdi zabalagoak ere aztertu ditu, hala nola osagaien arteko harremana, industria-jarduerak paisaian utzitako arrastoa, etab. Horregatik, hobeto jabetzen gara Itsasondoko industria-ondarearen interesaz eta balioaz, eta argumentu sendoagoak ditugu ondare horren babesa eskatu ahal izateko.
Babeserako proposamenei heltzeko orduan, Itsasondoko arbelgintzaren ondarea ikuspegi orokorretik hartu da kontuan. Horregatik, ez dira soilik ondarearen osagai isolatuak aztertu, eta osagaien arteko harremanak eta horiek pasaiarekin eta kokatzen diren hirigintzarekin dituzten harremanak ere hartu dira kontuan. Era horretara, udalerriaren paisaia kulturalari buruzko kapituluan ikusi bezala, ondarearen ikuspegitik interesa duten lau gune bereizi dira: Azubia-Tunelalde, Malkorra, Izarre eta Itsasondoko hirigunea. Babeserako proposamenak, hortaz, interesa duten gune horietara guztietara eraman litezkeela pentsatu da, eta ez banakako osagaietara soilik, nahiz eta gune horietan sartuta egon.
Udalerriaren ondare industriala eta pasaia kulturala aztertu ondoren, gure ustez, Malkorrako eremua Monumentu Multzo izendatu beharko litzateke, interes handikoa delako historiaren, ondarearen eta pasaiaren alderditik, eta interpretaziorako ere balio handia duelako.
Bestalde, Izarre, Azubia eta Itsasondoko hiriguneko osagaiek ere interes handia dute, balio historikoa dutelako eta interpretaziorako ahalmen handia dutelako; hori guztia dela eta, babestu egin beharko lirateke udaletik bertatik, Itsasondoko arau subsidiarioen barruan, eta sakontasunez aztertu beharko lirateke (jasotze topografikoa, argazki-erregistroa, planimetriaâ¦) edozein esku-hartzeri ekin aurretik.
Zabalkundeari dagokionez, ezinbestekoa da lan honetan aztertutako ondare kulturala ezagutzera ematea eta balioa ematea. Alderdi horretatik, zabalkundea hainbat alderditatik landu daiteke: lehenik, ondarearen osagaiak Itsasondoko Udalaren webgunean sar daitezke. Euskarri horretan, azterketa historikoaren laburpen bat ager daiteke, eta baita ondare osagaien fitxak eta horien kokalekua ere udalerriaren planoaren barruan. Bigarrenik, interesgarria izango litzateke Itsasondoko lurraldea eta paisaia aztertzea, azterketa hau oinarri hartuta, eta ibilbide tematiko bat sortzea, behar bezala markatua. Azkenik, lan hau Itsasondoko historia industrialari eta kultura-ondareari buruzko etorkizuneko argitalpenen oinarri izan liteke; argitalpen horiek, halaber, hainbat euskarritan azal litezke (argitalpen tradizionala, argitalpen digitala, sarean edo CD euskarrian, etab.).