Meatzaritzaren eta arbel-eraldaketaren memoria eta oroitzapena Itsasondon

Arbela erauzteko eta manufakturatzeko lanei loturiko industria-jarduerak Itsasondon utzi duen arrastoa begien bistakoa da gaur egun, XXI. mendearen lehenengo urteetan, azken arbeldegia itxi zenetik hainbat hamarraldi igaro direlarik. Itsasondoren historia arbel-enpresei lotuta dago, zalantzarik gabe; arbel-meategietako eta -lantegietako lanak eman dio forma udalerriari, eta jarduera horren arrastoak bertako kale eta mendietan ikus daitezke, oraindik.

Meatzaritzak ohituretan eta herriko jaietan ere utzi zuen bere aztarna

Meatzaritzak ohituretan eta herriko jaietan ere utzi zuen bere aztarna.

ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, SIG. 329

Baina, egia bada ere meatzaritzaren eta industriaren jarduerak arrasto material ugari utzi dizkigula, egia da, halaber, ondasunaren ikuspegitik zalantzarik gabeko balioa duten osagai horiek ez luketela zentzurik izango bizia eman dien jendearen lekukotasunik gabe. Hori dela eta, lan honen funtsezko helburuetako bat memoria berreskuratzea izan da, eta, zehazki, arbelaren meatzaritzak eta eraldaketak Itsasondoko herritarrengan eta udalerriko historia industriala eratu duten enpresako langileengan eta enpresaburuengan utzi duen oroitzapena berreskuratzea.

Historia horren protagonista asko, Itsasondoko arbelgintzaren azken urteak bizi izan zituztenak, bederen, beren lekukotasuna emateko, beren bizipenak kontatzeko eta meatzaritzak eta industriak udalerriari ekarri zionaren esperientziaren berri emateko moduan daude gaur egun. Enpresetako teknikari, zuzendari, langile eta beharginen artean asko dira zuzenean ezagutu zituztenak Gerra Zibilaren lehenengo urteetan industriak zer zailtasun izan zituen, gerraondoko urte gogorrak, jarduera ekonomikoaren berreskuratze-prozesua, eta, azkenik, krisia eta mende batez Itsasondoko udalerriaren eragile izan ziren industrien amaiera.

Itsasondoko industria-jarduerari buruzko ikerketak iraun duen denboran, hogei elkarrizketa baino gehiago egin zaizkie historia horren protagonistei. Elkarrizketa gehienak Jon Mikel Aranok erregistratu ditu, hainbat alditan. Adierazpen horiek oso lagungarriak izan dira udalerriaren iraganaren ezagutza sakontzeko, eta askotan, gaur egun arte iritsi zaizkigun meatzaritzaren eta industriaren hondakin materialei zentzua emateko. Historiaren ezagutza, ekoizpen-prozesua eta Itsasondoko arbeldegien ondare materiala osatu gabe geldituko litzateke pertsona horien guztien ekarpenik gabe. Lanean zehar, ikerketaren hainbat alderditan ageri dira haien lekukotasunak, eta saiatu gara, ahal izan dugun neurrian, elkarrizketatuen ekarpenak zehatz-mehatz idatziz ematen.

Edonola ere, baliozko lekukotasun horien aberastasuna eta konplexutasuna lan honetan bilduta gera dadin, elkarrizketatuen ekarpen nagusiak ondoren agertzen diren fitxetan laburtu eta idatziz agertu dira.