Kokapena
Gipuzkoako Goierri eskualdean dago Itsasondo, Murumendi mendiaren magalean. Itsas mailatik 160 metrora dago, eta 8.9 kilometro karratu ditu. Ondoko herri hauekin egiten du muga: iparraldetik, Bidania eta Beizama; ekialdetik, Legorreta eta Altzaga; hegoaldetik, Arama eta Ordizia; eta mendebaldetik, Beasain.
Bi zati nagusitan bereizten da herria: N-1 errepide zaharraren ondoan dago herrigune nagusia, Oria ibaiaren ertzean; Murumendi mendiaren magalean mailakaturik dagoen baserri multzoak osatzen du herriaren beste zati garrantzitsua.
Arbel harri ugari dagoen lur eremu zabalen jabe da Itsasondo. Horixe da herriaren ezaugarri nagusietako bat. Iraganean, lur eremu horien ustiapenak garrantzi handia izan zuen herriaren garapenean. Meategi ugari zeuden herrian, eta arbel harria ateratzen zuten haietatik. Egun, meategi zuloen irteerak ikus daitezke.
N-1 errepidea Legorreta edo Ordizia parean utzi, eta GI-2133 errepidea hartzea da Itsasondora iristeko biderik errazena.
Herritik hiri nagusietara errepidez joateko tarteak:
- Donostia: 43 km.
- Bilbo: 88 km.
- Gasteiz: 74 km.
- Iruñea: 77 km.
- Baiona: 96 km.
- Donibane Garazi: 132 km.
- Maule: 182 km.
Gertuko aireportuak:
- Hondarribia (Gipuzkoa): 57 km.
- Foronda (Gasteiz): 79 km.
- Miarritze (Lapurdi): 85 km.
- Loiu (Bilbo): 90km.
- Noain (Iruñea): 90km.