Historia
1615. urte aldera erosi zion hiribildu titulua Itsasondok Erret Ogasunari, 1399az geroztik Ordizia hiribilduari loturik egon ondoren. Horixe da herriari buruz dagoen lehen agiri berria. Jauntxo feudalek egin zitzaketen gehiegikerien aurrean babesa ematen zien herritarrei agiri horrek; horrez gain, besteak beste, berezko administrazio ekonomikoari eta lurren ingurukoei eusten zion herriak, agiriari esker.
Bozue Handi elkarteko kide ere bazen Itsasondo; Enerio-Aralar mendietako baso eta abeltzaintzarako baliabideen ustiapena kudeatzen zuen erakundea zen Bozue Handi elkartea. 1615ean, Oria ibaiko batura osatu zuen, Arama, Gaintza, Legorreta, Altzaga eta Zaldibiarekin batera. 1845ean hautsi zen batura hori. 1966ko otsailaren 5ean, barruti txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz, Itsasondoko udalerriari batzeko eskaera egin zion Altzagak. 1967an onetsi zen eskaera. 1990etik, bi udalerri dira Altzaga eta Itsasondo.
Behe Erdi Aroan, handiki leinuen multzo txiki batzuk zeuden herrian. Haietako batzuk ganboatarren etxearekin lotzen ziren; Ibarratarrak, kasu. Horiez gain, Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak zeuden. Azken horietatik dator herriaren izena.
Garai batean, meategi ugari egon ziren herrian; arbela ateratzen zuten haietatik. Ustiapen horrek eragin nabarmena izan zuen herriaren garapenean. Gaur egun, lan horren arrasto ugari daude herrian: etxe askotako teilatuak arbelezkoak dira, eta meategirako bideak eta meategietako zuloak ere badira. 1970ean itxi zituzten arbeltegiak. Gertaera horrek erabateko aldaketa ekarri zuen herriko bizimoduan eta ekonomian.
Bi zati nagusitan bereizten da herria. N-1 errepide zaharraren bi aldeetara hedatzen den herrigunea da gehien ezagutzen dena. Horrez gain, sakabanatutako baserri ugari daude herrigunetik gora. XX. mendeko eraikinak dira nagusi herrigunean. Jasokundeko parroki eliza da herriko eraikin garrantzitsuenetako bat. Erdi Aroko eraikina da berez, baina gaur egun duen itxura XVI. mendean egin ziren zabalkuntza lanen ondorioa da. Elizak nabe bakarra du, eta gurutzeriazko gangez estalia dago. Koru azpian dagoen atala da eraikineko zaharrena. Elizaz gain, Letrango San Juan baseliza, udal garbilekua eta Otamendiko oinetxea dira beste hiru eraikin aipagarri. 1860ean berreraiki zuten Letrango San Juan baseliza, trenbidea egiteko lanak zirela-eta bota egin behar izan baitzuten eraikin zaharra. Ospe handia zuen ospitalea zen, eta gaixo, ibiltari eta erromes ugariren sendatzeko tokia eta atsedenlekua zen. Herrigunetik urrunago badira beste hainbat eraikin ikusgarri: Iraola Arrese eta Isasaga baserria, esaterako. Besteak beste, Gipuzkoa barnealdera doazen mendi bideak eta Oria ibarraren bidea ikus daitezke azken baserri horretatik. Behobia aldera zihoan Errege bidea zen Oria ibarraren bide hori. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundik 1992an argitaratutako 'Gipuzkoako Gidaliburu Historiko Monumentala'.