Itsasondoko paisaia kulturalaren azterketa: arbelaren erauzketa eta manufaktura
1. Meatzeei eta ekoizpenari loturiko espazioa
Itsasondo Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erdialdean dago, Murumendi mendiaren magalean. Oria ibaiaren bi aldeetara dago, itsas mailatik 160 metrora batez beste; edonola ere, lur eremu malkartsua da, eta udalerriaren mendebala da gunerik menditsuena, 864 eta 445 m arteko garaierarekin.
Arbel-meatzeen ustiaketak garrantzi handia izan zuen Itsasondoren garapen modernoan, eta jarduera haren ondorioak nabarmenak dira gaur egun oraindik ere udalerriaren espazioan. Itsasondoko eraikin askotako teilatuak, era batera edo bestera bertako industriari lotuak izan direnetakoak bereziki, arbelezkoak dira. Hirigunearen inguruan, Oria ibaiaren bi aldeetan dauden hegal malkartsuetan, gordetzen dira oraindik bertako iragan industrialaren hondakinak, mendian agertzen diren aztarnak, hala nola: betelanetarako arbela, meatze-sarbideak, harrobiak edo antzinako lantegien hondakinak.
Itsasondoko paisaia kulturalaren gure azterketa-lanak Oria ibaiaren ibarraren hondoan jarri du arreta, bertan biltzen baitira arbelaren manufakturaren hondakinak, 190 mailaraino eskuinaldean eta 300 mailaraino ezkerraldean; gune horietan daude, hain zuzen ere, meatzeetako ustiapenarekin lotura duten hondakin gehienak.
Ibarraren hondoan, bizitzeko eraikinen ondoan, arbelaren bigarren eraldaketa egiteko lantegiak kokatu ziren; horietako batzuk desagertuak dira, baina beste batzuk erabilera berrietarako egokitu dira. Itsasondoko udalerriaren hirigintza dela-eta, hau da, Oria ibaiaren ibilbideak eta malda pikoek baldintzatua, jarduera produktiboari eskainitako eraikinak ibaiaren alboan kokatu ziren, ibaiaren ezkerraldean, eta ibaiaren eta Madril-Irun errepidearen artean. Errepidearen beste aldean, hainbat etxe eraiki ziren, bulegoetarako, langileen eta enpresaburuen etxebizitzetarako, etab.
Meatzeetako hondakinei dagokienez, Oria ibaiaren bi aldeetan kokatzen dira, Murumendi eta Altzagamendi mendien magaletan. Azubia-Tunelalde (eskuinaldean) eta Malkorra eta Izarre (ezkerraldean) guneen artean banatzen dira. Gune horietan erauzten zen arbela, eta bertan egiten ziren, halaber, arbela lantzeko lehenengo lanak. Hori dela eta, erauzketa-lanen hondakinekin batera, garraiorako eta energia lortzeko azpiegituren aztarnak daude, eta baita lehen manufakturari loturiko eraikinenak ere.
2. Ondarearen ikuspegitik interesa duten guneak
2.1 Azubia-Tunelalde
Oria ibaiaren eskuinaldean kokatuta dago, mendiaren magalean, malda handiko eremu batean; Azubia baserriko lursailetatik iristen da bertara. Baserria desagertuta dago, ordea, N-1 ingurabiderako lanen ondorioz. Ibaiaren eskuinaldeko bazterretik –ibaiaren ibilbidea ere aldatu egin da– Altzagaren mendeko lursailetara iristen da.
Historikoki, arbelaren erauzketa eremu horietan hasi zen Itsasondon, Madril-Irun Iparraldeko trenbidea eraikitzeko azterketa geologikoak eta lanak egiten hasi zirenean. Inguru horretan Hijos de Juan M. Sarasola enpresak zein Echeverría y C.ª enpresak jardun bazuten ere, azken hori izan zen eremu horretan garrantzi handien izan zuena, eta horrenbestekoa izan zen haren garrantzia, ezen “Azubiko Fabrika” esaten zitzaion Itsasondon enpresari.
Zulaguneak, aztarnak eta hainbat galeria dira meatze-hondakin nagusiak; horietako batzuk 90eko hamarraldian amildu dira. Hori guztia Echeverría y C.ª enpresari lotua da, Santa Maríako kontzesioari lotua, zehazki. Gune horretan kokatu zen, halaber, Echeverría y C.ª enpresaren “Goiko Fabrika” izenez ezagutzen dena; bertan egiten zen Azubiako meatzeetatik ateratako arbelaren lehenengo eraldaketa. Gaur egun jatorrizko itxuraren oso bestelakoa du, asko aldatu baita, eta azken urteetan Paymasa enpresak erabili du, gainera.
Aipatutako osagaiez gainera, Tunelaldeko eremuan Hijos de Juan M. Sarasola enpresaren zakartegi bat egon zen, eta bertan pilatzen ziren arbelaren erauzketan sortzen ziren zakarrak. Edonola ere, 90eko hamarraldian, Oria ibaiaren ibilbidea aldatu zenean, desagertu egin zen aztarna hori, eta gaur egun dokumentazioari eta ahozko lekukotzei esker baino ez dugu ezagutzen.
Gunearen kokalekua kontuan hartuta –Oria ibaiaren eskuinalde malkartsua– eta gorde diren osagaiak oso hondatuta daudenez –N-1 zeharbidearen lanen eraginez eta ibaia desbideratzearen eraginez–, Azubia-Tunelalde eremurako meatzeetako hondakinen azterketa espeleologikoa eta geologikoa baino ez da proposatu, eta baita gordetako hondakinen azterketa historikoa eta ondareari dagokiona ere. Horrez gainera, gune horretako hainbat osagairen zabalkundea, hala nola paisaiaren, meatzeen eta lantegien osagaien zabalkundea, egitea proposatzen da, Itsasondoko Udalaren webgunearen bitartez eta/edo argitalpenen bitartez.
Azubia-Tunelalde guneari lotuta, ondare-osagaien lau fitxa erredaktatu dira (49., 50., 51. eta 52. fitxak), gero zehaztuko direnak.
2.2 Malkorra
Malkorrako gunea, Oria ibaiaren eta N-1 errepide zaharraren ezkerraldean dago, eta Murumendi mendiaren hego-ekialdeko hegala hartzen du; behe-ibarraren hondotik 275eko mailara iristen da. Gune hori beste hiru gunetan zatitzen da: Larregiko gunea (175 maila), gaur egun jadanik desagertua den Sarasolatarren baserriaren inguruan; Mendibil (200 maila), izen bereko baserriaren inguruan; eta Malkorragañeko parajea (250-275 maila), antzinako ustiategiaren gunerik garaienarekin bat datorrena.
Malkorran hasi zuen Juan Martín Sarasola Goitiak bere jarduera 1877. urtearen inguruan, familiaren Larregi baserritik hurbil; haren inguruan, erauzketarako gune handia osatu zen, ia mende batez martxan jardun zuena, eta han bertan energiarekin eta garraioarekin loturiko osagaiak elkartu ziren.
Mendibilgo gaztelua eta Beheko Zuloa. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329
Meatzeetako ustiategia gaztelu baten bitartez lotzen zen ibarraren hondoko manufakturekin, eta gaztelu horren irteera, Beheko Zulo izenez ezaguna, Sarasolatarren antzinako fabrikaren parean dago, Beheko Kalen.
Inguru horretan aurkitutako hondakin guztiak Hijos de Juan M. Sarasola enpresarekin eta haren Santa Bárbarako kontzesioarekin lotzen dira, Mendibilgo urtegia izan ezik, Echeverría y Cª enpresa hornitzen zuen antzinako ur-jauzi bati lotuta baitago hura.
Malkorrako gunea oso aberatsa da, ondarearen osagaiei dagokienez; galeria ugari gelditzen dira, eta baita energia eta garraiorako azpiegituren hondakin interesgarriak ere: makina-etxea, herresta-garraioko bideak, airetiko kablearen oinak, etab.
Larregin hiru meatze-sarbide daude, baserriaren azpian, eta horien kokapena kontuan hartuta, ustiapenaren hasiera garaikoak dirudite, XIX. mendearen azken urteetakoak, alegia.
Mendibilgo gunea da aberatsena ondare-hondakinei dagokionez, nahiz eta azken urteetan luizi handiak izan diren; edonola ere, ez dago eraikinik, zulora jaisteko igogailua eta makina-etxea izan ezik, 1950eko hamarraldikoak biak. Aipagarria da, halaber, gaztelua, zulorako sarrera estaltzen duen egurrezko egitura, Mendibil baserriaren alboan. Horrez gainera, gaztelu hori bi meatze-sarbide handirekin lotzen duen herresta-garraioko bidearen hondakinak gorde dira gaur egun arte. Bide horretan zehar, metalezko hainbat hondakin daude, identifikatu gabeak, baina, seguru asko, badute loturarik garraiorako azpiegiturarekin.
Maila garaiagoan, Malkorragañen, beste hiru zulagune topatu dira, eta erdikoa Mendibilgo galeriekin komunikatuta dago.
Malkorrako gune horrek balio historiko handia du, Itsasondoko arbel-ustiategi garrantzitsuenetako baten jatorria izan delako –Hijos de Juan M. Sarasola–. Gainera, ondare-hondakin ugarik diraute bertan, nahiko egoera onean; bestalde, Itsasondoko paisaia kulturala interpretatzeko balio handikoak dira. Interes handiko osagaiak dira, askotarikoak alderdi kronologikoari dagokionez –XIX. mendearen azken urteetatik, meatzeetako ustiapena hasten denetik alegia, eta XX. mendearen erdialdea arte, inguruko meatzeak uzten diren arte–, eta baita tipologiari dagokionez ere, erauzketarekin, garraioarekin eta energiarekin loturiko osagaiak baitira. Beraz, meatzeetako hondakinen azterketa espeleologikoa eta geologikoa proposatzen da, eta baita gordetako hondakinen azterketa sakona ere, bai alderdi historikotik bai ondareari dagokionetik, inguru hori Monumentu Multzo babestu dadin eskatzeko. Halaber, funtsezkoa iruditzen zaigu inguru horretako ondarearen berri zabaltzea, Itsasondoko Udalaren webgunearen bitartez, argitalpenen bitartez eta ondarearen ikuspegitik interesgarriak diren osagaietan seinaleak jarriz.
Malkorrako guneari lotuta, 18 ondare-osagai fitxa erredaktatu dira (26tik 43ra), eta ondoren zehaztuko dira.
2.3 Izarre
Izarreko gunea, Oria ibaiaren eta N-1 errepide zaharraren ezkerraldean kokatzen da, eta Izagirregoikoa eta Izagirrebekoa baserrietatik datorkio izena. Murumendi mendiaren hegoaldeko magala hartzen du, 160 eta 300 koten artean, eta Oria ibaira isurtzen den Izarre errekaren inguruan dago. Otamendi baserriko bidearen bitartez iristen da gune horretara.
Gune hori Hijos de Juan M. Sarasola enpresak ustiatu zuen, eta Malkorrako lanak baino zenbait urte geroago hasi ziren bertako lanak. Bertako meatzeak izan ziren, gainera, Itsasondon martxan egon ziren azkenak; horregatik, gaur egun gorde diren hondakin gehienak kronologikoki berrienak dira.
Izarreko ustiategia arbela eraldatzeko ibarraren hondoan zeuden tailerrekin lotuta zegoen, airetiko kable baten eta bide-sare baten bitartez. Itxura denez, airetiko kablearen egitura egurrezko gaztelu baten gainean eusten zen, baina gaztelu hori N-1 errepidea handitzeko lanetan desagertu zen, 1960ko hamarraldian. Garai horretarako ohikoa zen kamioien garraioa, eta ez zegoen airetiko kablea erabiltzeko beharrik.
Gaur egun, garraiorako azpiegitura horren hainbat arrasto daude, inguru horretako paisaia interpretatzeko aukera ematen digutenak. Erraz irakur litezke errepideen eta bideen ibilbideak, eta haiek mugatzen eta definitzen zituzten hormak ere gorde dira.
Horrez gainera, lehenengo eraldaketari loturiko osagaien aztarnak gorde dira, hala nola, arbel-zirien antzinako fabrikaren, “Fabrika Zaharra” deritzonaren, hondakinak; eraikin horren atzealdeko fatxada baino ez da gelditzen. Egoera onean daude, halaber, meatzeetan energia sortzeko erabiltzen ziren osagaiak, esate baterako konpresorea edukitzeko eraikina, “Konpresore Etxea” izenaz ezagutzen dena.
Izarreko galeriak –Hijos de Juan M. Sarasola enpresarenak denak eta El Ángel de la Guarda kontzesioarenak– Izarre errekaren luzera osoan kokatuta daude. Oria ibairanzko ibilbideari jarraituz, maila garaienetik abiatuta, hainbat meatze-sarbide daude, eta horien artean hiru azpimarratuko ditugu: lehena (Izarre IV), material-pilari lotuta; bigarrena (Aizporro-Izarre goikoa), kamioiak sartzeko errepidearen alboan, kanalizazio bat duena; eta hirugarrena (Aizporro-Izarre behekoa), arbel-zirien fabrika zaharraren atzean.
Horrekin batera, Izarreko paisaian aztarna ugari daude, arbela erauzteko lanari buruzko datuak ematen dizkigutenak: zulagune inguruek eta mea pilatzeko guneek ustiaketarekin jarraitzeko saioen lekukotasuna ematen digute, eta aldi berean, inguruko hegalen eta bideen fisonomia definitzen dute.
Izarreko eremu horretan ondarearen hondakin ugari daude, nahiko egoera onean; Itsasondoko paisaia kulturala interpretatzeko balio handikoak dira. Interes handiko osagaiak dira, askotarikoak alderdi tipologiari dagokionez; arbela erauzteko eta lehenengo eraldaketa egiteko osagaiak ez ezik, garraiorako eta energia lortzeko azpiegiturei lotutako osagaiak ere badaude. Beraz, udal mailan babestea proposatzen da, eta, horretarako, meatzeetako hondakinen azterketa espeleologikoa eta geologikoa egitea komeni da, eta baita irauten duten hondakinen azterketa sakona ere, bai alderdi historikotik bai ondareari dagokionetik. Halaber, inguru horretako ondarearen berri zabaltzeko gomendioa egiten da, Itsasondoko Udalaren webgunearen bitartez, argitalpenen bitartez eta bertako ondarearen ikuspegitik interesgarriak diren osagaietan seinaleak jarrita.
Izarreko guneari lotuta ondarearekin zerikusia duten osagaien 22 fitxa erredaktatu dira (1-2, 4-5 eta 7-24 fitxak), ondoren zehazten direnak.
2.4 Hirigunea
Itsasondoko hirigunea udalerriaren hegoaldean dago, Oria ibaiaren ezkerraldean. Hirigunea ibarraren hondoan dago, luzetara, 128-146 metroko kotara, ibaiaren ardatzari jarraituz eta N-1 errepide zaharraren bi aldeetara.
Kokalekuaren ezaugarriaren eraginez –Oria ibaiaren eta errepidearen ardatzen inguruan, eremu lau gutxirekin–, industriaguneak eta lantegi osagarriak ez ziren modu jarraituan kokatu, osagai txiki sakabanatuen bitartez baizik, etxebizitzek eta udal zerbitzuek osatutako egiturarekin nahasirik.
Arbelaren erauzketarekin eta lehen eraldaketarekin loturiko osagaiak kotarik garaienetan zeudenez, bigarren manufakturarekin loturiko eraikinak aurkitzen ditugu hirigunean; hau da, behin betiko produktua lantzeko eraikinak eta sailak.
Era horretara, garrantzi historiko handiagoko osagaiak bi gune hauetan daude: Beheko Kaleko gunea eta Ibarreko eremua. Beheko Kalen Itsasondoko bi enpresen tailerrak zeuden: Echeverría y C.ª eta Hijos de Juan M. Sarasola. Gaur egun, lehena baino ez da gelditzen, eta eraldatuta dago, etxebizitza-eraikin moduan, eta etxabean hainbat industria-jarduera kokatu dira. Bestalde, Sarasolatarrek, beren industria-jarduera guztia biltzeko asmoz, 1950eko hamarraldian eraiki zituzten tailerrak daude Ibarren, gaur egun hainbat enpresek hainbat jardueratarako erabiltzen dituztenak.
Ekoizpen-sektoreko osagaiekin batera, enpresek gune osagarriak izan zituzten, Itsasondoko hiri-egituran sakabanatuta horiek ere. Kasu horretan, osagai guztiak Hijos de Juan M. Sarasola enpresarenak dira, ekonomiaren eta merkataritzaren alorrean garapen handiagoa lortu zutenez, beren lehiakide Echeverría y C.ª enpresak baino eraikin konplexuagoak izan zituztelako. Era horretara, bulego zaharrek iraun dute gaur egun arte: orain dela gutxi, Izaskun Ostatua jarri da bertan. Bada beste eraikin bat ezin hobeto gorde dena eta Sarasolatarren enpresaren parte izan zena, gaur egun Talleres Protegidos Gureak enpresak hartzen dituena; jatorriz, enpresaren zentral elektrikoa zegoen bertan.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar Itsasondoko etxebizitzetarako eraikin gehienetan arbel-enpresetako langileak eta enplegatuak bizi izan zirela. Hijos de Juan M. Sarasola enpresa udalerriko etxebizitza-eraikin askoren jabe izan zen; langileei uzten zizkien errentan, oso errenta merkeetan. Gaur egun, Beheko Kaleko etxebizitzak nabarmentzen dira, jadanik desagertua den Sarasolaterren lantegiaren alboan, eta baita 1950eko hamarraldian langileentzat berariaz eraikitako zenbait eraikin eta familiaren txaleta ere, errepide nagusiaren ezkerraldean.
Itsasondoko hiriguneko osagaiek balio historiko handia dute, udalerriko arbelaren ustiategi nagusiei lotuta daudelako –Echeverría y C.ª eta Hijos de Juan M. Sarasola–. Gainera, ondareari loturiko hondakin ugarik diraute, nahiko egoera onean eta Itsasondoko paisaia kulturala interpretatzeko balio handikoak. Interes handiko osagaiak dira, askotarikoak alderdi tipologiari dagokionez; arbelaren eraldaketari loturiko osagaiak ez ezik, energia sortzeko osagaiak ere badaude, eta baita eraikin osagarriak ere, hala nola bulegoak eta langileen eta enpresaburuen etxebizitzak. Beraz, udal mailan babestea proposatzen da, eta, horretarako, meatzeetako hondakinen azterketa espeleologikoa eta geologikoa egitea komeni da, eta baita dirauten hondakinen azterketa sakona ere, bai alderdi historikotik bai ondareari dagokionetik. Halaber, inguru horretako ondarearen berri zabaltzeko gomendioa egiten da, Itsasondoko Udalaren webgunearen bitartez, argitalpenen bitartez eta bertako ondarearen ikuspegitik interesgarriak diren osagaietan seinaleak jarrita.
Itsasondoko hirigunean, ondareari dagokionez interesa duten 9 osagai identifikatu dira (25, 44, 45, 55, 56, 58, 59 eta 60. fitxak), ondoren zehazten direnak.