Ekoizpen-prozesua: arbelaren erauzketa eta eraldaketa, Itsasondon

Gure inguruan, arbelaren ustiapena oso jarduera mugatua izan da, eta anekdotikoa izan dela ere esan liteke, kontuan hartzen badugu Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta industrialean izan duen eragin eskasa. Edonola ere, industria horrek Itsasondon eta inguruan nolabaiteko garrantzia izateaz gainera, lagungarria da Gipuzkoako sektore aniztasuna itxuratzeko; izan ere, lurralde horren historia industrialak bi ezaugarri nagusi izan ditu: batetik, espezializazioaren bidez aukerak bilatzea, eta, bestetik, lurraldean eskura dauden baliabideez baliatzea.

Arbela, tradizioz, gauza askotarako erabili izan da; oso material erabilgarria da, orri lau eta finetan zatitzeko gaitasun handia baitu. Horrez gainera, material isolatzailea da, eta ahalmen termiko handia du; beraz, era askotako aplikaziotan erabil liteke. Arbelaren ustiapena, hortaz, ezaugarri fisiko horiei lotuta egon da jatorritik bertatik, eta horiei esker erabili izan da isolatzaile gisa koadro elektrikoetan, plaka elektronikoetan, kafe eta kakao txigortegietan, pixatokietan, eskoletako arbeletan, billar-mahaietan, eta abarretan.

Arbelak badu, gainera, ekoizpen-prozesua mugatzen duen beste ezaugarri bat: harri biguna eta hauskorra da, erraz hausten eta birrintzen dena. Horregatik, arbela erauzteko ezin erabil liteke lehergairik, eta oso kontu handiz manipulatu behar da, bai meatzetik ateratzean bai produktu horiek guztiak egiteko prozesuetan.

Itsasondoko arbel-lantegietan, arbela erauzteaz gainera eraldatu ere egiten zen; hau da, ekoizpen-prozesu osoa egiten zen bertan, hasi meatzeetatik erauzteko lanetatik eta azken produktuaren lanketaraino, eta enpresak berak banatzen eta merkaturatzen zituen, gainera, produktu horiek guztiak. Era horretara, oinarrizko bi jarduera bereiz daitezke produkzio-prozesuaren barruan: meatzeetako jarduera eta eraldaketarako jarduera. Bata zein bestea Itsasondon bertan egiten ziren, eta ekoizpen-prozesu horren premiak, alegia erauzketak eta eraldaketak, mugatuko dute meatzeen eta lantegien kokalekua. Ikusiko denez, Itsasondoko udalerriaren orografiak –hirigune txikia, ibar baten hondoan eta mendi-hegal malkartsuez inguratua– galarazi egiten zuen lantegi gune handi bat sortzeko aukera; hori dela eta, prozesuko faseak sakabanatuta gelditzen ziren meatzeen eta tailerren artean, eta horiek herresta-garraioko bideen, airetiko kableen edo errepideen bitartez lotzen ziren elkarri. Sakabanaketa hori izan zen, hain zuzen ere, Itsasondoko industria-egituraren ezaugarri nagusia, eta gaur egun oraindik hauteman daitezke haren aztarnak. Beraz, logikoa eta begien bistakoa da, Gipuzkoako lehenengo industrializazioaren bereizgarria: espaziorik eza.

1. Meatzeetako jarduera

Itsasondoko arbel-hobiak lurpekoak ziren. Arbel-zainak ia-ia bertikalean egon ohi dira, eta lau metrotik gorako potentziak izaten dituzte, batzuetan; zain horien geruza kareharrizkoa izaten da137. Beste hobi batzuetan ez bezala, baita gertu zeuden beste batzuetan ez bezala ere, hala nola Beasaingo Arriaran, Itsasondon arbela galeria bidez ateratzen zen, beti; horregatik, udalerri horretako erauzketari buruz aritzean ez dira harrobiak aipatzen, arbel-meatzeak baizik. Ezaugarri horren ondorioz itxi ziren ustiategiak aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarraldietan, arbelaren erauzketa oso garestia zelako, eta 1970eko hamarraldian ezin lehiatu izan zen Arriaranen egiten zen aire zabaleko erauzketarekin.

Erauzteko teknikei dagokienez, hiru aldi bereizten dira Itsasondoko meatzaritzaren historian: lehenengo aldian, 1870etik 1920ra, prozesu guztia eskuz egiten zen; bigarren aldian, 1920tik 1950era, mailu pneumatikoak erabiltzen hasi ziren; eta, azkenik, Itsasondoko meatzaritzaren azken fasean, 1950etik 1970era, altzairu helikoidaleko harien bitartez erauzten zen arbela138.

Galeria zulatzen hasi aurretik, ezinbestekoa zen zulagunearen inguruko landaredia garbitzea. Ingurua garbitu ondoren, indusketa-lanak hasten ziren, eta hiru metro zabal eta bi metro altu zen igarobide bat zabaltzen zen, arbelaren zainari jarraituz; 40 metro sakon izatera ere irits zitekeen. Igarobide hori zabaltzea lan konplexua eta neketsua zen, arbelaren zainetara iristeko ezinbestekoa baitzen hura inguratzen zuen kareharria zulatzea. Horregatik, galerian aurrera egiteko lehergailuak erabiltzen ziren: kareharrizko horman laztabin-zulo bat egiten zen, 25 milimetroko diametroa zuena eta 1,20 metro luze zena. Mailuen eta palanken laguntzaz egindako zuloan, bi edo hiru dinamita kartutxo sartzen ziren, eta leherrarazi egiten ziren, behar bezala aurreratzen ari zela ziurtatzeko139.

Zainera iristen zenean, zabaldu egiten zen galeriaren aurrealdea, 30 metro altu eta sei metro zabal zen gunea lortu arte. Horrez gainera, zainaren aurrealdeko lurra eta hondakinak beheratu egiten ziren, era horretara, gune baxu batetik egiten ziren zulaguneak, lubaki bidez, eta oso kontuz egiten zen, tarteka-marteka, arbel-bankuaren beraren kontrahormak uzteko; harria aterata zegoen guneetan, kontrahormen ordez, egurrezko euskarriak jartzen ziren, amildu ez zedin140. Era horretara, galeriaren aurrealdean egindako hutsune handian, arbelaren zainaren aurrean, mailaz maila egiten zen ustiapena, goiko aldetik hasi eta, poliki-poliki, jaitsi egiten zen, behera iritsi arte. Orduan, zikloari ekiten zitzaion, berriro ere, gunerik garaienean. Maila horietako bakoitzean, aurrera egiteko 2 metro zabal eta 10 metro sakon zen galeria bat egiten zen, material erabilgarriaren aldamenean. Galeriak neurri hori zuenean, zabaldu egiten zen, geruzaren lodierara iritsi arte, eta horrela, materiala atzealdetik lantzeko aukera izaten zen141.

Aitzinamenduzko galeria horiek bertako harrizko hormez eusten ziren, baina, zenbaitetan, hormigoizko edo harlanduzko ganga tarteak egin behar izaten ziren142. Itsasondoko paisaia oso malkartsua zenez eta arbel-zainak mailaz maila ustiatzen zirenez, galeriak maila desberdinetan egoten ziren, halako eran non ustiategi batean hiru maila desberdin ikus zitezkeen. Kasu horietan, arbelaren garraioa errazteko, galeriak arrapalen bitartez lotzen ziren elkarri, eta horietatik kontzesioaren beheko guneraino eramaten zen materiala143.

Aitzinamenduzko galerien bidez arbelaren zaineraino iristen zenean, arbela erauzteko lanari ekiten zitzaion. Horretarako, arteka txiki bat egiten zen blokean; arteka hori zabaltzeko, oso kontuz jotzen zen arbelaren kontra, pikotxaz eta mailuaz. Bertan, altzairuzko ziri batzuk sartzen ziren; zirien kontra jotzean osorik irteten ziren arbel-xaflak, eta blokeak 3 metro altu, 1,5 metro zabal eta metro erdi lodi izatera irits zitezkeen eta 2.800 kilogramoko pisua har zezaketen144.

Lan horiek guztiak eskuz egiten ziren. Izan ere, arbela oso hauskorra zenez, lehergailuak, lanen deskribapenean ikusi dugun bezala, prozesuaren hasieran baino ez ziren erabiltzen, txikitzeko lanetan, alegia. Arbela erauzteko erabiltzen ziren tresnak, hasieran, pikotxak, zizelak eta ginbaletak ziren, eta horiei mailutzarrekin eta mailuekin jotzen zitzaien. 50 urtez baino gehiagoz –1860. urtean ustiaketa-lanak hasi zirenetik 1920. urtea arte–, horiek izan ziren erabili ziren tresna bakarrak; zulatzeko lan guztiak eskuz egiten ziren.

Mailu pneumatikoen erabilera metategietan

Mailu pneumatikoen erabilera metategietan. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

20ko hamarraldian, ordea, meatzeetan mailu pneumatikoak erabiltzen hasi ziren. Era horretara, asko arindu zen meatzarien lan gogorra, baina horrek beste arazo bat ekarri zien enpresaburuei: energia elektrikoa eraman behar zen meatzeetara, tresna berriak ibiliko baziren. Arazoari irtenbidea emateko, meatzeen sarreratan konpresore-etxeak eraiki ziren; eta han jarri ziren lurrunezko makinak, generadoreei elkartuta, beharrezkoa zen elektrizitatea sortzeko. Instalazio horien bitartez osatu ahal izan zen 30eko hamarraldia arte enpresek Oria ibaiaren alboko zentral hidroelektriko txikietan ekoizten zuten energia. Zentral haien arazoa ur-jauzien altuera txikia zen, eta, horregatik, sekzio handiko turbinak behar ziren; gainera, oso produktibitate txikia zuten agorraldietan145. Gerra Zibilaren ondoren, eta gerraostean erregai gutxi zegoenez, gas pobreko motorrak sartu ziren instalazio horietan.

Edonola ere, urteen joanean nabarmendu egin zen mailu pneumatikoen erabilerak zekarren beste arazoetako bat: hauts handia sortzen zen, eta hauts horrek silikosia eragin zezakeen meatzeetako langileengan. Horregatik hasi ziren 1950eko hamarraldian altzairuzko hari helikoidala erabiltzen. Hari horrekin blokeak horizontalean ebakitzen ziren, eta mailu pneumatikoa atzealdeko ebakia egiteko baino ez zen erabiltzen. Gainera, arbel-lauzak bereizteko lana metodo tradizionalaren bitartez egiten jarraitu zuten, hau da, arbel-laminen artean ziriak sartu eta mailu edo mailutzar bidez jotzen zen horien kontra146.

Blokeak askatzen zirenean, katu hidraulikoen bitartez altxatzen ziren blokeak, eta zutoinen bitartez eusten ziren; eta tarte bat uzten zen libre, langileek eskuzko zerren bitartez lehenengo ebakiak egin zitzaten147. Horrela, prestatuta uzten ziren, angelu zuzenean zerratuta, erlaitzetarako, pixatokietarako edo billar-mahaietarako pieza handiak; izan ere, arbela taulatan zatitzeko, arbelak atera berria izan behar zuen, eta fresko egon behar zuen. Pieza handi haietatik askatzen ziren zatiak lauzetarako erabiltzen ziren, eta zerra biribil batez ebakitzen ziren148.

Meategietako garabiak

Meategietako garabiak. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Meatzean garrantzizko beste arazo bat arbel-blokeak eta -lauzak galerien barruan mugitzeko eta kanpora garraiatzeko modua zen. Oso lan zaila zen, eta indar fisiko handia behar zen; gainera, meatzeen barruan egin behar zenez, karburozko argiontzien argia baino ez zegoen149. Bloke ateraberriak eskuz mugitzen ziren, oro har, palanken bitartez; ondoren, galeria batetik bestera garabien bitartez garraiatzen ziren150, edo, bestela, eskuzko polipastoen bitartez, meategiaren beheko alderaino jaisten ziren, galerien sabaiko egurrezko habeei lotuta, oro har. Zenbaitetan, sistema hori nahiko konplexua izaten zen, galerietako sabaian zeharka zegoen egurrezko habe batetik abiatuta. Habe horretan, eta egurrezko ziri bati lotuta, txirrika bat egoten zen, habean barrena, horizontalean, mugitzen zena. Txirrika horretatik kable bat igarotzen zen: mutur batean zama hartzeko kako bat zuen, eta beste muturra tornu bati lotuta egoten zen. Hasieran, tornu hori eskuz mugitzen zen, baina 1920tik aurrera, meatzeetan elektrizitatea sartu zenean, motor elektrikoen bitartez jartzen zen martxan. Sistema horiei esker, galerien sarreraraino eraman zitekeen arbela, han baitzeuden garraiobideak. Handik, erauzitako materialak kanpora garraiatzen ziren, eskuz bultzatutako bagoneten bitartez151.

Lan horietan, jakina, hondakin ugari sortzen ziren, bai txikitzeko lanetan bai blokeak erauzteko prozesuan. Lehenengo urteetan, arbelaren ustiategietan sortzen ziren hondakinak Oria ibaira botatzen ziren, zuzenean, eta meatzeetatik errepide nagusia gurutzatuta eramaten ziren haraino. Hala erakusten dute Itsasondoko arbelgileek meatzeetako eta harrobietako hondakinak ibaira bota ahal izateko igarobideak eta atakak zabaltzeko egindako eskaerek. Jarduteko modu hori ustiategiaren hasieran hasi zen, XIX. mendearen azken herenean152, eta XX. mendean aurrera arte egiten jarraitu zen; horrek liskar ugari sortu zituen bizilagunekin, haien ustez arbelgileak baitziren ibaiak etengabe gainezka egitearen arduradunak153.

1920ko hamarraldian, eta Oria ibaiaren bidea betetzearen ondoriozko borrokak eta salaketak saihesteko, jadanik erabiltzen ez ziren antzinako galerietako lubakiak erabiltzen hasi ziren, berriro ere, aktiboan ziren ustiategietako hondakinak botatzeko. Hondakin horiek bagonetetan ateratzen ziren, bultzaka, bi gizonen artean, gehienetan154. Ahal zenean, hondakina ez zen kanpora atera ere egiten, eta galerietan erabiltzen zen, betelanak egiteko material gisa. Horrela egiten zuten, esate baterako, Izarre eta Malkorrako galerietako batzuetan: galeria horiek, tarteka, hormigoizko gangak zituzten, eta ganga horien eta galeriaren arteko tarteetan botatzen ziren hondakinak155. Sistema horiek nabarmen ikusten dira, oraindik, Itsasondoko paisaian gelditzen diren galerietako batzuetan, bereziki Malkorra I meatze-sarbidean, oso ondo ikusten baitira galeriaren lehenengo metroetan gangak eta hondakinekin egindako betelana (ikus 32. fitxa).

Arbela erauzteko prozesua amaitu ondoren, tailerretaraino eramaten ziren arbel-blokeak, eta haietan egiten ziren arbela eraldatzeko lanak.

2. Manufaktura

Itsasondon, arbela eraldatzeko lanak hainbat kokalekutan egiten ziren: enpresek meatzeetan bertan izaten zituzten pabiloietako batzuk156, eta beste batzuk hirigunean, Oria ibaiaren alboan. Lehenengoetan egiten ziren lan errazenak, eta bigarrenetan, berriz, produktu landuagoak egiten ziren, hala nola, eskoletarako arbelak, billar-mahaiak, etab.

Meatzeetatik ateratako arbel-blokeen eraldaketa meatzeetatik hurbil zeuden arbel-lantegietan egiten zen, eta hara iristen ziren gurdietan, lehenbizi, eta kamioietan, handik urte batzuetara. Arbel-blokeak meatzean bertan prestatzen ziren eraldatzeko, izan ere, aurreko atalean esan bezala, oinarrizkoa zen lehenengo ebakiak egiteko arbela fresko egotea. Blokeak hiru metro zabal izaten ziren, gutxi gorabehera, eta haiek atera ondoren, eskuko zerren bitartez ebakitzen ziren, galeriatik atera aurretik. Ebaki horiek egiteko, arbel-xaflekin zer produktu egingo zen hartzen zen kontuan, eta blokea behar zen pieza baino pixka bat handiagoa (10 cm inguru alde bakoitzetik) ebakitzen zen. Era horretara, ez ziren blokeak hondatzen galeriatik ateratzean eta lantegira garraiatzean157. Eraldatzeko eta garraiatzeko prozesuan blokeren bat puskatzen bazen, tailerrean lauzak egiteko erabiltzen zen158, lauzak txikiak izaten baitziren eta ez zuten tamaina jakin batekoak izan behar nahitaez.

Arbel-meatzeen alboko pabiloietan egiten zen jarduera garrantzitsuenetako bat arbelezko arkatzak izaten ziren; gaur egungo klarionen antzekoak ziren, eta arbel-ziri esaten zitzaien. Horixe zen Itsasondoko enpresen produktu nagusietako bat; Hijos de Juan M. Sarasola enpresa, esate baterako, egunean 10.000 arbel-ziri ekoiztera iritsi zen159. Arbel-ziriak arbel zati txikiak baino ez ziren; laukiak ziren, eta idazketa biribildurako mutur egokia zuten. Honela egiten ziren arbel-ziriak: zerra batez ebakitzen ziren arbel-lauzak, nahi zen tamainako pieza laukiak lortu arte; ondoren, fresagailu baten laguntzaz, biribildu egiten ziren muturrak, eta, horrela, behin betiko forma ematen zitzaien160. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, arbel-ziriak egiteko ezin zen hondakinik erabili, ezta kalitate eskaseko harririk ere; izan ere, horrela eginez gero, arkatzak hauskorregiak izango lirateke. Hori dela eta, arbel-ziriak kalitate oneko arbelarekin egin behar ziren.

Meatzeen alboan zeuden pabiloi horiek txikiak izaten ziren, eta ezin zituzten, beraz, makina oso konplexuak eduki; pieza txikiak egiten ziren bertan, arbeltxoak batez ere, hau da, arbel-taula txikiak, banakakoak, hainbat urtez eskoletan koaderno modura erabili zirenak.

Jarduera konplexuagoak, berriz, Itsasondoko hiriguneko tailerretan egiten ziren. Eraikin horiek meatzeen alboko pabiloiak baino handiagoak ziren, eta, hortaz, beharrezko makina guztiak hartzeko, lehengaiak biltzeko eta egindako produktuak –banatu eta merkaturatu aurretik– gordetzeko adina leku izaten zuten. Meatzeetatik zuzenean iristen ziren arbel-blokeak tailerretara, eraldatzeko tamaina egokira ebakita. Lehenik, bloke horiek zati txikiagoetan ebakitzen ziren, eskuzko zerren bitartez, hasieran, eta zerra mekanikoen bitartez, gero. Ondoren, arbela xaflatan bereizten zen, eta eragiketa hori eskuz egiten zen: langilea lurrean esertzen zen, blokea hanka artean eutsita zuela, eta ziri eta mailu batez jotzen zuen. Lortzen zen erdi bakoitza beste bi erditan banatzen zen, eta, era horretara, 50 cm lodi zen bloke batetik 3 edo 4 milimetroko hainbat lauza eta xafla lortzen ziren161. Xafla horietatik abiatuta, hainbat produktu lortzen ziren, aipatutakoa baino lodiagoak: koadro elektrikoetarako xaflak, lurrerako lauzak, billar-mahaiak…162 50 zentimetroko aldea zuten eta 2 zentimetro lodi ziren lauzak ere egiten ziren; espainiar kolonietara bidali ohi ziren, kakao txigortegietarako, Ekuatore Gineara bereziki163, eta antzeko beste batzuk Santo Domingoko kafe txigortegietarako164. Kakao eta kafea txigortegietarako lauzak karratuak izaten ziren, eta zulo txiki askoz josita egoten ziren, airea pasatzen uztek balio zutenak. Lauzak zulatzeko, erreminta berezi bat erabiltzen zen, zulagailu baten modukoa, aldi berean zortzi zulo egiteko balio zuena165. Mahaietarako, eskailera-mailetarako eta pixatokietako lauzetarako arbel leunduak ere egiten ziren166.

Edonola ere, ateratzen zen arbel gehiena eskoletarako arbelak egiteko erabiltzen zen, eta horrek osatzen zuen Itsasondoko enpresen ekoizpenaren zatirik handiena; haiek izan ziren, hain zuzen ere, udalerriko arbelekin egin ziren lehenengo produktuak167. Arbelaren eraldaketan hainbat langilek jarduten zuten, lau gizonek eta bi emakumek, gehienetan: gizonezkoak zerratzeko lanez arduratzen ziren, eta emakumeak, berriz, azken ebakiak egiteaz, eta baita arbela lisatzeaz eta leuntzeaz ere. Lehenengo lanak aipatutakoen antzekoak ziren: lehenik, harria ebakitzen zen, zerra mekaniko handi batekin; eta bigarren zerrarekin, blokea behar zen neurrira ebakitzen zen. Horren ondoren, blokearen kontra jotzen zen, arbel-xaflak ateratzeko, eta hortzetatik pasatzen zen, beharrezko lodiera lortu arte168. Gero, lixatu eta hareaz leuntzen zen. Langile gazteenek egiten zuten lan hori, eta xaflari behin betiko neurria ematen zitzaion, guraize handi batzuen laguntzaz. Azkenik, geruza berezi bat ematen zitzaion arbelari, arabiar gomaz: goma hori tabletatan iristen zen tailerrera, eta uretan irakinarazten zen, mokor bat lortzen zen arte. Goma mokor horrekin igurzten zen arbelaren gainaldea, eta bernizatuta bezala gelditzen zen; ezin hobeto gelditu zedin, arbela xareta baten gainean lehortzen zen169.

Sarasolatarren egur-biltegiak

Sarasolatarren egur-biltegiak. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Berniza lehortzen zenean, arbelen egurrezko markoei kola ematea baino ez zen gelditzen. Itsasondoko enpresek produktu osoa egiten zuten, baita eskoletako arbeletarako markoak ere. Horregatik zen egurra, arbelarekin batera, lantegietan erabiltzen zen lehengai nagusietako bat. Markoetarako, pago edo platanondo enborrak erabiltzen ziren; batzuetan, enpresaren lursailetatik bertatik lortzen zen egurra170, eta, beste batzuetan, Nafarroan erosten zen, Lekunberri inguruan gehienbat171.

Zerratokia

Zerratokia, ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Tailerretan egur-biltokiak eta zerratokiak izaten zituzten, eta haietan markoak egiten ziren, eta baita produktuentzako kutxak eta bilgarriak ere. Zerratokietan, markoak egiteko, lau zerra mekanikotatik (lehena zen handiena) igaroarazten ziren egurrezko enborrak, behin betiko forma eta tamaina eman arte172. Markoen piezak, mihiztatuak, tupien bitartez ahokatzen ziren173, nahiz eta lehenengo urteetan eskuz muntatzen ziren174.

Ia ehun urtez, lan egiteko modu hori ez zen ia aldatu ere egin, makina modernoagoak eta egokiagoak erabiltzen hasi ziren arte; 1950eko hamarraldiaren amaieran, Itsasondoko arbel-industriako krisia nabarmena zenean, eskulana funtsezkoa zuen prozesuaren bitartez egiten ziren produktuak. 60ko hamarraldiaren amaieran, nabarmena zen ezinbestekoa zela prozesu zehatzagoez baliatzea, ahalik eta material gutxien alferrik galtzeko. Orduan hasi ziren ebaki zehatzagoak egiteko aukera ematen zuten diamantezko zerrekin lanean, nahiz eta fabrikatzeko prozesuak deskribatutako urrats berdinei jarraitzen zien, oinarrian: meatzeetatik ateratako blokeetatik abiatuta, lehenengo prozesua arbela luzetara ebakitzea zen, zainen norabide berean, diamantezko zerrendako zerratan, eta zeharkako ebakia, diamantezko zerra biribiletan egiten zen. Era horretara, xaflak merkatuko neurrietara egokitzen ziren. Horren ondoren, eskuila-zubien bitartez doitzen zen lodiera, eta arbelen gainazala leuntzen zen, lauketa urragarriko artezgailuen bitartez eta silizezko harearen bitartez, heze zegoenean. Arbelaren helburuaren arabera, alakatzeko makinetan ematen zitzaion azken ukitua, eta zulagailuen bitartez zegozkion zuloak egiten zitzaizkion. Azkenik, behar izanez gero, margotu eta leundu egiten zen.

Azken urteetan, arbela pistolaz margozten zen

Azken urteetan, arbela pistolaz margozten zen. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Eskoletarako arbelen kasuan, egurrezko markoak egiten jarraitu zuten, eta, horretarako, lan hauek egiten ziren enborrekin: luzetarako ebakia zerrendako zerratan, lehortu, taulak zerratan ebakit, eta, azkenik, itxura eman, arrabotatzeko eta matxinbratzeko makinetan. Azken urte horietan, eskoletarako arbelen markoak modu automatikoan muntatzen ziren, bereziki helburu horretarako osatutako makinen bitartez175.

Produktuak amaitzen eta paketatzen zirenean, enpresak berak arduratzen ziren haiek banatzeaz, eta merkataritza-biltegietara eramaten zituzten, bai xehekakoak bai handizkakoak. Ildo horretatik, arbel-lantegiek bi garraiobide erabili zituzten, bereziki: trenbidea eta errepide bidezko garraioa.

Itsasondoko geralekua

Itsasondoko geralekua. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Trenbidea funtsezkoa izan zen Itsasondoko arbelgintzaren garapenean, bai salgaiak garraiatzeko bai Itsasondora iristen ziren langileei meatzeetara eta lantegietarako garraioa errazteko. Langileen garraioari dagokionez, Iparraldeko Trenbidea linearen bi gune erabakigarriak izan ziren Itsasondoren historia industrialean: Ordiziako geltokia eta Itsasondoko geralekua.

Ordiziako geltokitik Itsasondoko arbelak irteten ziren bereziki, hura baitzegoen hurbilen176. Geltokira N-1 errepidetik eramaten ziren produktuak, gurdietan, lehenbizi, eta kamioietan, azken urteetan. Arbel-blokeak eta produktu bukatuak biltegi batean gordetzen ziren, geltokitik hurbil, trenez bidaltzeko, Galiziara gehienetan177.

Bestalde, Itsasondoko geralekua oinarrizko osagaia izan zen udalerriko lantegientzat, ugari baitziren herrira, bertako lantegietan lan egiteko asmoz, trenez hurbiltzen ziren langileak. Geralekuaren eraikuntza, hain zuzen ere, Juan Martín Sarasolak berak bultzatu zuen, eraikuntza hark arbelaren ustiategiei ekarriko zizkien etekinak kontuan hartuta. Urteen joanean, gutunen eta dokumentazioaren arabera argi gelditzen da zein garrantzitsua izan zen Itsasondoko enpresentzat trenbidea, eta zehazki, geralekua, eta ugari dira gai hori dela eta enpresaburuek eta udalerriko alkateek izenpetutako idatziak178.

Kamioiak Sarasolatarren fabrikan

Kamioiak Sarasolatarren fabrikan. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Produktuak, trenez ez ezik, kamioiez ere ateratzen ziren udalerritik; 1950eko hamarraldiaz geroztik izan zuen garrantzi gehien errepide bidezko garraioak. Era horretara, ekoizpenaren parte bat Bartzelonara eramaten zen, baina baita Zaragoza, Valladolid, eta abarretara ere; Pasaiako portua ere produktuen banaketa gune garrantzitsua izan zen garai batean, bereziki espainiar kolonietara bidaltzen ziren produktuei zegokienez (Gineako kakao txigortegiak…)179.

3. Lan-baldintzak Itsasondoko meatzeetan eta lantegietan

Ia mende batez, arbelaren erauzketa eta manufaktura izan zen Itsasondoko udalerriko ekonomia-jarduera nagusia. Bertako biztanle gehienek, eta baita inguruko herrietakoek ere, arbel-meatzeetan eta lantegietan egiten zuten lan.

Meatzeak ustiatzen hasi zirenetik arbel-lantegiak erabat itxi ziren arte, ehun urte baino gehiago igaro ziren, eta urte horietan nabarmen aldatu zen meatzarien eta langileen lan-baldintza. Edonola ere, eta harrigarria bada ere, eskura izan dugun dokumentazioak ez digu horri buruzko datu askorik eman.

Badakigu industria-jarduera handieneko garaietan, esaterako, meatzeetako eta lantegietako langileek astean sei egunez lan egiten zutela, astelehenetik larunbatera180; lantegietan, lanaldia 8 ordukoa zen egunero, eta eguerdian 2 orduko tartea izaten zuten bazkaltzeko; meatzeetan, aldiz, 7 orduko lanaldia izaten zuten181. Lanordu horiek, ordea, gehitu zitezkeen, ekoizpenaren premien arabera, eta ohiko lanaldiari aparteko orduak eransten zitzaizkion182. Oro har, igandean izaten zen atseden-eguna, eta horrez gainera, ez zen beste oporrik izaten, jaiegunetan eta Itsasondoko herriko jaietan, abuztuan, izan ezik.

Edonola ere, krisi ekonomikoaren garaietan, lanaldia murriztu zitekeen, 1933 eta 1936 urteetan gertatu bezala; urte horietan lan gutxi zegoen, eta bertako produktuek ez zuten kanpoko merkatuetan lekurik, ondorioz, astean lau egun baino ez ziren lan egiten183.

Lansariei edo soldatei dagokienez, alde handia zegoen langileak egiten zuen lanaren arabera, eta langilearen prestakuntzak ere zeresan handia zuen. Meatzeetan, lan egindako denboraren arabera ordaintzen zen lansaria, egunez, astez edo hilabetez; lantegietako langileek, aldiz, ekoizpen-kuotaren arabera eskuratzen zuten, oro har, soldata.

Lanaldiarekin gertatu bezala, ezinezkoa da zehaztea zer aldaketa izan ziren mende beteko epean Itsasondoko langileen soldatei dagokienez, ez baitago dokumentaziorik. Edonola ere, 1940ko hamarraldiko datuak har ditzakegu erreferentzia gisa, garai horretakoak baitira dauden dokumentu gehienak: 1941ean, harrobiko peoi batek 12,50 pezeta kobratzen zituen 8 orduko jardunaldi batengatik, Compañía Vascongada de Seguros y Reaseguros aseguru-etxeko txostenetan agertzen denez184. Lansari hori, hala ere, nabarmen handitzen zen egindako lanaren arabera; era horretara, harri-zulatzaileak ziren gehien kobratzen zutenak185, eta hilean 500 pezetako soldata edukitzera irits zitezkeen186, harrobiko peoi baten bikoitza, hain zuzen ere.

Itsasondoko arbel-enpresetako lan-baldintzak aztertzeko garrantzizko beste alderdi bat ezbeharren kopurua da. Lan-istripuen deskribapenak, Gipuzkoako Meategien Buruzagitzako liburuetan erregistratuak, oro har, oso informazio-iturri interesgarria dira, izan ere, datu estatistikoak emateaz gainera, meatzeetan zer lan-teknika erabiltzen ziren (aurreko ataletan deskribatuak) jakiteko aukera ematen dute.

Itsasondoko meatzeetan gertatutako istripu gehienek, ondorio larrienekoek behintzat, txikitzeko lanetan erabiltzen ziren lehergailuekin zerikusia dute. Egia da gertakizun horiek ez direla oso ohikoak, eta Itsasondoko meategietako ustiapenen historian era horretako hamar istripu baino gutxiagoren dokumentuak daude187.

Istripu horien artean, eragin berezia izan zuen, epaitegietan izan zituen ondorioak kontuan hartuta, 1948ko maiatzaren 22an Izarreko meatzeetan gertatutakoa: arbel-meatzeko galeria bateko laztabin-zuloen leherketaren ondorioz, Antonio Castro Palomera, 25 urtekoa, eta José García Villegas, 49 urtekoa, hil ziren.

Gutxiagotan gertatzen ziren, nahiz eta adierazgarriagoak izaten ziren, hondakinen eta arbel-blokeen garraioarekin zerikusia zuten istripuak188, galerietan garabiak eta polipastoak erabiltzearen ondoriozkoak zein materialak bagonetetan eta arrapaletan kanpora garraiatzearen ondoriozkoak. Era horretako istripurik garrantzitsuena 1941. urteko urriaren 18an gertatu zen, Malkorran, eta Iñigo Lizarraga Lizarraga hil zen istripu haren ondorioz: arbel-bloke bat jasotzen zen bitartean, dibidieta baten biraderak jo egin zion, eta hil egin zen189.