Hijos de Juan M. Sarasola enpresa

Enpresaren argazkiaEnpresa hori 1870eko hamarraldian hasi zen martxan, Juan Martín Sarasola Goitia, sortzailea, Larregi baserriaren inguruan arbela ustiatzen hasi zenean. Haren ondorengoek diotenaren arabera, Juan Martín Sarasolak bere kasa ikasi zuen lanbidea, Echeverría, Luluaga y C.ª enpresakoek, bere baserriaren parean, Oria ibaiaren beste aldean, nola lan egiten zuten aztertuz. Era horretara, 1877. urte inguruan, arbela erauzteko lehenengo lanak egiten hasi ziren Malkorra inguruan, eta Echeverríako bi langile elkartu zitzaizkion.

Juan Martín Sarasola oso enpresaburu aktiboa izan zen; XIX. mendearen azken hamarraldietan oso maiz agertzen da dokumentuetan, Itsasondoko hainbat bazterretan arbela bilatzeko eta ustiatzeko lanetarako baimenen eske, bereziki. Era horretara, 1886an San Juan ermitatik ehun metro ingurura eta errepide nagusitik sei metrora proba bat egiteko baimena eskatu zuen, bertan egon zitekeen arbela ustiatzeko asmoz. Proba egin ondoren, urte bereko irailaren 10ean, San Juan aldeko ustiapenari ekin zitzaion, eta bertatik ateratzen ziren harlauzak eskoletako arbelak eta bestelako produktuak egiteko erabili ziren73. Ustiategi hura errepide nagusitik hurbil zegoenez, arazo ugari sortu ziren, izan ere, meategietan sortzen ziren hondakinak Oria ibaira botatzen ziren, eta, askotan, errepidea gurutzatu behar izaten zen hondakinak erauzketa-eremutik ibai bazterrera eramateko74. Arrazoi horregatik, seguru asko, ustiategi haren ekoizpena ez zen garrantzi handikoa izan, eta 1890eko hamarraldian jadanik ez zen hari buruzko erreferentziarik.

San Juan aldeko ustiategi horrekin batera beste bat jarri zen martxan 1895. urte inguruan, hain zuzen ere, Arrubizarreko lursailetan, errepide nagusitik hurbil horiek ere75. San Juango eta Arrubizarreko lan horiek dira, beharbada, Izarreko eremuko ustiapenaren jatorria; hasieran, eremu hori alde batera utzi bazen ere, ustiatzeko arazoak baitzeuden, Sarasolatarrek, Malkorrako zainak ahitzen hasi zirenean, haren ustiapenari ekin zioten.

XIX. mendearen amaierako urte haietan, enpresaburu ospetsua zen Juan Martín Sarasola, eta 1888ko Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuen bere produktuekin. Nicolás de Bustinduyk, Erakusketa hari buruz idatzi zuenean, Sarasolak egindako eskoletarako arbelen, altzarien eta billar-mahaien kalitatea goresteaz gainera, enpresaren industria-instalazioak aipatu zituen, garrantzizkoak baitziren garai hartan. Aipatu zituen bertako harrobiak, baina baita arbela eraldatzeko, ebakitzeko eta leuntzeko tailerrak ere; instalazio haien artean zegoen, gainera, eskoletako arbelen markoak zerratzeko aroztegi bat76. Bustinduyk aipatzen dituen instalazio horiek, seguru asko, enpresak Beheko Kalen izan zituenak izango ziren –gaur egun desagertuak–; 1895. urteaz geroztik, instalazio haiek Malkorrako harrobietatik hornitzen ziren77.

Enpresak hazkunde urteak izan zituen XIX. mendearen amaieran, eta izugarri hazi zen bertan lan egiten zuten langileen kopurua78. Juan Martín Sarasola, 1901ean Itsasondoko industria-kontribuzioan alta emanda agertzen dena79, udalerriko enpresaburu garrantzitsuena izatera iritsi zen. Haren harrobi eta tailerretan jardun zuten Itsasondoko eta inguruko herrietako langile gehienek.

Oparotasun-garai horretan, XX. mendearen hasieran, hartu zuten Juan Martín Sarasola Goitiaren bi semeek, Juan Bautista eta José Manuel Sarasola Zalacaínek hain zuzen, enpresaren zuzendaritza, eta, horrela, ibilbide berri bati ekin zioten Hijos de Juan M. Sarasola izenarekin. 1924an erregistratu ziren izen berriarekin Merkataritza Erregistroan80. Garai horretan bertan, enpresa hura Sozietate Erregular Kolektibo gisa erregistratuta zegoen, 250.000 pezetako kapitalarekin; arbelaren harrobiak eta arbela lantzeko tailerrak ziren enpresaren jarduera-eremuak, eta bertako ekoizpen gehiena Gipuzkoatik kanpo eramaten zen, bai Espainiara bai atzerrira81. Familia-enpresa hark izan zuen garrantziaren erakusgarri da 1920ko hamarraldian enpresak zituen instalazioak: arbela eraldatzeko helburua zuten 700 metro koadroko eraikinak, 250 metro koadroko lursailak, eta bulegoak Itsasondoko Kale Nagusian. Garai horretan, Sarasolatarren enpresan 80 langile zeuden, 77 gizonezko eta 3 emakumezko, eta horien soldatak 115.000 pezetakoak ziren, urteko82; kopuru horrek erakusten du, halaber, zenbateko hazkundea eta garrantzia izan zuen arbelaren ustiapenak aurreko mendearen hasieran.

Hijos de Juan M. Sarasola enpresak berebiziko garrantzia izan zuen Itsasondoko garapenean, udalerriaren motor eragile izateagatik ez ezik –Itsasondoko eta inguruko biztanle aktibo gehienak bertan lan egiten zuten, Echeverría y C.ª enpresako langile kopuruaren oso gainetik, azken horretan 10 edo 12 langile baino ez baitzeuden–, energia elektrikoaren erabileraren sustatzaile ere izan zelako. 1925. urtetik aurrera, sozietate hura izan zen Ribera eta Goierri (Itsasondon) auzoetako energia elektrikoaren banatzailea83, eta, horretarako, bere fabrikak hornitzeko ur-jauzian –geroago meategiak ere hornituko zituena– soberan gelditzen zen energiaz baliatzen zen84. Energia elektrikoa ekoizteko, lau turbina izan zituen enpresak: Ordizian bat, “Tximista” izenaz ezaguna, Jazinta-Enean beste bat, Goiko Errotan, Beheko Errotan beste bat, eta laugarrena, gaur egun Jaso garabi-enpresak dituen lurretatik hurbil. Turbina horiek elikatzeko, bi presa zituen Itsasondoko udalerrian, Beheko Errotan bata eta Goiko Errotan bestea85. Instalazio horien guztien artetik, Tximista zentrala (Ordizian) izan zen garrantzi handien izan zuena, bertan ekoizten zena Sarasolatarren arbel-ustiategiak hornitzeko baino ez baitzen erabiltzen. Horretarako, 3.500 metro luze zen linea bat zuen, eta zentraletik irteten bazen ere, arbelen lantegira ez ezik, Izarreko –El Ángel de la Guarda kontzesiokoak– eta Malkorrako –Santa Bárbarako kontzesiokoak– meatzeetara ere iristen zen, eta era horretara, ustiapen osoaren hornidura elektrikoa bermatzen zuen86.

XX. mendearen lehenengo hamarraldiak, beraz, oparotasun handiko urteak izan ziren, eta enpresa hazi eta sendotu egin zen. Edonola ere, 1934. urteaz geroztik, krisi ekonomikoarekin batera eta arbelak amerikar merkatuan saltzeko ezintasunaren ondorioz, zailtasunak hasi ziren Hijos de Juan M. Sarasola enpresan. Gerra Zibilean, José Manuel espetxeratu egin zuten, eta oztopo handia izan zen egoera hura enpresaren garapenarentzat, galera ekonomiko handiak jasan baitzituen.

Enpresaren langile kopurua aztertuta oso ondo uler daiteke zenbatekoa izan zen Itsasondoko arbelaren industriari horrenbesteko kalteak eragin zizkion krisia. Ikusi dugunez, 1934. urteaz geroztik, langileen lanaldia murriztu egin zen, eta astean lau egun baino ez zituzten lan egiten. Hala eta guztiz ere, 1935ean enpresak 148 langile zituen87, eta 1936an, gerrak eztanda egin baino lehentxeago, 96ra murriztu zen kopuru hori; denak gizonezkoak ziren, eta horiei bulegoetako bi enplegatu erantsi behar zaizkie. 1936ko uztailaren 18tik 1939ko abuztuak 12ra, hau da, Gerra Zibilaren urteetan, langile kopurua gehiago murriztu zen: hiru enplegatu eta 40 langile, horietatik 19 gizonezkoak eta 21 emakumezkoak88.

Zailtasun horien guztien ondorioz, beharbada, 1940ko hamarraldian, Juan Martín Sarasolaren oinordekoek banantzea erabaki zuten, zein bere aldetik hasteko. Juan Bautista eta haren oinordekoak aire zabaleko ustiategi batean hasi ziren, Arriaranen (Beasain), Pizarrerías Mendizabal enpresaren sorburu89; José Manuel eta haren semeek, aldiz, Itsasondon jarraitu zuten, eta 1943an Icharrialde, Malkorra eta El Ángel de la Guardako harrobiak erregistratu zituzten90.

Garai horretan, nolabaiteko egonkortasun ekonomikoko aldia hasi zen enpresarentzat, eta instalazioak eta arbela erauzteko teknikak berritu zituzten. Enpresak berreskuratu egin zuen aurreko urteetako ekoizpen-gaitasuna, eta 65 langile edukitzera iritsi zen (50 gizonezko eta 15 emakumezko)91, langile espezializatuak gehienak. Edonola ere, 50eko hamarraldiaren amaieran, krisi ekonomiko berri batek eragin zion Itsasondoko arbelen negozioari, eta behin betikoa izan zen hura; 50eko hamarraldiko azken urteetan, Malkorrako meatzeetan, esate baterako, garai batean 90 langilek lan egin zuten hartan, hamabost langile baino ez ziren gelditzen92.

1969an José Manuel Sarasola hil ondoren, haren semeek, Sarasola Martínez anaiek, enpresaburuak bere testamentuan adierazitakoari jarraituz, Elkarte Anonimo bihurtu zuten enpresa, arbelaren harrobiak eta hobiak ustiatzen, industrializatzen eta merkaturatzenjarraitzeko helburuarekin93. Edonola ere, 1970eko hamarraldiaren hasieran, behin betiko itxi zen enpresa, eta arbelaren ustiapena amaitu egin zen Itsasondon, hainbat faktore erabakigarriren ondorioz94: azken urteetan, inbertsio izugarri handiak egin behar izan zituen; arbelaren merkatua mugatuta gelditu zen, plastikoa eta beste material isolagarriak sortu zirenean; eskoletako arbelak zaharkituta gelditu ziren, material sintetikoen mesedetan; Pizarrerías Mendizabal enpresaren lehia, aire zabalean ustiatzen zutenez, errentagarritasun handiagoa lortzen baitzuten.

Meategiko argazkia

Sarasolatarren meategiak. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

    1. Erauzketa: meatzeak

Hijos de Juan M. Sarasola sozietateak hainbat meatze mugatu zituen Oria ibaiaren ezkerraldean. Zaharrenak Malkorra inguruan ustiatu ziren, eta familiaren baserriaren inguruan hasi zen jarduera, Larregin hain zuzen ere. Horrela mugatu ziren Santa Bárbara eta San Gregorio meatzeak. Gero, Izarreko ingurua ustiatu zen, eta enpresa itxi zen bitartean egon zen zabalik. Izarreko kontzesio garrantzitsuena El Ángel del a Guarda meatzea izan zen, nahiz eta aurretik beste batzuk ere mugatu zituzten, hala nola Arrubizarrekoak, San Juan inguruan. Gainera, badakigu, Sarasolatarren dokumentuei esker, Oria ibaiaren eskuinaldean, Azubian eta Tunelalden ere izan zutela kontzesioren bat, hala nola Santa Ana edo Asunción meatzeak.

Santa Bárbara eta San Gregorio meatzeen mugapea. Malkorra.

Eremu horretan ekin zionJuan Martín Sarasola Goitiak meatzaritzako jarduerari, 1877. urte inguruan95; hasieran, Larregi baserriaren inguruak ustiatu zituen. Lehenengo lan haiek ez zuten, itxuraz, garrantzi handirik izan, 1880an inguru hartako herritar gehienek ez baitzekiten han inguruan arbel-hobiak zeudenik ere. Are gehiago, agirietan, Malkorrako ingurua “serbal, otadi eta haitzez”96 beteriko lurra zela esaten da, eta ez da bertako meatzeei buruzko erreferentziarik egiten.

XIX. mendearen azken urteetan, Malkorra inguruko jarduera izugarri hazi zen, eta XX. mendearen hasieran, laurogeita hamar langilek baino gehiagok lan egiten zuten meatzeetan97.

Hala ere, Malkorrako meatzeak ez ziren Santa Bárbara eta San Gregorio izenekin erregistratu hainbat urte igaro ziren arte, José Manuel Sarasola Zalacaín, sortzailearen semea, enpresaren zuzendaria zela. Zehazki, Santa Bárbara 1940ko urtarrilaren 10ean erregistratu zen98, eta San Gregorio handik egun batzuetara, urte bereko urtarrilaren 26an99. Bi meatze horietatik bigarrena zen txikiena, 250.000 m2 baino ez zituen. Bestalde, Santa Bárbarakoak 410.000 m2-ko eremua hartzen zuen100, eta hori izan zen Malkorra inguruko kontzesiorik garrantzitsuena.

Santa Bárbarako meatzea ustiatzeko makina ugari erabili ziren: motorrak, konpresoreak eta ustiategirako energia elektrikoa lortzeko transformadoreak –meatze-sarbide bateko eraikin txiki batean gordetzen ziren–, zerrak eta mailuak –arbel-blokeak erauzteko erabiltzen zirenak–, dibidietak eta polipastoak, blokeak mugitzeko, eta bagonetak eta garraiorako bideak101.

Malkorrako ustiategietako produktibitatea XX. mendearen erdialdean nabarmen jaitsi bazen ere –arbel-zain onenak ahitu egin baitziren–, enpresa erabat itxi arte iraun zuten zabalik, hau da, 1971. urtea arte. Santa Bárbarako kontzesioa 1981eko apirilaren 3an iraungi zen behin betiko102.

 

Arrubi–zar–aldea meatzearen mugapea. San Juan.

Malkorrako meatzeez gainera, Juan Martín Sarasolak arbel-harrobi eta -meatze berriak zabaltzeko lekuak bilatu zituen, XIX. mendearen amaieraz geroztik. Larregi baserri inguruko harrobiak 1877an jarri ziren martxan, eta 1895ean Sarasolak berak Arrubi–zar–aldea izeneko gunean arbela ustiatzeko baimena eskatu zuen. Gune hori San Juan ermitatik hurbil eta Madrildik Irunerako errepide zaharraren alboan zegoen103, oso gune aldapatsuan.

Ustiategi horri buruzko datu gehiagorik ez dago, izan ere, berehala baliogabetu bide zen, ezin baitzen ustiatu bide publikoa hartu gabe104. Edonola ere, arbel-ustiategi berriak bilatzeko eta ustiatzeko kudeaketa horiek izan bide ziren Izarreko meategi eta harrobien sorburua; Sarasolatarrak 1925. urte inguruan hasi ziren inguru hartan lanean.

El Ángel de la Guarda meatzearen mugapea. Izarre.

Izarreko eremua Oria ibaiaren ezkerraldean dago, Itsasondo eta Ordizia arteko mugatik hurbil. Sarasolatarrek Izarren zituzten ustiategi batzuetako meatzaritza-lanetarako guneak Ordiziako lurretan zeuden.

1927. urteaz geroztik dugu Izarreko harrobien berri, urte horretan agertzen baita agirietan meatzeetako poliziek ustiategira egindako lehenengo bisita105; beraz, pentsatzekoa da inguru horretan, 1920ko hamarraldiaren hasieran hasi zituztela lanak, arbelaren industriak goraldia izan zuen garaian hain zuzen ere. Goraldi haren ondorioz, hobi berriak bilatu zituzten Sarasolatarrek.

Malkorran bezala Izarren ere, galerien bidez ustiatzen zen arbela, hau da, lurpean lan egiten zen. 1927an hiru galeria zeuden inguru hartan: goikoa 400 m zen luze, eta 14 langilek egiten zuten lan bertan; tartekoa, 380 metrokoa zen, eta 12 langilek ziharduten; eta behekoa txikiagoa zen, eta langile kopurua aldakorra zen. Erauzketa garestiena azken galeria horretakoa zen, arbel-blokeak errepidearen mailara eramateko garabiak behar baitziren. Hilean 80 tona arbel erabilgarri baino gehiago ekoizten zen106, eta Gerra Zibilak eztanda egin arte egon zen martxan107.

Gerra amaitu zenean, Izarreko paraje horretan El Ángel de la Guarda meatzea erregistratu zen; edonola ere, seguru asko ustiategia legeztatzeko erregistratu zen berriro meatzea. 1940ko urtarrilaren 8an izendatu zuen José Manuel Sarasola Zalacaínek; 40.000 metro koadroko azalera zuen108.

Malkorrako meatzeetan gertatu bezala, Izarreko ustiategiek arbela erauzteko behar zen guztia zuten, baita hormigoizko bi etxola ere, konpresorearentzat bata eta transformadorearentzat bestea; azken horri esker, meatzearen barruraino iristen zen elektrizitatea109.

Kontzesioa enpresa itxi zen arte egon zen zabalik, hau da, 1971. urtea arte, eta 1980ko urriaren 31n itxi zen behin betiko110.

Santa Ana eta Asunción meatzeen mugapea. Azubia.

Aurretik esan bezala, Sarasolatarren meatzaritza-lanak ez ziren Oria ibaiaren ezkerraldera mugatu, ibaiaren beste aldean ere izan zituzten ustiategiak, Azubia eta Tunelalde guneetan, hain zuzen ere.

Lan horiei buruzko lehenengo erreferentziak 1909. urteaz geroztikoak dira, hain zuzen ere, Juan Martín Sarasola saiatu zenean Oria ibaian, Errentarialde izeneko gunean, burdinbidearen tunelaren sarreraren parean, zubi bat egiten, bagonetak igaro zitezen111.

Hala eta guztiz ere, Sarasolatarren izenean zeuden eremu horretako meategien mugapeak ez ziren Gerra Zibila amaitu arte hasi, eta ez zuten asko iraun, Echeverría y C.ª enpresaren salaketen ondorioz kontzesioak baliogabetu egin baitziren 1941ean112.

Sarasolatarrek Azubian inskribatu zuten lehenengo meategia Asunción izan zen, eta haren erregistroa 1939ko abenduaren 26an eskatu zen. Lurpeko galeria bidezko ustiategia zen, eta 40.000 m2-ko eremua hartzen zuen113. Handik bi urtera, 1941eko otsailaren 27an, Santa Anako meategia erregistratu zen, 260.000 m2-ko eremuarekin, Itsasondo eta Altzaga artean.

Lantegiko argazkia

Sarasolatarren lantegietako bat. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

    1. Eraldatzea: lantegiak

Hijos de Juan M. Sarasola izan zen Itsasondoko arbelgintzaren eremuko enpresa garrantzitsuena, bai langile kopuruari dagokionez bai ekoizpen-bolumenari dagokionez. Haien instalazioak Echeverría, Luluaga y C.ª enpresari buruz aipatutako tailer sakabanatuen ereduaren araberakoak ziren, eta ekoizpen-prozesuari buruzko atalean azaltzen da zehatz-mehatz: udalerrian lursail gutxi zeudenez, arbela eraldatzeko jarduerak hainbat gunetan sakabanatuta gelditzen ziren, bai harrobian bertan bai Oria ibaian zehar eraikitako guneetan. Enpresak lau tailer izan zituen guztira, eta horietan ekoizpen-prozesuko hainbat fase egiten ziren, eta denak Hijos de Juan M. Sarasola enpresaren menpe bazeuden ere, ez zuten izen bera. Tailer zaharrena Pizarrerías Sarasola izenez ezaguna zen, gaur egun desagertua, eta Beheko Kalen zegoen, Sarasola Enea etxearen alboan; ia garai berekoa da Fabrika Zaharra, Izarren. Hura izan zen arbel-zirien jatorrizko lantegia, eta gaur egun haren hondakinak baino ez dira gelditzen. Ekoizpen-premiak handitu ahala, instalazioak ere osatu egin ziren tailer berriekin; Ibarra errota zaharra erabili zuten berriro, eta Pizarrerías Ibarra izeneko gunea sortu zen, gaur egungo frontoia dagoen leku berean zegoena. Azkenik, zenbait lan osagarri Jaso garabi-enpresa gaur egun dagoen lekuan zeuden tailerretan egin ziren –gaur egun jadanik desagertuak–, eta Pizarrería Guipuzcoana izena hartu zuten. Jarduera sakabanatzeko eredu hori, Itsasondoko arbelgintzan ohikoa izan zena, aurreko mendeko 50eko hamarraldia arte egon zen martxan; urte horietan, ordea, eraldaketaren inguruko jarduera osoa leku bakar batean jartzea erabaki zen, eta, horretarako, eraikin berri bat egin zen Ibarran, arbelgintzako tailerra eta zerrategia kokatzeko. Gaur egun, tailer horrek zutik dirau, nahiz eta beste erabilera industrial batzuk dituen.

Instalazio horiek bi eraikin osagarrirekin osatu ziren, Kale Nagusian biak: batetik, Fernando Eneako bulegoak, Izaskun Ostatuan berrerabili zirenak gero, eta, bestetik, zentral elektrikoa, Zentral Etxea izenaz ezaguna, enpresako makinak konpontzeko tailer bihurtu zena eta, gaur egun, Gureak Taldeak erabiltzen duena.

Meategietan eta lantegietan energia edukitzeko, hainbat presa izan zituzten Oria ibaian, eta baita zentral elektriko bat ere Ordizian, Tximist izenez ezaguna114; gaur egun, osagai horiek guztiak desagertu dira.

Sarasolatarrek arbela eraldatzeko izan zuten lehenengo tailerra –Pizarrerías Sarasola izenekoa eta gaur egun desagertua– Beheko Kalen zegoen, hainbat etxebizitzen alboan. Atzeko fatxada Oria ibaira begira zegoen, eta fatxada nagusiak, berriz, Beheko Kalera ematen zuen; fatxada nagusitik sartzen zen instalazioetara. Seguru asko, gune horretan 1877an enpresa sortu zenetik beretik egongo zen han tailer bat, baina ez da 1924. urtea arte haren egiaztapenik izan, Hijos de Juan M. Sarasola enpresak Merkataritza Erregistroan izena eman zuen arte, alegia; ordurako, sortzailearen oinordekoek zuzentzen zuten enpresa. Garai horretan, tailerra modernoa zen, ezin hobeto atondua arbela eraldatzeko; bertan egiten zituzten eskoletarako arbelen taulak zein markoak. Lan horietarako, lantegian bi turbina zeuden, 25 HP-koak, eta horien bitartez mugitzen ziren makinak, era honetara atonduak: lau zerra biribil, arbela lantzeko lau makina, beste bi zerra biribil, zintako zerra bat, biribiltzeko bi makina, buruxkari bat, eta bi tupi, egurrezko markoak egiteko115. Makina horiek guztiak eraikin berean zeuden. Eraikinak egurrezko egitura zuen, eta harri lanezko hormak; soto batez –turbinak zeuden bertan–, etxabeaz eta solairu altu batez –makinak zeuden bertan– osatua zen.

Urteen joanean, noski, instalazioak berritzen joan ziren, eta gero eta tresna gehiago eta hobeak jarri ziren arbel-blokeak eraldatzeko. Pizarrerías Sarasolaren tailerrean 35 langile edukitzera iritsi ziren116, eta 1957an makina gehiago eta askoz ere konplexuagoak erabiltzen zituzten. Era horretara, data horretarako lantegian makina hauek zeuden: bederatzi zerra arbela ebakitzeko, bi guraize lan hori bera egiteko, bi makina arbela lantzeko, bi makina automatiko zerrak zorrozteko, arrabotatzeko sei makina, bost zulagailu, bost leungailu, bi zulagailu elektriko, esmeril makina bat, bolazko bi errota, eskuko bi garabi, orga bat esmeril diskoarekin eta ehungailu bat, arbel-blokeak ebakitzeko. Makina horiek guztiak martxan jartzeko, tailerrak transformadore bat, motor bat eta hiru transmisio zituen117.

Sarasolatarren fabrika

Sarasolatarren fabrikaren alboan zegoen ur-aprobetxamendua. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Motor horientzako indar eragilea bi ur-aprobetxamendutatik zetorren, Oria ibaian: lantegiaren alboan zegoen bat, eta 34 m luze eta 1 m altu zen presa bat zuen; eta bestea, lehenengotik 44 m-ra zegoen, ibaian behera, 34 m luze eta 1 m altu zen eta 1,90 m-ko jauziko presa zuen118.

Gaur egun, Pizarrerías Sarasola enpresaren instalazio horiek desagertuta daude, eta etxebizitzak eraiki dira horien lekuan. Oria ibaia desbideratzearen ondorioz, desagertu egin dira lantegian baliatzen ziren presen eta ur-jauzien hondakinak; beraz, horien oroitzapena baino ez da gelditzen gaur egun.

Enpresaren lehenengo instalazioetako bat Fabrika Zaharra izenaz ezagutzen zen (ikus 1. fitxa). Izarren zegoen, eta bertan egiten ziren arbel-ziriak, eskolatako arbeletan idazteko erabiltzen ziren arkatzak, eta baita arbela txikiak ere. Leku ezin hobean zeuden horretarako, El Ángel de la Guarda kontzesioko meatze-sarbidean, ustiategiaren mailarik baxuenean.

Lantegia, tailer txiki baten erakoa, solairu bakarreko eraikin bakun bat zen, eta ez zuen 200 m2-ko eremua baino gehiago hartzen. Egurrezko egitura zuen, hormak harlanduzkoak eta estalkia arbelezkoa.

Sarasolatarren Fabrika Zaharra

Sarasolatarren Fabrika Zaharra, Izarren. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Tailer hori Izarreko gunea ustiatzen hasi zirenean hasi zen martxan, seguru asko, enpresaren zuzendaritza Juan Martín Sarasolarengandik haren oinordekoen esku gelditu zenean, 1924. urtean, hain zuzen ere. Hala adierazten dute eraikinaren ezaugarriek, eta baita haren kokalekuak eta ekoizpenak ere, Sarasolatarrekin enpresa abian jarri zenetik egiten baitzituzten arbel-ziriak. Edonola ere, lantegi horri buruzko dokumentu bakarra 1957. urtekoa da, eraikina Ondasunaren Erregistroan inskribatu zenekoa, alegia119.

Aipatutako dokumentu horretan bertan azaltzen da zer makina zituen tailerrak. 50eko hamarraldiaren amaieran honako makina hauek zeuden tailerrean: bost zerra biribil, hainbat neurritako arbel-blokeak ebakitzeko, 3 tonako diferentzial bat –T habearekin–, eskoletako arbela lantzeko bi makina, arbelak ebakitzeko guraize bat, arbel-ziriei forma zilindrikoa emateko bi makina, zerra biribilak zorrozteko makina bat, eta ardatz-transmisio bat, txirrika eta motorrarekin, aipatutako makina guztiak mugiarazteko120.

Gaur egun, Fabrika Zaharra erabat abandonatuta dago. Enpresa itxi zenean erabat galdu zuen baliagarritasuna, eta kanpoko hormak baino ez dira gelditzen, Izarreko meatze zaharren sarbidearen alboan.

Sarasolatarrek ekoizpenerako erabiltzen zuten instalazio garrantzitsuena Pizarrerías Ibarra izenekoa izan zen (ikus 58. fitxa). Enpresaren hasieratik bertatik kokatu ziren bertan eskoletako arbelen zurezko markoak egiteko tailerrak eta zerrategiak. Geroago, 1955. urte inguruan, leku horretan bertan hormigoi armatuko eraikin berriak eraiki ziren. Gaur egun oraindik zutik dirauten eraikin haietan bildu zen enpresaren ekoizpen-jarduera osoa, ordu arte hainbat kokalekutan sakabanatuta zegoena.

Jatorriz, Pizarrerías Ibarra enpresaren instalazioak gaur egun Itsasondoko frontoia dagoen lekuan zeuden, N-I errepide zaharraren eta Oria ibaiaren artean. Orube horretan, antzina, errota bat zegoen, Ibarra errota, eta hortik datorkio, hain zuzen ere, lantegiari izena. Errota hori XX. mendearen hasieran bihurtu zen Pizarrería Ibarra, 1904. urte inguruan. Lantegia, hasieran, 34 akzioz osatutako sozietate bat izan zen, eta akzio horietatik 18 Juan Martín Sarasolarenak ziren, 9 Juan Martín Echeverríarenak eta 7 José Manuel Izaguirrerenak. 1914an, J. M. Sarasolaren partaidetzak haren semeei eman zitzaizkien, eta 1917an Hijos de Juan M. Sarasola sozietatean jarri ziren. Haren oinordekoek gainerako akzioak erosi zituzten hurrengo urteetan, eta, era horretara, 1919an Hijos de J. M. Sarasola sozietatearen esku gelditu zen lantegia osorik121; aurrerantzean, hark ustiatu zuen, 1971. urtean behin betiko itxi zen arte.

Aipatu bezala, instalazio horietan egiten ziren Pizarrerías Sarasola enpresak, Beheko Kaleko tailerrean, lantzen zituen arbelentzako egurrezko markoak. Lan hori egiteko, Pizarrerías Ibarraren tailerrean arrabotatzeko hiru makina eta zerra biribil bat zeuden, 1924an; turbina batek eragiten zituen horiek guztiak122. Instalazio horiei atxikita, zerratoki bat zegoen, eta han, zerrendako beste bi zerra zeuden, turbina batek eta korronte jarraituko dinamo batek mugiarazten zituenak123.

Instalazio haiek energia elektrikoa izan zezaten, arbeldegiak 2,15 m-ko ur-jauzi bat zuen Oria ibaian, Ibarra errotaren azpiegitura hidraulikoaz baliatzen zena. Ura ibaitik hartzen zen, harrizko presa baten bitartez: 32 m luze, 2 m altu eta 1,60 m lodi zen urtegia. Presa horren ezkerraldeko horma-bularretik abiatzen zen ura, zuzeneko hargune baten bitartez, turbina zegoen tresnen esparrura; era horretara, ehotzeko harri zaharrak ordeztu ziren. Energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen zen ura Oria ibaira isurtzen zen berriro ere, ezkerraldetik, ubide gangadun baten bitartez. Ubidea 50 m luze eta 3,3 m zabal zen124.

Arbeldegiko tailerra garrantzizko industria-instalazio bat zen, eta 1.265 m2-ko eremua hartzen zuen. Solairuan, lau nabe elkarri atxikiak zituen, hormak harlanduzkoak ziren, eta habe nagusiak hormigoizkoak; horien gainean bermatzen zen teilatuko egurra eta arbelezko estalkia. Gainera, bazegoen oin baxuko pabiloi bat, 1.086 m2-ko eremu estali bat hartzen zuena. Egurraren zerrategia eta tailer mekanikoa edo konponketen tailerra zeuden bertan, eta baita eraikin txiki bat ere, makinak konpontzeko. Azken horrek etxabe bat eta ganbara txiki bat zituen; harlanduzkoa zen, egitura egurrezkoa zuen, eta estalkia, berriz, arbelezkoa125.

Instalazioak osatzeko, etxebizitza-etxe zahar bat zegoen, sotoa, etxabea, bi solairu eta ganbara zituena. Azkenik, zaintzailearen etxea zegoen, antzinako errotaren eta ura husteko ubidearen gainean; sotoa eta logela bat zituen, harlanduz eraikia zen, egurrezko egitura zuen eta arbelezko estalkia126.

Eraikin horiek guztiak elkarri lotuta zeuden, unitate bat osatzen zutela; tailerrek helburu industrialak zituzten, eta etxebizitzak enpresako langileentzako ziren.

Jatorrizko lantegi hura, egurrezko egitura zuena, 1955eko azaroaren 12an erre zen127. Haren lekuan, lehen aipatu bezala, instalazio berriak eraiki ziren, eta haietan, egurrezko markoak egiteaz gainera, ordu arte sakabanaturik zeuden tailerretan egiten ziren jarduera guztiak bateratu ziren.

Instalazio berriak 1960ko hamarraldian eraiki ziren. Eraikin horiek, beraz, aurretik zeudenen oso bestelakoak ziren, gehienak XX. mendearen hasieran eraiki baitziren. Su-garrak erabat kiskalitako jatorrizko egurrezko egituraren ordez, hormigoi armatuko beste eraikin batzuk jarri ziren, estalki lauarekin eta itxitura-hormak hargin-lan igeltsuztatukoak. Egitura hobetzeaz gainera, lantegiko instalazioen baldintzak ere hobetu ziren, eta arreta berezia jarri zen barrualdeko argietan eta aireztapen-sisteman; hori dela eta, leiho handiak izan ziren eraikin berrietako fatxaden protagonistak128.

Horiek dira Sarasolatarren bost arbel-lantegiei dagokienez oraindik zutik dirauten instalazio bakarrak. Erabilera industriala dute, gaur egun, eta hainbat tailerrek erabiltzen dituzte. Itsasondoko frontoi berriak, 1989an jatorrizko Ibarra lantegiaren leku berean eraiki zenak, “errota” toponimoari eutsi dio, garai batean han egon zen errotaren eta bertan egurrezko markoak egiten zituen lantegiari eman zitzaion izenaren oroitzapenez.

Sarasolatarrek arbela eraldatzeko Itsasondon zituzten instalazioak Pizarrería Guipuzcoana lantegi desagertuarekin osatzen ziren, eta gaur egun JASO garabi-enpresak hartzen dituen orubeetan zegoen129. Pizarrería Guipuzcoana ez zen jatorriz Hijos de Juan M. Sarasola enpresarena izan, José Manuel Sarasola Zalacaínek erosi zuen XX. mendearen erdialdean130, eta une horretan iritsi zuen enpresak ekoizpen-mailarik handiena.

Instalazio haietan gordetzen ziren arbel-lauzak garraiatzeko meategietan erabiliko ziren kableak. Kable horiei “estropu” esaten zieten langileek, eta txatarraren prezioan erosten ziren, portuetan, itsasontzietan bazterrera utzitakoak izaten baitziren. Pizarrería Guipuzcoana enpresaren tailer zaharretan estropuak konpondu eta harrobi eta meatzeetan erabiltzeko behar ziren neurrira ebakitzen ziren131.

Multzoak zentral elektriko bat eta biltegi bat zituen, eta inguruan 510 m2-ko orube bat. Eraikina 770 m2-koa zen; etxabe bat besterik ez zuen, hormak harlanduzkoak ziren, eta estalkia arbelezkoa. Oso eraikin bakuna zen, Itsasondoko gainerako arbel-lantegien oso antzekoa, beraz.

Energia elektrikoa lortzeko, tailer hartan 800 litro ur lortzen ziren segundoko, Oria ibaitik, 2,90 m altu zen ur-jauzi baten bitartez.

Eraikina bera zein ur-jauzia desagertu egin ziren 90eko hamarraldian, Oria ibaia bideratzeko lanen ondorioz. Gaur egun, aurretik esan bezala, orube haiek JASO enpresaren jabetzakoak dira.

1940ko hamarraldian, Sarasolatarrek zentral elektrikoa jartzeko eraikin bat egitea erabaki zuten: Zentral Etxea (ikus 59. fitxa). Bertan zeuden enpresaren lantegi eta tailerretara elektrizitatea eramateko gasogenoak; hiru langilek jarduten zuten lan horretan132. Denboraren joanean, jatorrizko gas-motor handien ordez, motor eraginkorragoak eta trinkoagoak jarri ziren, eta konponketak egiteko tailer mekaniko bat jarri zen eraikin hartan bertan.

N-I errepide zaharraren eta Oria ibaiaren artean dago eraikina, eta hartara ematen du eraikinaren atzealdeko fatxadak. Eraikin horrek etxabe bat zuen, eta harlanduzko hormak eta hormigoi armatuko sabaiak zituen; bertan jarri ziren, hasieran, gas pobreko bi multzo –energia sortzeko, markoak egitetik sobratzen zen egurraz baliatzen ziren–, zegozkien motor alternadoreekin, eta indarra banatzeko koadroa, transformadorearekin133. Solairu horren gainean beste bi solairu zeuden, enpresako langileentzat; adreiluzko hormak, egurrezko egitura eta arbelezko estalkia zituen. Hari itsatsita, solairu bakarreko biltegia zegoen, hormigoi armatuko estalki lauarekin, eta haren azpian zeuden gasogenoak eta zerrauts-biltegiak. Biltegi hori ibaia bideratzeko horma baten gainean zegoen bermatuta, Oria ibaiaren ertzean, hain zuzen ere.

Zentral Etxea

Zentral Etxea. ITSASONDOKO UDAL ARTXIBOA, sig. 329

Gerraondoko urteetan, zentral gisa erabili zen eraikina, erregaiak lortzea oso zaila zenez, gas pobreko multzoak ezinbestekoak ziren energia sortzeko. Urritasun garaien ondoren, gasogenoak oso handiak zirenez, ez ziren oso eraginkorrak, eta haiek erabiltzeari utzi zitzaion; orduan, zentralaren eraikina tailer mekaniko gisa erabiltzen hasi zen, eta han konpontzen ziren Sarasolatarren lantegi eta meatzeetako makinak.

Gaur egun, enpresa itxi ondoren, Gureak Taldeak erabiltzen du zentral zaharra.

1950eko hamarraldian Fernando Enea etxea eraiki zen (ikus 60. fitxa), eta bertan jarri ziren bulegoak eta zuzendariaren etxebizitza134. Itsasondoko hirigunean dago, N-I errepide zaharraren alboan; Legorreta aldera horixe da udalerriko azken eraikuntzetako bat.

Eraikinak 200 m2-ko eremua hartzen du, eta hormigoi armatuz egina da. Etxabe bat, haren gainean beste bi solairu eta ganbara bat ditu, eta lau isurkiko estalkia du, arbelezko teilaz egina135. Enpresako gainerako eraikinetan bezala, material hori aukeratzeko irizpidea enpresa-estrategia zela esan liteke, izan ere, bulego haiek enpresaren irudia baitziren Itsasondon.

Enpresa itxi zenean, Fernando Eneako bulego eta etxebizitza zaharrek galdu egin zuten beren funtzioa; saldu eta Izaskun Ostatua bihurtu ziren, eta horrela ezagutzen dira gaur egun oraindik ere.

    1. Enpresaren etxebizitzak136

Meatzeetako eta lantegietako instalazioez gainera, Hijos de Juan M. Sarasola enpresak hainbat etxebizitza-eraikin zituen, Itsasondoko udalerrian banatuta, eta haietan bizi ziren enpresako langileak.

Haien artean nabarmentzekoa zen Sarasola Enea (ikus 44. fitxa). Etxebizitza-eraikina bat zen, eta bere garaian Sarasola Arbeldegiari atxikita zegoen, hau da, enpresaren lehenengo arbel-fabrikari atxikita; Beheko Kalen zegoen, eta, gaur egun, ia-ia jatorrizko itxura bera duen etxebizitza-eraikina dago bertan. Etxabean enpresaren hainbat areto zeuden, eta goiko solairuetan langileak bizitzeko etxebizitzak zeuden. Eraikitzeko, Sarasola Enea etxeari solairu bat erantsi zitzaion, lantegia eraiki aurretikoa baitzen, eta horrez gainera, Intxaurrondo etxeari beste bi solairu erantsi zitzaizkion; era horretara, etxabea eta 3 solairu zituen eraikin berri bat egin zen, etxe haren ondoko baratzean. Era horretara, 3 atal atxikiz osatutako eraikin bakar bat osatu zen; estalkia uniformea zen, multzo osoa hartzen zuen, eta sarrerako atariak eta Beheko Kalera joateko eskailerak estaltzen zituen. Eraikina harlanduz egina zen, egitura egurrezkoa zuen, eta estalkia teilazkoa. Etxabea eta 3 solairu zituen erakinak, eta solairu bakoitzean 4 gela zeuden, lehen esan bezala, enpresako langileek erabiltzen zituztenak. Etxearen lehenengo solairua eta errepide nagusi berria lotzen dituen hormigoi armatuko bi igarobide ditu, Oria ibaia hazten denerako eraikiak.

Sarasola Arbeldegiaren beste aldean, hainbat solairuko eraikin bat zegoen atxikita, hura ere enpresako langileentzat eraikia (ikus 45. fitxa). 400 m2-ko eraikina da, eta bi etxebizitza ditu. Hari itsatsita beste eraikin bat dago, funtzio hori bera betetzen duena. 80 m2 ditu solairuko, eta, jatorrian, etxabea –animalien korta gisa erabiltzen zena– eta solairu altu bat –etxebizitza batekin, enpresako langileentzat– zituen.

Helburu hori bera izan zuen Zelatxo izenaz ezagutzen zen etxeak; errepidearen alboan zegoen, harlanduz egina zen, egitura egurrezkoa zuen eta estalkia teilazkoa; etxabea, lehen solairua eta ganbara zituen.

Itsasondoko zenbait baserri ere, hala nola Otamendi Garaikoa, Otamendi Azpikoa eta Otamendi Ondoa, enpresarenak izan ziren, eta enpresako langileentzako etxebizitzak prestatu ziren haietan guztietan.

Azkenik, badaude bi etxebizitza-eraikin aipatzeko modukoak, 50eko hamarraldian eraikiarazi zirenak eta gaur egun oraindik dirautenak, jatorrizko ia itxura berarekin: Arbeletxe (ikus 56. fitxa) eta Pakeleku (ikus 55. fitxa). Horietako bakoitzak lau etxebizitza zituen, eta inguruan, lursail txiki bat, baratza edo lorategia jartzeko.