Arbelaren meatzaritzaren eta eraldaketa-jardueraren historia Itsasondon
Arbelaren inguruko jarduera 1860ko hamarraldian hasi zen Itsasondon, Ferrocarril del Norte zela-eta Itsasondo eta Legorreta bitartean egiten ari ziren lanetan, Oria ibaiaren eskuinaldeko bazterrean, arbel-hobiak aurkitu zirenean, itxura denez.
Hamarraldi horren aurretik, udalerriaren ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen soil-soilik, eta baita abeltzaintzan ere, baina azken hori garrantzi gutxiagorekin. XIX. mendearen hasieran, industria-ekoizpena oso txikia zen, hiru errota, bi sutegi eta hargintzaren eta burdinaren eraldaketaren alorreko tailer txiki batzuetara mugatzen zen. Mendearen amaieran hainbat saio egin ziren meatzeak ustiatzeko, burdina eta beruna ateratzeko bereziki, baina ez zen garrantzizko emaitzarik lortu7.
1856an, Ferrocarril del Norte enpresaren lehenengo memoria eta aurrekontua erredaktatu zenean, burdinbideak gurutzatuko zuen lurraren azterketa geologiko bat egin zen, eta azterketa horri esker jakin ahal izan zen hareharriak zeudela Telleriarten, burdina Zerain-Mutiloan eta arbela Itsasondon8. Azterketa horrek eman zuen, seguru asko, Azubiako hobien berri, Oria ibaiaren eskuinaldean; nahiz eta tradizioaren arabera, Compañía de los Caminos del Hierro del Norte de España konpainiako langile frantsesak izan ziren, Itsasondo eta Legorreta arteko 265 metroko tunela egiteko lanetan ari zirela, arbela aurkitu eta haren ustiapenak etekinak ekar zitzakeela iradoki zutenak9.
Iparraldeko burdinbidea iritsi zenean eta Oria ibaiaren eskuinaldean Tunelalde eta Azubiako hobiak aurkitu zirenean, Itsasondok bertako jarduera ekonomikoari beste norabide bat emateko aukera izan zuen, eta nekazaritzaz gainera, arbela erauzteko eta eraldatzeko jarduerei ekin zitzaien. Ildo horretatik, urte horietan beretan Gipuzkoako hainbat udalerritan izandako eraldaketaren antzekoa gertatu zen Itsasondon ere: baliabide ekonomikoen bilaketa, industria-jarduera espezializatuen bitartez. Hala, metalurgia –Deba ibaiaren bailaran– edo paper-lantegien pilaketa –Oria ibaiaren ubidean– dira espezializazio horren emaitza, eta baita Itsasondoko meatzaritza eta arbelaren manufaktura ere.
1860. urterako, lau arbelginen izenak zeuden idatzita Itsasondoko industria-kontribuzioetan10: José J. Sarasola, Ibarraren etxean, 12. zkia.; José Joaquín Múgica, Campoena etxean, 20; Mateo Luluaga, Oramuño Txiki 21; eta Francisco Echeverría, Azubia 19. Azken hirurek Echeverría, Luluaga y C.ª enpresa osatu zuten, eta 1890. urterako beren izenean erregistratu zituzten Altaburuko bidabearen lurrak (Altzagako jurisdikzioan), arbela ustiatzeko11.
Itsasondoko harri industrial horren ustiapena XIX. mendearen azken hamarraldietan sendotu zen. Juan Martín Sarasola Goitiak (Echeverría, Luluaga y C.ª enpresarekin batera, arbelaren alorreko garrantzizko beste enpresaburuak) urte horietan ekin zion jarduerari, 1876. urte inguruan hain justu, familiaren Larregi baserriaren inguruan.
Lehenengo urte horietan ere izan ziren arbelaren jarduerarekin lotura izan zuten beste izen batzuk. Horietako bat Ignacio Muguruza izan zen. 1898an, kontzesio bat eskatu zuen, Oria ibaitik segundoko 800 litro desbideratzeko, 2 metro garai izango zen ur-jauzi txiki batekin, harlauza eta arbela zerratzeko tresna baten indar eragile gisa, Intxaurreta izeneko gunean12. Manufakturarako ustiategi txiki horrek martxan jarraitzen zuen XX. mendearen lehenengo urteetan13, eta 1906an agertu zen, azken aldiz, Itsasondoko industria-kontribuzioetan14.
Edonola ere, eta noizean behin beste izen batzuk agertzen badira ere15, 1910ean bi enpresa zeuden alor horretan martxan: Juan Martín Sarasola eta Echeverría y C.ª. Biek zuten beren jabetzako ur-jauzia16, biak baitziren, garai hartan, Itsasondon arbelaren jardueraren historiako izen nagusiak.
XX. mendearen hasierako hamarraldi horietan sendotu zen, hain zuzen ere, arbelaren negozioa Itsasondon. Mendearen lehenengo urteetan, udalerrian asko ugaldu ziren aipatutako bi enpresek ustiatutako meatzeen kontzesioak. Hurrengo lerroetan zehaztuko badugu ere zehazki zein izan zen kontzesio horien banaketa, oro har, Oria ibaiaren eskuinaldeko hobiak ustiatu zituen Echeverría y C.ª enpresak, Azubian, eta, aldiz, Hijos de Juan M. Sarasola enpresak Malkorra eta Izarreko lurretan lan egin zuen, Oria ibaiaren ezkerraldean, alegia.
Arbelaren ekoizpenari buruzko atalean ikusiko denez, arbela erauzteko eta eraldatzeko prozesua konplexua zen, eta Itsasondoko udalerrian, ez zen dena leku berean egiten, sakabanatuta baizik. Meatzeetatik ateratzen zen arbela ustiategiko bertako manufaktura-lantegietan eraldatzen zen lehenbizi, mendien mazeletan, alegia. Eraldaketa-prozesua bailararen hondoko lurretan amaitzen zen, Itsasondoko hirigunean bertan, ibaiaren ibilguaren ondoan eraikitako lantegi eta tailerretan. Tailer txiki eta ertainak ziren, Oria ibaiaren ibilbidean zehar sakabanatuta zeudenak; ibarraren behealdean lursail egoki gutxi zeudenez, ezin ziren bertan lantegi handiagoak eraiki. Era horretara, arbela eraldatzeko lantegi handi bat zen Itsasondo, eta lantegi haren atalak sakabanatuta zeuden, udalerriaren maila garaienetatik hasi –bertan zeuden hobiak eta lehen eraldaketako tailerrak– eta ibarraren hondoraino –bertan zeuden tailerrak–. Era horretara, bi izan baziren ere arbelaren negozioan jardun zuten enpresa garrantzitsuenak, Itsasondon askoz ere tailer gehiago izan ziren –era askotako izendapenekin–. 1920ko hamarraldian, esaterako, arbelaren hiru tailer zeuden, eta Gerra Zibilaren aurreko urteetan, bost izatera iritsi ziren. Lantegi horietan –Hijos de Juan M. Sarasola eta Echeverría y C.ª enpresen jabetzakoak denak–, arbel asko ekoizten zen, eskoletarako, billarretarako, elektrizitateko xafletarako eta, beste hainbat arbela mota, eraikuntzarako17. Itsasondoko arbelak oso aintzat hartuak izan ziren, eta gehienak, Gipuzkoatik kanpo esportatzen ziren, Espainiako hainbat lekutara zein Europara eta Ameriketara18.
Oparoaldi ekonomikoko lehenengo urte horien ondoren, izugarrizko krisia etorri zen, ordea, eta 1930eko hamarraldian iritsi zen krisia mailarik larrienera, Gerra Zibila lehertu zen arte. Krisi hura, gainera, ez zen arbelaren sektorera mugatu; Gipuzkoako jarduera ekonomiko oro hartu zuen, maila handiagoan edo txikiagoan.
Itsasondoren kasuan, krisiaren lehenengo berriak 1933. urtekoak dira, hain zuzen ere, udalerrian oro har, eta baita arbelaren industrian ere, kalte handiak eragin zituzten uholdeak izan ziren urtean. Aldi berean, enpresaburuek beren produktuak atzerrira, bereziki Hego Amerikara, ezin esportatu zituztela aipatzen zuten, merkatuak itxi egin zirelako19, eta horrek oso modu negatiboan eragin zuen udalerriaren ekonomian, oro har. Kontuan hartu behar da 30eko hamarraldian Itsasondoko langile gehienek, 135 langile baino gehiago20, arbel-meatzeetan eta -lantegietan lan egiten zutela21.
Hamarraldian aurrera egin ahala, gainera, egoerak okerrera egin zuen eta asteko lan egunak murriztu egin behar izan ziren, ezin baitziren bertako produktuak atzerrian saldu. Lanik ezaren ondorioz, 1934an 5 egun baino ez ziren lan egiten, eta horrela jarraitu zuten 1936. urtea arte; azken horretan, lan egunak astean 4 egunera murriztea ere proposatu zen22. 1936. urtean lan eskasia izugarria zen arbelaren industrian, eta Itsasondoko udal erroldan ere ikus daitezke horren ondorioak: urte horretan hiru familiek eman zuten baja, eta baita hainbat partikularrek ere, langabezia zela-eta23.
Gerra Zibilaren eztandaren ondorioz, egoerak ez zuen, logikoa denez, onera egin, eta arbel-lantegien jarduera ia erabat eten zen borroka urteetan. Edonola ere, 1939. urtean susperraldiaren arrastoak atzeman ziren, eta urte horren amaiera aldera, ekoizpena suspertu egin zela egiazta daiteke; nahiz eta ez zen gerraren aurreko langile kopurura iritsi24.
Berrogeiko hamarraldia, nahiz eta gerraondoko egoera zaila zen, egonkortasun ekonomikoko aldia izan zen, eta ekoizpenak nabarmen egin zuen gora; egoera horri onura atera zioten, noski, Itsasondoko industrialariek. Hala ere, 1953ko uholdeek ondorio larriak eragin zituzten Itsasondoko enpresetan, eta inbertsio handiak egin behar izan ziren25. Inbertsio horien ondorioz, eta handik gutxira hasi zen krisiaren ondorioz, erabat hondoratu zen arbel-enpresen ekonomia. 1955. urtetik aurrera, Itsasondoko arbelgintzaren krisiak ez zuen atzerakorik26: ekoizpen-baliabideak eta langileen segurtasun-baliabideak hobetzeko egin behar ziren inbertsioei ekiteko ezintasuna; plastikozko osagaiak nagusitu eta arbelezko isolatzaileak baztertu egin ziren; eta errentagarritasun handiagoko ustiategiak eta prezio hobeak eskaintzen zituzten lehiakideak sartu ziren merkatuan. Horrek guztiak Itsasondoko arbelgintzaren amaiera ekarri zuen27, 1970eko hamarraldiaren hasieran.