Itsasondoko ingurunearen deskribapen geografikoa eta geologikoa
Itsasondo Goierri eskualdeko udalerria da, gutxi gorabehera Gipuzkoako Lurralde Historikoaren erdigune geografikoan kokatua. Oria ibaiak gurutzatzen du, eta ibai horren alde banatara kokatzen da: Murumendiren mazelan, ibaiaren ezkerraldeko ertzean, eta Altzagamendiren mazelan, eskuinaldeko ertzean. Legorretarekin eta Bidaniko lursail batzuekin du muga iparraldean; Ordizia eta Zaldibiakoekin hegoaldean, Gaintza eta Baliarraingoekin ekialdean, eta Beasaingoekin mendebaldean. Honako hauek dira Itsasondoren koordenatu geografikoak: 1° 31' 05" longitudea eta 43º 04' latitudea. Hirigunea udalerriaren hegoaldean dago, Oria ibaiaren ezkerraldean; 8,9 km2 ditu guztira, eta bi zatitan banatuta dago: batetik, hirigune aglomeratua, N-1 errepide zaharraren bi aldeetara, ibarraren hondoan, 132 metrora, gutxi gorabehera; eta, bestetik, han hemen sakabanatutako baserriak, Murumendiren H-ko eta HE-ko magaletan, 400 metrora bitartean.
Hirigunea Oria ibaiaren jalkin-eremu baten gainean dago eraikita. Inguruko lursailek hareharria-kareharria-buztina segidako flysch egitura osatzen dute. Herriaren iparraldean kareharrizko argilitez osatutako sailak azaleratzen dira, kareharrizko mailatxoekin, aldian behin2. Ikuspegi geologikotik, sistema liasikoan3 kokatzen da udalerria. Sistema horren osaera, Gipuzkoan, oso mugatua da, kareharri konposatuak, buztintsuak, gris urdin ilunak, eta arbel kaliferoez4 osatutako zenbait gune baino ez daude. Itsastondo industriak azken horiek ustiatu ditu, hain zuzen ere.
Arbel horiek, berez, kareharri oso konpaktatuak dira, Behe Kretazeoan azaleratuak (Aptensea); kareharri ilunak dira, geruza finetan, homogeneotan eta trinkoetan antolatuak, eta kaltzio karbonato asko dutenak (CO3Ca). Arbelaren ehundura dute, eta, kanpotik, kareharri baten antza baino gehiago arbelaren antza dute. 'Arbel' horiek ezin dira teilak egiteko erabili, hain zuzen ere, kaltzio karbonato ugari dutelako, eta, horren ondorioz, harria zuritu egiten delako urarekin kontaktuan jartzen denean, eta eguzkiarekin, berriz, tabakoaren kolorea hartzen dute5.
Harri industrial horren ustiapenak Gipuzkoan ez du bolumen handirik izan; are gehiago, Gipuzkoako ekonomian izan duen lekua anekdotikoa izan da. XX. mendean zehar, Gipuzkoa osoan egon dira arbel-meatzeak eta harrobiak; era horretara, Itsasondokoekin batera, 1907an hainbat meatze zeuden martxan, oso maila txikian bazen ere: Alegian (Langatu), Oiartzunen (Añarre), Donostian (Arroka), Tolosan (Txarama) edo Billabonan (Ulegun). Handik urte batzuetara, 1923an, meatze txiki horien artetik Itsasondokoak eta Billabonakoak baino ez zuten martxan jarraitzen, eta, horiez gainera, silizezko arbelen bi harrobi Eibarren (Isasi eta Errasti); azken horietako harria eraikuntzarako erabiltzen zen6.
Gipuzkoako industria-jardueraren bilakaeraren ondorioz, jarduera dibertsifikatzeko eta espezializatzeko bilaketa etengabearen ondorioz, ustiatu da Goierrin –eta zehazki Itsasondoko eta Beasaingo udalerrietan– arbela, modu jarraituan, eta nolabaiteko garrantzia izatera ere iritsi zen.
Edonola ere, arbelaren ustiapenak ez du ez Euskal Herrian ez Gipuzkoan gaur egun oraindik jarduera horrekin jarraitzen duten beste eremu batzuetan izan duen garrantzi historikoa. Europan, Bretainiako eta Galeseko eskualdeak, tradizioz, arbelaren ekoizleak izan dira. Espainian, bestalde, arbelak garrantzi nabarmena izan du zenbait eremutako herri arkitekturan, esate baterako Aragoiko eta Kataluniako Pirinioetan, eta geroago, gaur egun Galizian –batez ere Ourensen– eta Gaztela eta Leonen –bereziki Zamoran eta Leonen– bizirik dirauen industria-ustiapenean. Hala eta guztiz ere, arbelaren ekoizpen hori eraikuntzaren sektorera bideratua da bereziki, eta sektore hori ez da Gipuzkoako arbelen merkatuen artean egon; gipuzkoar arbelek kolorea galtzen dute egurats zabaleko eragileen ondorioz, eta, horregatik, ez dira erabilera horretarako egokiak.