Baliabide geologikoen ustiapena: Gipuzkoako meatzaritzaren historia
Gipuzkoako meatzaritza bigarren mailako jardueratzat hartu izan du historia ekonomikoak; gainera, jarduera horrek Bizkaian izan duen garrantziarekin alderatuta, berretsi egiten da baieztapen hori. Gauza jakina da meatzaritza ez dela funtsezko sektorea izan Gipuzkoaren garapen ekonomikoan; lurralde horren aurkezpen-gutuna ez da, hain zuzen ere, meatzeen aberastasuna izan.
Gipuzkoako burdinolak, hainbat mendez, Somorrostrotik (Bizkaia) edo Castro Urdialestik (Kantabria) iristen zen mineralaren zergadun izan ziren. Somorrostroko mineralari dagokionez, historian zehar etenik gabe hornitu da bertako meaz, XVII. mendearen amaieran izan ezik, denboraldi labur batez debekatu egin baitzen haren esportazioa. Zalantzarik gabe, Bizkaiko zaina garbiagoa zenez, bertan lortzen zen burdina kalitate hobekoa zen, eta oso estimatua; hori dela eta, Gipuzkoatik etengabe eskatzen zen hango mea. Barrualdeko burdinolek, Bizkaiko truke-ibilbideetatik urrun zeudenek, beren inguruko zainetatik ateratzen zuten mea, eta horien artean nabarmenak ziren Udana, Zerain-Mutiloa-Legazpi eta Aiako Harrietakoak. Azken horretatik hornitzen zituzten Hondarribiko burdinola gehienak eta Oiartzun eta Nafarroako batzuk, nahiz eta, “itsasoko zaina” deituaren hornikuntza-aukerak kontuan hartuta, bietatik nahasten ziren.
Edonola ere, horrek guztiak ez du esan nahi Gipuzkoan ez zenik erauzketa-jarduerarik. Beharbada, ez zen garrantzi handiko jarduera izan, emaitza kuantitatiboei dagokienez; jarduera horretan lanean ziharduten herritarrak edo erauzten ziren mea tonak ez ziren, beharbada, erabakigarriak Lurralde Historiko horren ekonomiarentzat. Ezin esan daiteke hori bera, ordea, Gipuzkoako meatzaritzaren inguruan egindako jarduerei buruz: inbertsioak, ahaleginak, aukerak, azpiegiturak, sortutako konpainiak… horiek guztiak faktore erabakigarriak dira Gipuzkoako historia ekonomikoa eta industriala ulertzeko.
Gipuzkoako bazter guztiak arakatu ziren, erromatarren garaiaz geroztik, ustiatzeko meatze-baliabideen bila. Eta inoiz ez badira ere irrikaz bilatzen ziren zain handiak aurkitu, Gipuzkoan, lurpean, aberastasun geologiko handia dagoela ikusi da: burdina, kobrea, lignitoa, beruna eta zinka, metalen artean, eta buztinak, marmolak, kareharriak, gatz arrunta, igeltsuak eta arbelak, harri industrialen artean. Horiei guztiei esker, antzinatik ustiatu zuten bai bertakoek bai kanpotarrek lurpetik erauzten zuten mea.
Atal honetan, Gipuzkoaren ezaugarri geologikoetako batzuk azalduko ditugu, labur-labur1, horien bitartez azaltzen baitira gure meatzeen ustiapenaren historiaren zer-nolakoak.
Alderdi geologikotik, burdin mearen meatze nagusiak Era Primarioko eta Kretazeoko egituretan aurkitu dira. Era Primarioko egituretan Miazuri zaina ustiatu zen, Aiako Harriaren iparraldeko magalean, Irungo udalerrian. Granitoaren (horma) eta arbel primarioen (sabaia) artean zegoen kontaktuzko zaina zen. Ustiatzen zen mea siderosa zen, kareharrizko eta kuartzozko gangarekin. Zain hura, XX. mendearen hasieran egindako kalkuluen arabera, 4 metro zen lodi azaleratze garaienetan, eta, beherago, zabaldu egiten zen, 14 edo 16 m bitarte, 250 metroko lur eten batean; 20 m-ko 5 solairuren bitartez ustiatu zen. Arditurriko multzoak, Oiartzunen, lau zain zituen, eta horietan garrantzitsuenak, San Joaquín zuen izena: 500 metroko luzeran ikusten zen, H. 30 º M norabidean, okerdurarekin E. 30º H-an eta 70º-ko makurdurarekin. Zain horren iparraldean, faila handi bat zegoen, eta ondoren, beste hiru zeuden, meheagoak eta lehenengoaren norabide berean.
Berastegiko jurisdikzioan, Bizkotz mendian, udalerriaren hirigunetik 5 kilometrora, siderosa zain-geruza multzo bat zegoen, Paleozoikoko arbelen artean. Horien artetik garrantzitsuena Casualidad meatzekoa zen: batez beste 10 m lodi eta 250 m luze zen, eta, mende hasieran, altuera erabilgarria 125 m-koa zuen.
Gipuzkoako egitura kretazikoan, garrantzizko burdin haztegi multzo bat zegoen Zerain eta Mutiloa artean. Egitura kretazikoaren beheko zatia, hareharriek eta margazko arbelek osatzen zuten, eta haien gainean zeuden kareharri trinkozko masa etenak. Meek kareharrietako arrakalak betetzen zituzten, eta harri haiek ordezkatzen zituzten, baina azpikoetan sartu gabe. Zerainen bi zain ezagutzen ziren, San Blas eta Aristimuño izenez ezagunak. Mutiloan bereziki bi zain ustiatu ziren, Barrenola eta Troy izenekoak, E-tik M-rako norabidea zutenak; lehenengoa 150 m-ko luzeran ikusten zen, eta batez beste 20 metro lodi eta 40-50 metro altu zen. Horrez gainera, buztin lurrezko eremu handia zegoen, burdin aleekin, kareharrietako barrunbe irregularrak betetzen zituena; txirtera izenaz ezagutzen dira barrunbe horiek.
Garrantzi gutxiagoko beste burdin hobi batzuek poltsak osatzen zituzten kareharrietan, Ernio mendian esaterako, edo bestela, ofitekin batera egoten ziren; azken horiek oso emaitza kaskarrak eman zituzten.
Berun eta zink meei dagokienez, Gipuzkoan blenda (zinkezko sulfuroa) eta galena (berunezko sulfuroa) zuten hainbat zain ustiatu ziren egitura primarioan. Oiartzunen, blenda siderosarekin batera agertzen zen, bereizketa egin beharreko kopuruan; beste zain batzuetan, blenda eta galena fluor-espatoarekin batera agertzen zen. Paleozoikoko eremutik kanpo, Mutriku, Errezil eta Kataberako (Legazpi) meatzeak eta Zerain eta Legorretakoak nabarmentzen ziren.
Gipuzkoako paleozoikoko egituran, aurkitu zen kobrea zenbait zainetan, bereziki piritak, eta burdin meatze gisa ustiatzen ziren zenbaitetan, siderosa kobre koloreko piritarekin batera agertzen zen, inoiz ez, ordea, kontuan hartzeko moduan. Eremu paleozoikotik kanpo, Aralar Mendilerroko hobia da nabarmenena; XVIII. mendean ustiatu zen batez ere.
Lignitoak Aizarna (Zestoa) eta Hernani inguruan izan zuen garrantzia, eta oso kalitate onekoa ez bazen ere, kare hidraulikoa eta zementua egiteko erabiltzen zen, Ibañarrieta inguruko margak baliatuz (kalitate oneko kareharria, erraz izoztu daitekeena).
Gipuzkoako meatzaritza, beste lurralde batzuetan bezala, oso antzinakoa da, nekazaritza eta abeltzaintza garatu eta, behin betiko, bat egin zuten garaikoa. Edonola ere, XIX. mendeaz geroztik lortu zuen meatzaritzak benetako garapena: XIX. mendearen hasieraz geroztik hurbildu ziren europar meatzariak eta metalurgialariak Gipuzkoara, ustiatzeko baliabide geologikoen bila.
Gipuzkoar kalaminak, probintzia osoan sakabanatuak, izan ziren Asturiasen kokatutako zinkaren industria jaioberriaren labeak hornitu zituzten lehenak, Real Compañía Asturiana de Minas izenekoaren eskutik; Urola Behereko edo Hernaniko lignitoa, berriz, erretzen zaila bazen ere, ezin hobea zen kare hidraulikoa eta porlana egiteko. Era horretara, Gipuzkoa izan zen estatuan produktu horiek gehien ekoiztu zituen herrialdea. Datu hori, bere horretan, nahikoa da meatzaritzako lanek lurralde horretan izan zuten garrantzi erlatiboa zenbatekoa izan zen erakusteko.
Eta testuinguru horretan ulertu behar da, hain zuzen ere, arbelaren ustiapena Itsasondon: baliabide geologiko horren ustiapenak Gipuzkoan eta Euskal Herrian, oro har, garrantzi aipagarririk lortu ez bazuen ere, udalerri horren garapena ia mende batez markatu zuen industria-jardueraren bultzada ekarri zuen, aurrerago ikusiko dugunez.