Otsalizarra (Sorbus aucuparia)
Normalean 10 m gainditzen ez dituen zuhaitza. Begiak ilaundunak, gutxi likatsuak edo batere ez. Hostoak inparipinatuak, 5-8 foliolo paredunak; hauek luzangak, ertzean zerratuak, gainaldean berde mateak eta azpialdean argiagoak. Loreak muturreko korinboetan, oso usaintsuak, petalo zurikoak eta 3-4 estilo tentedunak. Fruitua baia itxurako pomoa da, azal gorri leunekoa eta zapore mikatzekoa. Zelula petreorik ez du, edo edukitzekotan oso gutxi, eta karpeloen paretak papilazeoak dira. Neguaren zati handi batean zuhaitz gainean irauten dute, multzo ikusgarrietan, eta hegazti fruitujaleen elikadurarako oso garrantzitsuak dira.
Loraketaren eta fruitua ematearen garaia
Maiatzetik ekainera; fruituak iraila eta urrian heltzen dira.
Bizilekua
Pagadi eta hariztiak bezalako baso hostoerorkorretan, ale bakanetan edo zuhaitz unada txikiak eratuz, edo baita klima hezeko harkaiztietara igota ere, kare gabeko lurzoruetan hobeki.
Banaketa geografikoa
Europako zatirik handienean eta Asiako eta ipar mendebaldean banatua dago, zenbait subespezietan dibertsifikatua. Euskal Herrian, eragin atlantikoko aldean aurkitzen da, behin ere ez oso ugari, eta hegoalderuntz urrituz doa, klima mediterraneo nabarmeneko lekuetan erabat desagertu arte.
Erabilera eta bertuteak
Apaingarritzat landatuta izateaz gainera, bere fruituak txoriak ehizatzeko erabili izan dira, eta hortik bere izena (aucupor; txoriak ehizatu). Egurra, bere gogortasunagatik, marruskadura handia jasan behar duten piezetarako erabili izan da. Azal eta hostoaek tanino ugari dute eta larruak ontzeko erabili izan dira, fruituek, taninoez gainera, C bitamina ugari dute, eta hori dela eta gaitasun astringenteak eta antieskorbutikoak dituzte, eta mermelada eta pattarrak egiteko erabili izan dira.