Gurbitza (Arbutus unedo)
5 (12) m arteko zuhaixka edo zuhaitz txikia. Hostoak bakunak, larrukara samarrak, ilegabeak oinaldean izan ezik, berde biziak eta pixka bat lustredunak gainaldean, zurbilagoak azpialdean. Loreak muturreko panikula zintzilikarietan; eltze erako korola, zuria, sarritan berdez edo arrosaz tindatua. Fruitua baila biribildua, papila konikoz josia, kolore horixkakoa hasieran eta gorri edo laranjatsua heltzean.
Loraketaren eta fruitua ematearen garaia
Udazkenean edo neguaren hasieran loratzen da aurreko urteko fruituak heltzen diren aldi berea.
Bizilekua
Klima gozoa behar du, izozte gogorrik gabekoa, eta lurzoruarekiko nahiko ezaxola da, zoru fresko eta sakonak nahiago baditu ere.
Banaketa geografikoa
Mediterraneoa inguratzen duten herrialdeetan eta Europako mendebaldean hedatua dago. Euskal Herrian kostaldean da ugarien, barnealdean toki babestuetan azalduz; artadi, harizti karraskal, eta haien ordezko komunitateetan bizi da.
Erabilera eta bertuteak
Bere fruituak jangarriak dira, baina ongi heldutakoek alkohol pixka bat eduki ohi dute. Garai batean konfiturak eta mermelada egiteko, edo alkoholdun edariak eta ozpina lortzeko erabiltzen ziren. Hostoek eta azalak taninoak dauzkate, eta larruak ontzeko eta astringente bezala ere erabili izan dira, beherakoen eta disenteriaren sendagai. Egurra erregai bikaina da eta sustraietatik ere estimazio oneko ikatza lortzen zen.