Gorostia (Ilex aquifolium)
Zuhaixka edo zuhaitz txiki dioikoa, oso adarkatua, altueran 10 m artekoa (edo laboratzean gehiago), erabat ilegabea, kimu berri eta infloreszentziatan izan ezik. Adar tenteak, kolore berde bizikoak. Hostoak zurrun eta larrukarak, ertz uhindunean hortz arantzatsu sendoak dituzte, baina batzuetan adar altu edo ale zaharretan, ertza laua eta osoa dute; kolore berde ilunekoak, oso disdiratsuak gainaldean, argiagoak eta mateak azpialdean; txortena motza eta zapaldua. Loreak zuriak edo arrosatuak, sexubakarrak baina beste sexuko aztarnekin, galtzarbeko zimatan bilduak; sepaloak berdeak; petaloak oinean soldatuta; estanbreak 4, petaloetara soldatuta. Fruitua drupa bat da, kolore gorri bzikoa eta barnean 4 hezurtxo dituena.
Loraketaren eta fruitua ematearen garaia
Apiriletik ekainera; fruituak urrian heltzen dira eta, negua hotzegia ez bada, hurrengo udaberrirarte zuhaitzean irauten dute.
Bizilekua
Baso argi, sastrakadi eta mendel, heskai eta landatan bizi dira, lurzoru fresko eta heze, ez karetsuetan bereziki.
Banaketa geografikoa
Europako hego eta mendebaldetik, eta Txina arteko Asiako zati handi batean hedatua dago. Euskal Herriaren iparraldeko erdian zabalki banatuta dago, baso eta ordezko komunitateetan sakabanatuta, baina orokorrean ez du unada handirik osatzen
Erabilera eta bertuteak
Egurra, gogorra, astuna eta lantzen zaila du, torno eta ebanisterian preziatua. Bere enbor azaletiktxoriak ehizatzeko erabiltzen den lika lortzen da. Eguberritako apaingarritzat gehiegi ustiatu izan denez eta txorien neguko elikadurarako duen garrantzia ikusita, babes kategoria baten barruan sartu da, eta bere mozketa eta suntsiketa debekatuta dago.