Gereziondoa (Prunus avium)
30 m arteko zuhaitza. Hostoak erorkorrak, akuminatuak, ertzean krenatu-zerratuak, berde mateak gainaldean eta zertxobait iletsuak azpialdean. Loreak pedizelatuak, 2-6 aleko ginbail eserietan bilduta, eta hauen oinean braktea eskariosozko koroa bat dute; 5 sepalo; 5 petalo obobatu, zuriak; estanbreak ugariak eta pistiloa ilegabea. Fruituak drupa biribilduak; heldutasunean gorriak, beltzexka edo batzuetan horiak, arraza desberdinen arabera; gozoak edo mingotsak eta hezur ia biribil, leunekoak.
Loraketaren eta fruitua ematearen garaia
Hostoen agerraldeiarekin batera, martxo bukaeran edo apirilean; gereziak maiatzetik uztailera heltzen dira.
Bizilekua
Lurzoru fresko eta sakonen gainean, harizti eta pagadietan eta batez ere, hostoerorkorren baso mistoak zipriztinduz.
Banaketa geografikoa
Europa, mendebaldeko Asia eta Afrika iparraldeko zatirik handienean hedatzen da. Egile batzuen arabera, bere jatorria Asia mendebaldean dago; bestalde, aztarna arkeologikoek Europan kokatzen dute aintzinatik. Euskal Herriko kantaurialdean nahiko arrunta da, mediterraneo aldean urrituz, desagertu arte.
Erabilera eta bertuteak
Laborantzako gereziondoen barietate gehienen arbasoa da. Euskal Herrian, erdialdeko gune fresko batzuetan ere landatzen da, eta baita Ebro ibaiaren errriberako sail ureztatuetan ere, askotan Prunus mahaleb oinen gainean txertatuz. Gereziak oso fruta preziatua dira, eta bere txortenetatik infusio diuretiko bat lortzen da. Egurra, gogor eta astuna, ehundura finekoa, ebanisteria eta tornorako aproposa da, baina hezetasun aldaketak gaizki jasaten ditu.