Izarreko bira
Izarreko meategietara eramango gaituen bide laburra eta erraza da. Errekalde etxe aldera abiatuko gara. Bertako txabolen tartetik igaro eta gorantz doan bidea hartuko dugu, zig-zag eginez. Platanondoei jarraituz, Agarre baserrira doan errepidearekin topo egingo dugu. Hau gurutzatu eta parez pare dugun bidexkatik igoko gara. Ioiara doan bidea gurutzatu eta Izarreko minara doan pista jarraituko dugu. Bidea aurrera jarraituz, garai bateko meategien aztarnak ikusiko ditugu. Baso-bide beherantz joanda, bista politak ditugu: Zabale baserria, Txindoki mendia... Lukusain baserri erditik pasa eta San Juan ermitara iritsiko gara. Itsasondorako bidean Ibares baserria, errota eta zubia ikusgai dira eta pixka bat aurrerago, herrira iritsi baina 300 metro lehenago, adineko pertsonak kirola egiteko parkearekin topo egingo dugu.