Mustela lutreola

 

Izen arrunta: bisoi europarra (eus), visón europeo (es)

Familia: Mustelidae

Deskribapena: Neurri txikiko mustelidoa da. Eta, neurriari dagokionez, dimorfismo sexual nabarmenekoa. Ar helduen pisua 800 eta 1.000 gramoren artekoa da. Emeena, berriz, 400 eta 600 gramoren artekoa. Luzera, orotara, 540 milimetrokoa du, arren kasuan, eta 460 milimetrokoa emeen artean. Hiru hilabeterekin lortzen dute helduen neurria. Ilaje motza da eta kolorea marroi txokolatea dute. Goiko ezpaina eta behekoa zuriak dira. Hankak motzak dira, eta behatzen arteko mintzak osatu gabeak dira esku eta oinetan.

Bisoiaren jarduera egun osokoa da, nahiz eta, hein handi batean, ilunabar-gauetakoa izan batez ere. Etengabeko jarduera du urte osoan, neguko lorik gabea.

Habitata: erdi-uretakotzat hartzen dute bisoia, eta landare ugari dagoen ur ibilguetan, lakuetan, urtegietan, paduretan eta lursail zingiratsuetan bizi da. Espeziaren babestokiak eta etzateko lekuak sasien artean aurkitzen dira, adarrak eta enborrak metatzen diren lekuetan, kanaberadietan eta landare ugari dagoen tokietan. Sarritan, beste animalia batzuek egindako kofaguneak, zuhaitzen zuloak eta sustrai arteak erabiltzen dituzte, eta bertan hosto lehorrak, lumak eta ileak pilatzen.

Dieta karniboroa dute bizileku ondoko uretan eta ur ertzetan harrapatzen dituzten ornodunak zein ornogabeak jaten baitituzte. Harrapakin multzorik handiena ugaztun txiki, karramarro, arrain eta anfibioena da. Horiek dira espeziearen dieta nagusia, nahiz eta, neurri txikiago batean, hegaztiak, narrastiak eta beste ornogabe batzuk ere jan (uretako intsektu handiak, moluskuak).

Penintsulan egindako behaketek erakusten dute oso animalia lurraldekoiak direla, elkarren ondoan dauden ibai zati txikiak okupatzen dituztela eta sexu bereko animalien artean ez dagoela lehiarik. Eme helduek 2-7 kilometro arteko zatiak hartzen dituzte. Arrak, berriz, ibai zati handiagoetan ibiltzen dira, 6tik 15era, eta hor eme bat edo gehiago egon daiteke. Helduak bakarrik bizi dira, babestokiak partekatu gabe.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: bisoia oso eskasa da Itsasondon. Ibaiaren kanalizazioak eta ibaiertzeko landarediaren garbitzeak  bisoiarentzat egokiak diren habitatak suntsitu ditu.