Milvus migrans

Izen arrunta: miru beltza (eus), milano negro (es)

Familia: Accipitridae

Deskribapena: 48-58 cm arteko luzera du.

Bi sexuak itxura berdinekoak dira. Gorputza arrea, oso iluna goiko aldean eta arre-gorrixka bular eta sabelaldean. Buztanaren goiko aldea marroi-grisaxka eta apur bat urkila itxurakoa da. Beheko aldean, primarioak marroi ilunak ditu eta horien oinarria argiagoa da. Hego luze eta digitatuak ditu. Burua argiagoa da eta moko hori eta beltza du.

Habitata: espeziea eremu lauetan edo ez menditsuetan, zuhaiztiak eta eremu zabalak txandakatzen dituzten haran zabaletan ageri da batik bat. Ur inguruan bizitzea du gustuko, hezegune edo ibai-ibarretan. Horrelako inguruetan habia egiteko kolonia txikietan bildu daiteke. Habiak zuhaitzetan egiten ditu eta, itxuraz, ez da labarretan agertzen, nahiz eta beste hainbat lekutan hala egin. Maiz hondakinez elikatzen da eta, horrenbestez, zabortegiak erakargarriak izaten dira espezie oportunista honentzat.

Itsasondoko populazioak: oraingoz ale bakar batzuk ikus daitezke inguru hauetan. Kontuan hartu behar da azken urteetan espezie honen zabalkuntza ematen ari dela gure lurraldean.