Jynx torquilla

 

Izen arrunta: lepitzulia (eus), torcecuello (es)

Familia: Jyngidae

Deskribapena: tamaina txikiko hegaztia da, 15 cm-rainokoa. Kolorazio orokorra nabar-grisaxka da, eta orban arre bermikur finak ditu. Inguratuta dagoela uste duenean, burua modu deigarrian biratzen du. Babes-mekanismo gisa ulertu behar da. Hortik dator, hain zuzen, eman zaion izen arrunta. Burua nabarra da, eta lumen ertzak ilunak dira. Hegoen goialdea nabarra da, eta behealdea gorrixka-grisa. Buztanak marra gris eta nabarrak ditu. Bularra eta sabelaldea nabar gorrixkak eta marratuak dira. Mokoa eta hankak nabarrak dira.

Zuhaiztarra da; hala ere, batzuetan lurrean mugitu eta pausatzen da, bertan elikatzen baita.

Habia egiten du zuhaitzen zuloguneetan eta giza eraikinen hutsuneetan, eskuarki, garaiera baxuetan. Habia egiteko ez du materialik erabiltzen. Urtean errunaldi bakarra izan ohi du, zazpi eta hamar arrautza bitartekoa.

Intsektuak janez elikatzen da, ia inurriak baino ez ditu jaten.

Habitata: EAEn landazabal atlantiarra du habitat nagusi bezala, eta espezie arrunta da baso, hesi eta fruta-arbolen sail helduetan. Ingurune mota honek bere habitat-beharrak asetzen ditu, habia egiteko moduko zuhaiztiak eta inurriz elikatzeko moduko belardiak eskaintzen baitituzte. Eremu mediterraniarragoetan hosto erorkorreko hainbat baso motatan agertzen da, erkameztietan, eremu soilduetan eta baso-ertzetan batik bat.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: lepitzuliaren presentzia eskasa da Itsasondon. Larre eta lugorrien eskasia eta bere elikagai nagusia diren inurrien urritasuna izan daitezke honen arrazoia. Honetaz gain, habiak zuhaitz zaharren zuloetan egiten dituzte eta hauen presentzia ere ez da oso handia.