Arbel meategia, Itsasondo behin betiko eraldatu duen baldintza

Itsasondoko herria gaur egun ezagutzen dugun bezalakoa arbel meategiengatik da. 1870 inguruan eman zen horretarako lehen pausua, Norteko Ferrokarrilaren lanekin batera; Legorreta norabidean topatzen dugun lehen tunela egiten ari ziren garaian, arbela topatu zuten, kalitate onekoa gainera. Bertako ingeniari frantsesek hala jakinarazi zien itsasondoarrei, eta hortik hasi zen arbel ustiapenaren historia Itsasondon.

Echeverria Luluaga eta Konpainia hasi zen lehenengo Itsasondoko mendi hegal batean; herria bi mendi hegalen arteko ibar batean kokatzen da, eta beste hegalean hasi zen hortik pixka batera Juan Martin Sarasola arbela ateratzen. Honela Itsasondo konpetentziako bi meategien artean banatuta gelditu zen.

Aldaketa garaia

1929an Juan Martin Sarasola Sevillako Erakusketa Ibero-Amerikarrean egon zen bere produktuak erakusten. Halako arrakasta lortu zuen, ezen arbel alemaniarrarekin lehian egon zela prezio eta kalitateen neurrian. Baina krisi mundialak eragin zuzena izan zuen enpresan; horri gainera Juan Martin fundatzailea gaixotzea gehitu zitzaion. Azkenean Juan eta Jose Manuel Sarasolak hartu zuten meategien ardura.

Gerra Zibila igaro berria zen; Sarasolatarrak abertzale sutsuak ziren, eta hartara isun gogor bat jarri zien frankistek. Denborarekin makinaria berriak sartzen joan ziren, arbela ateratzeko makina sofistikatuak kasu. Baina horrek ere bere eragina izan zuen, sortzen zuten hautsaren ondorioz silikosia ekarrarazi baitzien herriko hainbat pertsonei. Meategiko istripuek hildako asko utzi zituen herrian baina baita gaixotasun honek ere.

50eko hamarkadan bi anaiak banatu egin ziren, eta Jose Manuelek jarraitu zuen Itsasondon. Bere heriotzean Imanol Sarasolak hartu zuen meategien kargua. Azkenean, 1970 inguruan enpresa itxi egin zen plastikoa sartu zelako, eta Galiziako arbela hobea omen zelako. Itsasondo hala ere betiko eraldatuta gelditu zen.