Itsasondo 2.0, 17. Zki.a
Usadio zaharrei jarraituz, udako solstizioarekin batera eguzkiaren ahalmena irudikatzeko ospatu ohi dugun San Juan bezperako suak aurten ere itsasondotar andana bildu ditu bere itzulian. Urteko gaurik motzena dena, gau magikoa da inondik ere eta suaren epelean, sardina erreak janez eta dantza eginez ospatu dugu herritarrok antzina antzinatik datorren ospakizun pagano hau.
Sugarrak itzaltzearekin batera ailegatu da, beraz, Itsasondo 2.0 herri aldizkari honen 17. alea, iraganeko kontu eta istorio zaharrak gogoratu eta gaurkotasunez beteriko gaiak gure artera zabaltzeko gogoz beste behin. Aurrerapen txiki bat baino ez den arren, zaharrak berri atalean apeaderoaren lekukotasuna jaso dugu eta elkarrizketen atarian, berriz, Artetxe baserriko seme den Mikel Aramendi kazetariarekin izaniko solasaldia aurkituko du irakurleak. Azken hilabeteotan herrian jazotakoak ere bildu nahi izan ditugu orrialde hauen artera. Honela, herriko Ijitu dantza elkarteak antolatutako Elkartopadantza jaialdia eta 8. aldiz ospatu den Goierriko eskola txikien jaia gogora ekarri nahi izan ditugu, baita gure herriko txikitxoenekin eskolatik zortzi herrialdetan barna abenturaz beteriko Nairobitarra bisitatzera eginiko irteera ere. Aranzadi elkarteak paisaiaren zaintzaile izan diren baserritarrak oroitu nahi izan ditu eta udalak landa eremuari bultzada eman asmoz abian jarri dituen ekimenak aipatzen dira. Kontu hauek eta gehiago jakin nahi badituzue... astindu aldizkaria eta gozatu Itsasondo 2.0-rekin!
Hurrengora arte eta bitartean kontent bizi!