Sarrera
1. Helburuak
Hiru helburu nagusi izan ditu lan honek. Lehenik, Itsasondoko udalerrian arbelaren erauzketaren eta manufakturaren jarduera aztertzea; horretarako, jarduera horrek ekonomian, gizartean, historian eta ondarean zer eragin eta ondorio izan dituen aztertu da. Bigarrenik, erauzketa- eta industria-jarduera hori lurraldearen ikuspegitik aztertzea, aipatutako jarduerak udalerriaren egituran utzi dituen aztarnak ezagutzeko eta aztarna horiek babesteko, balioa emateko eta horien berri zabaltzeko proposamenak egin ahal izateko. Azkenik, gure azterketa-gaiarekin lotura duen informazioa sistematizatzea, etorkizunean egingo diren jarduerak behar adinako bermeekin burutu daitezen.
Lana bukatuta, hasierako helburuak bete egin direla esan dezakegu: ikerketa-lanaren ondoren, hobeto ezagutzen dugu Itsasondon mea erauzteko eta eraldatzeko jarduerak izan duen historia, eta baita udalerriaren paisaia aldatu duten prozesu produktiboek eta jarduerek izan dutena ere. Udalaren egituran gelditzen diren ondare-osagaien eta erauzketa-eremuen erregistro zehatza egin da. Erregistro horri esker, ondare kultural hori babesteko proposamenak egiteko aukera izan dugu. Lortutako informazio guztia testu honetan aurkezteaz gainera, Acces formatuko datu-base batean sistematizatu da; era horretara, lan hau baliagarria izango da bai etorkizunean Itsasondoko jarduera industrialari buruz egingo diren ikerketen oinarri gisa, bai bertako ondarearen eta paisaia kulturalari buruzko jardueren oinarri gisa. Hori guztia ikerketa dokumentalaren eta azterketa arkeologikoaren oinarri izan den lan zorrotzari esker egin ahal izan da.
Metodologia
Atal honetan, egindako lanaren alderdi metodologiko garrantzitsuenak azalduko ditugu, labur-labur:
2.1 Dokumentazioa
Dokumentazioa izan da ikerketaren lehenengo fasea, eta horixe izan da, hain zuzen ere, geroztik egin diren jarduera guztien oinarria. Jon Mikel Aranok Itsasondoko udalari emandako materiala hartu da abiapuntutzat, ikerketa hutsetik ez hasteko eta ordu arte bildutako informazioa lan honi eransteko asmoz.
Material hori aztertu eta sistematizatu ondoren, hainbat artxibo kontsultatu dira, udalekoak, probintziakoak eta autonomia erkidegokoak. Ikerketaren zatirik handiena Itsasondoko Udal Artxibategian egin da, eta bertan, era askotako dokumentuak kontsultatu dira, hala nola: eraikuntza-txostenak, industria-zergak, medikuen eta istripuen txostenak, salaketak, udal aktak eta arbelaren alorreko udalerriko enpresekin zerikusia duten gutunak.
Bide horretatik bildutako informazioa osatzeko, Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Tolosako Protokoloen Artxiboa kontsultatu dira, eta hainbat gairi buruzko dokumentazioa erabili da: meatze-kontzesioak, errepideak, sistema hidraulikoak, energia, lehengaiak, galdeketa industrialak, matrikula industrialak, herritarren erroldak, etab.
Tolosako Jabetzaren Erregistroan Hijos de Juan M. Sarasola eta Echeverría y C.ª enpresen jabetzari buruzko dokumentazioa kontsultatu da, baita manufakturan jarduteko eraikinei, langileen etxebizitzei, ur-jauziei eta abarrei buruzkoa ere.
Bestalde, Euskal Herri Administrazioaren Artxibo Orokorreko Industria eta Meatzeen funtsak kontsultatu dira, eta Itsasondon arbelgintzaren alorrean jardun duten enpresen makinei eta meatze-kontzesioei buruzko informazioa bildu da bertan; orobat kontsultatu dira Meatzeetako Poliziaren erregistroak eta lan-gertaerei eta -istripuei buruzko informazioa.
Enpresei buruzko informazioa, hala nola sozietateen izenei eta nagusiei dagokienez izan diren aldaketak, etab. Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan bilatu da. Echeverría y C.ª eta Hijos de Juan M. Sarasola enpresen espedienteak begiratu ahal izan dira Erregistro horretan, bi enpresa horiek historian zehar hartu dituzten izen guztiak kontuan hartuta.
Azkenik, Euskal Kultura Ondarearen Zentroko (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila) datu-baseak kontsultatu dira, ondare industrialaren eremuan Itsasondon gelditzen diren osagaiei buruzko informazioa lortzeko.
Kontuan hartu dira, gainera, ikerketarako interesgarria izan litekeen material grafikoa, argazkiak bereziki, gordetzen duten artxiboak: Kutxa Fototekako funtsa, Ojanguren funtsa (Gipuzkoako Artxibo Orokorra) eta Pascual funtsa (Kultura Ondarearen Zentroa, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila). Edonola ere, informazio grafiko garrantzitsuena Itsasondoko Udal Artxibotik eta Sarasola familiaren argazki-bildumatik atera da. Gai horri dagokionez, bi funts horiek garrantzi handikoak direla aipatu behar da, bai argazkien kalitateari bai kopuruari dagokionez.
Artxibo horien kontsulta bibliografiaren azterketarekin osatu da, eta azterketa horretan, gaur egungo corpus bibliografikoko lan orokorrak zein artikulu espezializatuak sartu dira, baita argitalpen historikoak, garaiko prentsa eta aldizkariak, ere.
Lortutako informazio dokumental eta grafikoa fitxa informatikoen bitartez sistematizatu da, eta memoria honekin batera emango den Acces sistemako datu-basean sartu dira.
2.2 Landa-lana
Iturri dokumental, grafiko eta bibliografikoetatik jasotako informazioa bildu eta sistematizatu ondoren, lanaren bigarren faseari ekin zaio. Bigarren fase horretan, prospekzio arkeologikoaren metodologia erabili da.
Iturri horietatik guztietatik jasotako informazioak gidatu du prospekzio-lan hori. Aurreko fasean lortutako datuetatik abiatuta, Itsasondoko paisaiaren azterketa eta erregistroa egin da, arbelaren erauzketa, garraioa eta manufaktura zer lekutan egiten zen kontuan hartuta. Erauzketaguneei dagokienez, hiru eremu hartu dira kontuan: Azubia-Tunelalde, Echeverría y C.ª enpresaren meatzeak eta lehenengo eraldaketarako instalazioak zeuden gunea; Malkorra, Juan Martín Sarasolak ustiaketa-lanak hasi zituen gunea, eta Izarre, Malkorrako zainak ahitzen hasi zirenean Hijos de Juan M. Sarasola enpresak ustiatutako gunea. Ibarraren hondoa ere aztertu da, hau da, Itsasondoko hirigunea, bertan eduki baitzituzten enpresa haiek beren tailerrak eta instalazio osagarriak.
Gune horietan Itsasondoko industria-jarduerari loturiko egiturak eta osagaiak identifikatu eta banan-banan erregistratu dira, bertako paisaia kulturalaren interpretazio zuzena egiteko helburuarekin. Erregistroaren barruan, osagai edo gune interesgarri guztien deskribapen zehatza egin da, argazkiak egin dira, eta mapan kokatu dira.
Datuak biltzeko fase horiek (dokumentazioa eta landa-lana) amaitu ondoren, jarduerari lotutako osagaien eta horiek interpretaziorako dituzten aukeren balorazioa egin da. Datuekin eta balorazioarekin, osagai bakoitzeko ondare-fitxa bat erredaktatu da, eta bertan, alderdi hauek zehaztu dira: identifikazioa, tipologia, dagokion meatze-kontzesioa eta enpresa, deskribapena eta babesteko eta zabaltzeko proposamenak. Fitxa horiek, ondareari dagokionez interesa duten eremuen arabera ordenatuta, dokumentu honetan bertan azaltzen dira, Itsasondoko paisaia kulturalaren azterketa egiten den atalean, hain zuzen ere. Horrez gainera, osagai horiek guztiak memoria honekin batera aurkeztutako planoan zehaztu dira.
2.3 Ahozko informazioa
Itsasondoko udalerriaren iragan industrialari buruzko ikerketa honen alderdi funtsezkoenetako bat memoria eta meatzaritzak eta arbelaren eraldaketak bertako herritarrengan, enpresaburuengan eta enpresa horietako langileengan utzi dituen oroitzapenak berreskuratzea izan da.
Meatzaritzaren eta industriaren historia dokumentu idatzietatik zein hondakin materialetatik abiatuta azter daiteke, baina ikerketa honek ez luke zentzurik izango iturri horiek bakarrik hartuko balitu kontuan, historia horretan protagonista izandako asko bizirik baitaude oraindik. Gai horri dagokionez, aipagarria da Jon Mikel Aranok bere bekarako bildutako dokumentazioa, eta horixe izan da, hain zuzen ere, ahozko informazioaren azterketa egiteko abiapuntua. Horrez gainera, beste elkarrizketa batzuk ere egin dira, lanaren aurreko faseetan lortutako ikuspegia zabaltzeko helburuarekin.
Ahozko iturri horietatik abiatuta lortutako datuak ere sartu dira ikerketa-lan honetan. Horrez gainera, elkarrizketa interesgarrienak Itsasondoko meatzaritzaren eta arbelaren eraldaketaren memoriari eta oroitzapenari eskainitako atalean sartutako fitxetan erantsi dira, modu laburtuan.
2.4 Informazioaren sistematizazioa eta behin betiko dokumentuaren erredakzioa
Aurreko ataletan azaldu bezala, lortutako informazio guztia datu-base batean sistematizatu da, Acces sistemaren bitartez. Datu-base horretan, hainbat taula sortu dira, informazio bibliografikoa, artxiboetako informazioa, dokumentu grafikoak eta ahozko dokumentuak biltzeko. Bilaketak eta informazioaren kontsulta errazago egiteko asmoz, taula guztietan gako-hitzen eremu bat sortu da, eta bertan sartu dira fitxen edukiari dagozkion termino garrantzitsuenak.
Landa-lanaren bitartez ondareari buruz lortutako informazioari dagokionez, beste era bateko fitxak erredaktatu dira, interesguneen arabera ordenatuta (Azubia-Tunelalde, Malkorra, Izarre eta hirigunea). Ondarea osatzen duten osagai guztietan zehaztu da zer enpresari lotuta dauden, eta, hala badagokio, zer meatze-kontzesiotan sartzen diren. Horrez gainera, kokalekuari buruzko datuak ere erantsi dira (UTM koordenatuak eta kota), eta baita kronologiari buruzko datuak ere, ahal izan denean. Osagai guztiek dute deskribapen bat, eta identifikatzen eta baloratzen lagun dezaketen argazkiak.
Lortutako informazio guztia sistematizatu ondoren, behin betiko memoria hau erredaktatu da. Testua hainbat ataletan egituratu da, Itsasondoko arbelaren industria-jardueraren historiari buruzko ikuspegi argia eta osoa edukitzeko, eta baita jarduera horrek udalerrian utzitako arrasto materialari zein ez-materialari buruzko ikuspegia ere.
Ondareari eta historiari buruzko ikerketa bat denez, garrantzi berezia eman zaio gorde diren osagai industrialen balorazioari: meatze-hondakinak, tailerrak, instalazio osagarriak… Guztiak baloratu dira ondarearen ikuspegitik, horiek babesteko figura egokiak proposatzeko helburuarekin. Horretarako, ikuspegi orokor bat hartu da, arreta bereziki arkitekturako osagaietan jartzen duten balorazioetatik ihes egin nahian. Arbelaren erauzketak eta eraldaketak osotasun bat osatzen zuen Itsasondon: meatzeetako lanetik hasi eta azken produktua merkaturatzen zen arte, arbela harrobietatik ateratzen zen, tailerretara garraiatzen zen, eta hainbat produktu osatzeko lantzen zen; produktu horiek, azkenik, paketatu eta, Itsasondotik, zegokien helburura eramaten ziren. Prozesu horretan beharrezkoa zen energia lortu eta meatze eta lantegietara eramatea, eta alderdi hori ere arbelaren lanketan ziharduten enpresen esku zegoen. Eta horrek mugatu zituen bai lan egiteko moduak bai enpresaburuen eta langileen arteko harremanak.
Beraz, industria-jarduerak osotasun bat osatzen zuenez, jarduera horren ondarearen balorazioa ere modu orokorrean egin behar da: arbelgintzaren alorreko enpresek udalerrian izan zuten eraginari buruzko ikuspegi osoa ematea izan da asmoa. Babeserako proposamenak aldatu egiten dira, noski, osagai bakoitzaren edo osagai multzo bakoitzaren arabera, interesgune baten barruan hartuta betiere; izan ere, osagai horien balorazioan hainbat irizpide hartu dira kontuan: garrantzi historikoa, osagaien arteko harremana, osagaien eta ingurunearen arteko harremana, Itsasondoko gizartearen egitura, paisaiari eta hirigintzari dagokionez duen interesa, berezitasuna, nola iritsi den gaur egun arte, etab.
Balorazio eta babeserako proposamen horretatik abiatuta, horien berri zabaltzeko lehenengo proposamena egin da, Itsasondoko arbelgintzaren jarduerarekin zerikusia duen kultura-ondarea ezagutarazteko helburuarekin.
Lana amaitu ondoren, emaitzak oso onak izan direla esan dezakegu. Itsasondoko arbel-enpresen ondare kulturala ezagutzeko eta baloratzeko helburuak, babeserako proposamenak eta horien berri zabaltzeko proposamenak guztiz bete dira lan honetan, eta etorkizunean udalerriko ondareari dagokionez egingo diren jardueretan ere jarraipena izatea espero dugu.
Izan ere, Ondartez enpresarentzat, aukera polita izan da arbelgintzako ikerkuntza garatzea. Era berean, Gipuzkoako industriaren iraganean gutxi ezagutzen den alderdia da, eta, lan honen bitartez, industria-ondarea modu orokorrean aztertzeko aukera bikaina izan da. Ikerketa egin ahala paisaia kulturalean zer den sakontzeko lan aproposa izan da. Askotariko iturriak erabili ahal izatea (iturri dokumentalak, bibliografikoak, arkeologikoak eta ahozkoak) garrantzi handikoa izan da, gure ustez, lan zehatza egiteko, eta gaiaren ezagutza sakonagoa edukitzeko.
Adierazi bezala, alderdi aipagarrienetako bat gordetako argazkien garrantzia izan da, bai kalitateari bai kantitateari dagokionez, oso informazio interesgarria eskaintzen baitute Itsasondoko meatzeei eta enpresei buruz, bereziki Sarasola familiakoei buruz. Jabetzaren Erregistroan lortutako informazioa ere garrantzi handikoa izan da, aukera eman baitigu industria-eraikinei buruzko hainbat alderdi zehatz-mehatz ezagutzeko ez ezik, alderdi teknikoagoak, hala nola enpresek hainbat garaitan izan duten makinen zerrenda osoa, ezagutzeko ere.
Azkenik, Itsasondoko historia industrialaren protagonistekin, langile eta enpresaburuekin alegia, harremanetan jarri garenez, sakonago ezagutu ahal izan dugu udalerriko historia; eta historia hori, orain dela hainbat hamarraldi amaitutzat eman bada ere, gaur egun oraindik bizirik eta presente dago udalerrian.
Babeserako proposamenei dagokienez, modu orokorrean hartu ditugunez, ondarearen ikuspegitik interesa duten guneak eta osagaiek elkarren artean eta inguruko ingurunearekiko (paisaia-hirigintza) dituzten harremanak kontuan hartuta, uste osoa dugu ekarpen berritzailea egingo diola kultura-ondarea ulertzeko moduari.