BASERRIETARA URA ERAMATEKO PROIEKTUA
ITSASONDO ETA ORDIZIAKO 41 BASERRI GIPUZKOAKO UR KONTSORTZIOAREN SAREKO UREZ HORNITZEA
Itsasondoko etxe gehienetako ura Mendibilgo depositutik dator eta honera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Arriaranen duen presatik bideratzen da. Hala ere, inguruko herrien sareetatik gertuago dauden etxebizitza batzuk (Iturrioz, Lasarte, San Juan,...) herri horietatik (Altzaga, Legorreta, Ordizia) ematen die sareko ura Kontsortzioak.
Hauezaz gain, iparraldeko mendi-hegaletan dauden 41 baserri (Itsasondoko 37 eta Ordiziako 4) Murumendi azpian hartu eta Urki gainean kloratzen den urarekin baliatzen dira, eta baldintza egokiak ezin izaten dira beti ziurtatu. Orain hauek ere hornikuntza-sare orokorrera lotu nahi dira, gainontzeko guztien baldintza aproposeko ura izan dezaten.
Hori lortzeko, 56 m3-ko depositu berri bat eraikiko da Ioiako bidearen ondoan, 535 metroko kotan, eta Mendibilgo deposituarekin konektatuko da bultzada-sare baten bidez (335 metroko desnibela), eraikiko den depositu horretatik baserriak grabitazionalki hornitzeko.
Orain dagoen hoditeriarekin lotura Ermitzaga alden egingo da, alde batera eta bestera ura bidaltzeko moduan.
Biltegi berria baino gorago dauden bi Ioiak hornitzeko, banaketa-sare independente bat egingo da, ura baserrietaraino ponpaketa bidez bultzatzeko. Artetxerako ere behar den lotura egingo da.
Diru kontuei dagokionez, proiektuaren aurrekontua 752.063,44 €-koa da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, landa eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen bitartez (Erein Publikoak) 300.000 €-ko laguntza eman digu. Bestalde, Ordiziko Udalak ere parte hartuko du finantzaketan, 90.000 €-kin eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak beste 60.000 € jarriko ditu, Uraren Ziklo Integraleko Zerbitzua ematearen ordainetan. Hortik gorakoa ordaintzeko oraindik Foru Aldundiko diru laguntzaren itxaropena degu eta, gainontzekoa, Udalak ordainduko du.
Eta epeei begira, obrak aurten egitea espero da eta horretarako behar den administrazio-prozedura martxan jarri dugu dagoeneko.