OPORRAK BERTATIK BERTARA

Itsasondoko Udalak bat egin du UEMAren ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin. Udalerri euskaldunek euren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea da kanpainaren helburu nagusia.
“Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” leloa hautatu du UEMAk kanpainarako, bertako hizkuntza, bertako produktuak eta bertako ekonomia balioan jartzeko, herritarrak zein bisitariak kontzientziatzeko eta horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera animatzeko. 
Horretarako, besteak beste, kartelak eta tabernetan eta jatetxeetan mahai gainean jartzeko mantelak banatu ditu UEMAk herrian. Eraikinetan, tabernetan zein dendetan ikusgai egongo diren kartelak ere prestatu ditu, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko.
Udaren atarian ekin dio kanpainari, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko modua aldatuko duelakoaren ustetan. Udako hilabeteak Euskal Herriko bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera bikaina izango da, eta ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin herritarrei zein bisitariei erakutsi nahi zaie gure herria zer-nolako altxorra den eta bertatik bertara zenbat goza daitekeen.
Kanpainaren inguruko nahi beste informazio UEMAren webgunean dago: https://www.uema.eus/bertatikbertara/