Arau subsidiarioetako akta 2007/01/09

Aurreko eztabaida saioan zenbat etxebizitza, non eta tipologiari dagokionez nolakoak izan behar duten eztabaidatu ondoren, gaurkoan etxebizitza haek libreak, tasatuak ala babes ofizizalekoak izan behar duten zehazten saiatuko gara.

Aurreko eztabaidan ateratako ondorioak piska bat errepasatu ondoren talde txikitan banatuta lanari ekin diogu!

Gaurkoan, honako hauek bildu gara

Aitziber Jauregi, Jose Luis Aranburu, Aitor Arrospide, David Bazaga, Joxe Otegi, Manuel Mari Agirre, Jokin Mujika, Ekaitz Arruti, Xabi Iturrioz, Amagoia Etxeberria, Emma Martinez, Luis Aizpuru, Jose Mari Otegi, Ana Mari Arza, Josetxo Iturrioz, Danel Etxeberria, Jaione Fernandez eta Zuberoa Jauregi.

Gogoratuz...

Aurreko astean ospatu zen lehenengo eztabaida saioan honako puntu hauek adostu genituen:

  • Guztira 100 etxebizitza inguru egiteko aukera izatea datozen 15 urtetan
  • Etxebizitza hauek: Merkalden, Beko Kalen, Herrigunean eta ibaiaren beste aldeko gunean egitea.
  • Gune bakoitzean egin beharreko etxebizitzen tipologia.

Gure gaurko lana: Itsasondon datozen 15 urtetan egin behar diren etxebizitzak nolakoak izan behar diren zehaztea; egin behar diren etxebizitzetatik zenbat izan behar duten libreak, zenbat tasatuak eta zenbat babes ofizialekoak esanez. Babes ofizialekoen barruan, alokairuan, salmentan ala azalera eskubidean izan behar duten zehazten ere saiatuko gara.

Hiru taldetan banatu gara. Partehartzaile bakoitzari gidoi bat eman zaio, honako informazio honekin :

- Etxebizitza mota ezberdinen inguruko azalpena.

- Galdera eta erantzun posibleak etxebizitza motak zehazteko eztabaidarako lagungarri moduan

Talde bakoitzean 45 minutu inguru eztabaidatzen eman ostean, talde bakoitzaren ekarpenak talde handian aurkeztu ditugu. Talde guztietan, gaurko lana egiterakoan zehaztapen handia lortzeko zailtasunak dauzkagula nabarmendu da: azken batean, Udalak daukan diruaren arabera erabaki beharko da hein handi batetan nolako etxebizitzak egingo diren herrian. Dena dela, zenbait puntu adostu ditugu guztion artean:

- Babestu eta tasatuen kopurua ahal den altuena izaten saiatu behar gara. Hauetara sartzeko lehentasuna eman beharko zaie herritar, gazte, elbarri eta helduei.

- Libreen kopuru bat egotea ere beharrezkoa da, udalari kostuak murrizte aldera.

- Metro karratuaren prezioari mugak jartzea ondo ikusten da: aztertu egin beharko da zein aukera dauzkan udalak horrelako zerbait egiteko.

- Neurri ezberdinetako etxebizitzak edukitzea beharrezkoa dela ikusten da: famili egiturak aldatuz doazen neurrian, beharrak ere ezberdinak dira.

- Lurzoruaren prezioak mugatuko du azken batean azalera eskubidea.

- Babestutako etxebizitzak salmentan alokairuan edo azalera eskubidean izan behar duten ez daukagu oso garbi. Azalera eskubidearena aukera egoki bat izan daitekeela uste da.

Beste zenbait komentario, duda, ekarpen:

- Itsasondoko jendeari bakarrik ezin zaio eman lehentasuna etxebizitzetara sartzerakoan: azken batean, Itsasondok 500-1000 biztanle izatea nahi badugu kanpotik ere jendea etorri beharko da eta.

- Egokia litzateke Udalean zerrenda bat irekitzea uneoro jakiteko zenbat herritar dauden etxebizitza baten bila.

- Urte batzutan Itsasondon ez da eraiki eta bertako jendeak inguruko herrietan hartu behar izan zuen etxea. Herritar hauek ere interesa izan dezakete itzultzeko.

- Itsasondon dauden lurrak garestiak dira, karga handiak dauzkate (industrial atera behar badira bertatik, etab.).

- Alokairuan jartzen badira Babes Ofizialekoak, hauek itsasondoarrentzat izan beharko dira!

- Herrian etxeak bakarrik ez, ekipamenduak ere behar ditugu. Bestela "lotarako herri" bilakatuko da. Herriak zerbitzuak eskeini behar ditu.

 

Hemendik aurrera, zer?

Gaurkoan egin dugun lanarekin, etxebizitzen gaia momentuz amaitutzat emango dugu. Hurrengo bileran, ekipamenduen gaia landuko dugu: Itsasondoren ekipamendu beharra eta hauen kokapena landuz.

Bestalde, bilerak astean behin egitea adostu dugu, astean bitan gehiegi dela iruditzen baitzaigu.

Gogoratu!!!

Noiz? Urtarrilaren 23an, 7.30etan.

Non? Udaletxean

Zer egingo dugu? Ekipamendu beharra eta haue kokapena zehaztu

Eskerrikasko parte hartu duzuen guztioi!!!!!!!!