Basoetako interesezko elementuen karakterizazioa

Baso hitza entzun edo irakurtzen dugunean zuhaitzak etortzen zaizkigu burura. Aldiz, azalera jakin bat estaltzen duten zuhaitzen antolaketa imaginatzen dugun momentuan askotariko eszenatokiak planteatu ditzazkegu baldin eta nolakoa izan den gure lurraldearen historia eta nolako erlazioa izan dugun inguratzen gaituen ingurumenerekin.
 

Egurraren aprobetxamendua dela eta, basogintza intentsiboaren ondorioz eraldaketa sakonak jasan izan dituzte inguratzen gaituzten zuhaiztiek, naturaltasun maila desegokia duten zuhaitz landaketak gailenduz eta paisaiaren sinplifikazioa eraginez. Hori dela eta, giza eskuartzerik gabe eboluzionatu duten baso primarioak oso eskasak dira gure lurraldean.

 
Baso helduen egiturazko ezaugarri bereziek habitat bikainak sortzen dituzte espezializatutako espezie kopuru handi batetzat, basoaren fase gazteetan lekurik ez dutenak eta, beraz, zuhaizti helduagoetara mugatzen direnak eta hauek ezean desagertu egiten direnak. Heldutasun egoeraren gabezia honek seneszentziarekin erlazionatuta dagoen basoetako biodibertsitatea mehatxatzea ekartzen du, esaterako, hegaztiak, saguzarrak, kakalardo saproxilikoak, flora baskularra, likenak eta onddoak.
 
Basoaren kalitate ekologiko egokia adierazten duten egiturazko ezaugarriak aipatzen dira jarrain:

  • Zuhaitz espezie bat baino gehiagok osatzen dute errezela
  • Enbor lodiko zuhaitz kopuru handia, adin desberdintasun handia adierazten dutenak
  • Landare belarkarak, sastrakak eta zuhaitzek osaturiko geruza bertikal oso markatua, azalera bertikal guztian zehar egitura fotosintetizatzaileak (hostoak) agertuz.
  • Hildako zuhaitzen bolumen handiak, bai lurrean etzanda edota zutik geratu direnak ere. Gainera egurraren usteltze-prozesu egoera anitzezko egur hilaren presentzia.
  • Okilek eragindako zuloengatik, onddoen erasoengatik edota bestelako zaurien eraginez barrunbe anitzak eta irregularrak duten zuhaitzen presentzia. Hauek basoetako bizidun espezialistenen babeslekuak osatzen dituzte.
  • Zuhaitzen erorketengatik edo bestelako asalduren eraginez errezelaren irekiuneak agertzen dituzten zuhaiztiak. Irekiune hauek eguzki-argi gehiago behar duten landareak berreskuratzea dakar, basoaren segida baimenduz.

 
Itsasondoko egoera
Baso helduen konplexutasuna dela eta, biodibertsitateari osatatua eskini eta ondare biologiko eta genetikoaren galera ekiditeko helburuarekin Itsasondoko Udalak martxan du udalerriko basoen egiturazko ezaugarriak neurtzeko lan talde bat. Burutu diren neurketek erakutsi dute Itsasondoko basoak kontserbazio egoera desfaboragarri baten agertzen direla.
 
Orokorrean tamaina handiko zuhaitzen (DBH>60 zm) banaketa nahiko eskasa da, kudeaturiko basoetan ematen diren kopuru tipikoetan agertzen dira (1.1-2 ale/ha) eta batez ere pagoei dagokie. Interesezko zuhaitz mugarratuei dagokienez (DBH>60 zm), Itsasondon zenbaturiko 222 zuhaitzen %88 pago eta gaztainondoei dagokie. Zuhaitz hauek flora, fauna zein onddoen kontserbaziorako interes handia eskaintzen dute, barrunbe eta atal seneszente ugari eskeintzen dutelako babesleku eta elikagai gisa. Euren banaketa Itsasondoko lurretan nahiko irregularra da, eta kontserbaziorako lehentasun handiko zuhaitzak dira.
 
Hildako zuhaitzei dagokienez, oso kantitate txikietan aurkitzen dira (1 ale/ha baino gutxiago). Gainera, agertzen diren zuhaitz handiek ez dute ahultasun edo hilkortasun seinalik antzematen. Orokorrean basogintza intensiboko ereduek ez dute zuhaitzen bizi zikloa bere osotasunean amaitzen uzten, zuhaitzak osasuntsu daudenean moztu eta menditik ateratzen baitira.
 
Azkenik, gure lurraldean kontserbazio kaskarra duten bi espezieen jarraipena burutu da: gaztainondoa eta hagina. Lehenak banaketa nahiko erregularra duen arren, haginaren banaketa oso txikia da eta udalerriko iparraldean aurkitzen da orohar oso ale gutxirekin.
 
Jakintza hau izatea garrantzitsua izan da basoen naturaltasun maila emendatzeko neurriak proposatzeko garaian. Izan ere, basoen kalitate ekologikoa emendatzeak klima aldaketaren efektuak arintzeko ingurumena indartzea ekarriko du, beste hainbat zerbitzu ekosistemiko eskainiz aldi berean:

  • Onddo jangarrien ekoizpena emendatzea
  • Aireko negutegi gasak atrapatu eta negutegi efektua murriztea
  • Erregimen hidrikoaren erregulazioa eta uholdeen intentsitatea murriztea
  • Lurzoruaren higadura murriztu eta emankortasuna areagotzea