Murumendiko tontorraren inguruak zalantzarik gabe Itsasondoko naturgune garrantzitsuenak dira. Harkaizti, baso natural heldu eta gazteak, haltzadiak, pinudiak, larreak… uztartzen dira balio naturalistiko eta paisajistiko paregabeko gune bilakatuz. Bereziki interesgarriak dira Murumendiko tontorraren ingurua bera, eta Domiku inguruko basoak (pagadiak, haltzadiak, baso mistoak, etab.). Hauek udalerriko baso masa handiena osatzen dute. Gainera, inguru maldatsu horretan Zubine errekara isurtzen diren hainbat errekasto sortzen delarik, sare hidrologikoaren kalitatean garrantzi berezia duen ingurua da.
Murumendiko harkaiztietan erroia eta belatz handia kumatzen dira, biak EAEko Fauna Mehatxatuaren Katalogoan barneratuak. Horiez gain, babestuta dauden beste 14 animalia-espezie bizi dira bertan. Gipuzkoako Saxifraga losae landare espezie bereziaren Gipuzkoako populazio bakarra ere aurkitzen da Murumendi inguruan (EAEko Flora Mehatxatuaren Katalogoan barneratua).