Carduelis spinus
Izen arrunta: tarina (eus), lúgano (es)
Familia: Fringillidae
Deskribapena: 12 cm-rainoko txori txikia da. Sexu-dimorfismoa dauka. Arrak txano beltza du; goialdeak berde horiak eta beltzez marratuak dira. Ipurtxuntxurra hori berdexka da. Hegoak ertz horiak dira eta luma arre beltzak dituzte, estal-lumak berdexkak dira, eta punta beltzak dituzte. Kokotsa beltza da, buruaren alboak berde-horiak, eta zintzurra eta bularra hori-berdexkak dira. Saihetsaldean ildaska beltzak ditu eta sabelaldea zuri lohia da. Emeak ez du kolore beltzik buruan eta tonu hitsagoak ditu. Mokoa gris arrea da eta hankak arreak dira.
Aktibitate handikoa da; hegaldi izurtua eta abila du, eta lurrean nahiz adarretan pausatzen da. Neguan taldeak eratzen ditu.
Konifero-adarren baten puntatik hurbil egiten du habia, kopa-formakoa eta landareez egina. Urtean bitan 3-5 arrautza errun ohi ditu.
Batez ere haziak jaten ditu, bereziki pinuenak eta haltzenak. Dieta zenbait artropodoekin osatzen du.
Habitata: konifero basoetako eta baso mistoetako baso-espeziea da; batez ere, Pinus, Larix, Alnus eta Betula (generoak) biltzen dituzten basoetakoa. EAEn hain urria denez, ez dago informazio zehatzik habitata ezagutzeko. Dena den, ugaltze-garaiko behaketa gehienak hostoerorkorreko zuhaitzak nagusi diren Pinus radiata helduetan edo gazteetan egin izan dira; pagadietan ikusi izanari buruzko aipamenen bat edo beste ere bada. Banaketa altitudinaleko maila zabala du ere; itsasertzeko haranetatik 1.000 m-ra aurkitu izan da. Mendikate zentralean P. sylvestris espezieko pinudi helduetan aurki daiteke. Europan mendi-koniferotako basoetan edo iparraldeko latitudeetakoetan, batez ere izei-basoetan, bizi da.
Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: negutar moduan arrunta da baina ez urte guztian zehar. Sare edo liga bidez egiten diren harrapaketak ekidin behar dira espezie hau babestu nahi bada.