Sorbus aucuparia
Izen arrunta: otsalizarra (eus), serbal de cazadores (es)
Familia: Rosaceae
Deskribapena: normalean 10 m gainditzen ez dituen zuhaitza da. Begiak ilaundunak dira, gutxi likatsuak edo batere ez. Hostoak inparipinatuak dira, 5-8 foliolo paredunekoak; hauek luzangak, ertzean zerratuak, gainaldean berde mateak eta azpialdean argiagoak. Loreak muturreko korinboetan agertzen dira, oso usaintsuak dira, petalo zurikoak eta 3-4 estilo tentedunekoak. Fruitua baia itxurako pomoa da, azal gorri leunekoa eta zapore mikatzekoa. Neguaren zati handi batean zuhaitz gainean irauten dute, multzo ikusgarrietan, eta hegazti fruitujaleen negu elikadurarako oso garrantzitsuak dira. Maiatzetik ekainera loratzen dira; fruituak iraila eta urrian heltzen dira.
Habitata: pagadi eta hariztiak bezalako baso hostoerorkorretan agertzen da, ale bakanetan edo zuhaitz unada txikiak eratuz, baita klima hezeko harkaiztietara igota ere, kare gabeko lurzoruetan hobeki.
Itsasondoko populazioak: Itsasondon espezie honen 11 populazio aurkitu dira 27 hektareatan banatuak; haritza nagusitzen den baso mistoetan, zuhaitz hostozabalen baso gazteetan eta Pinus radiata pinudietan. Aipatu beharreko arrisku potentzial bakarra baso-ustiaketa da, bereziki pinudien kasuan.