Ilex aquifolium
Izen arrunta: gorostia (eus), acebo (es)
Familia: Aquifoliaceae
Deskribapena: zuhaixka edo zuhaitz txiki dioikoa da, oso adarkatua, altueran 10 m artekoa, erabat ilegabea, kimu berri eta infloreszentziatan izan ezik. Adarrak tenteak eta kolore berde bizikoak dira. Hostoak zurrunak eta koriazeoak, obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, ertz uhindunean hortz arantzatsu sendoak dituzte, baina batzuetan adar altu edo ale zaharretan, ertza laua eta osoa dute; kolore berde ilunekoak eta oso distiratsuak gainaldetik, argiagoak eta mateagoak azpialdetik. Loreak zuriak edo arrosatuak dira, sexubakarrak baina beste sexuko aztarnekin, galtzarbeko zimatan bilduak; sepaloak berdeak; petaloak oinean soldatuta; estanbreak 4, petaloetara soldatuta. Fruitua drupa bat da, kolore gorri bizikoa eta barruan 4 hezurtxo dituena. Apirila eta ekaina artean loratzen da; fruituak urrian heltzen dira eta, negua hotzegia ez bada, hurrengo udaberri arte zuhaitzean irauten dute.
Habitata: baso argi, sastrakadi eta mendel, heskai eta landatan bizi dira, lurzoru fresko eta heze ez kareatsuetan bereziki.
Itsasondoko populazioak: Itsasondon espezie honen populazio ugari aurkitzen dira eta populazio hauetan adin ezberdinetako indibiduo ugari daude. Orokorrean, pagadietan, zuhaitz hostozabalen baso gazteetan, haltzadietan, baso mistoetan eta alertze, intsignis pinu eta haritz amerikarraren landaketetan ere aurkitu da. Espezie hau egoera onean aurkitzen da Itsasondon, ia 130 hektareatan barreiatua aurkitu da. Hala eta guztiz ere, baso hauetan eman daitezkeen ustiapen-lanek arrisku potentziala suposatzen dute espezie honetzako.