Saxifraga losae subsp. losae
Familia: Saxifragaceae
Deskribapena: landare belarkara bizikorra da eta hostotza trinkoa dauka, 10 cm baino baxuagoak diren kuxin txikien antzera jarria. Adaxkak gogorrak dira oinaldean, eta hosto hilen hondar marroiez estalita daude. Hosto berriak, ordea, usaintsuak eta berde biziak dira, oso itsaskorrak, falka-itxurakoak, eta goialdea 3-5 gingil motzetan banatuta daude, hatz txikiak balira bezala. Adaxketatik zurtoin loredunak ateratzen dira, tenteak eta 5-20 cm luze direnak; zurtoinen muturrean lore-luku motzak biltzen dira. Lore bakoitzak 5 sepalo berdexka eta 5 petalo zuri garbi ditu. 10 lorezil dauzka, eta 2 karpelo elkartzean eratzen dute obarioa. Heltzean, obarioak ematen duen fruitua kapsula bat da. Maiatzaren erdialdea eta uztailaren hasiera bitartean loratzen da, eta udan zehar ematen ditu fruituak.
Habitata: 800 eta 1.200 metro bitartean. Kareharrizko haitz bertikal eta itzaltsuetako arroila hezeetan. Gipuzkoako populazio bakarra Murumendikoa da.
Itsasondoko populazioak: espezie honen populazio txiki bat Murumendin aurkitzen da. Gipuzkoako populazio bakarrari dagokio honek. Irisgarritasun zaileko tokietan aurkitzen da, giza ekintzarik jasaten ez duten harkaizti basikoetan. Irisgarritasun ezak populazioa egoera onean mantentzea ahalbidetzen du. Bi arrisku potentzial izan ditzake: abereen presentzia eta habitataren eraldaketa.