Echeverría, Luluaga y C.ª, gero Altuna y C.ª izango zena

Enpresaren argazkiaEcheverría, Luluaga y C.ª izan zen XIX. mendearen amaieran arbela ustiatzen hasi zen lehenengo enpresa Itsasondon. Francisco Echeverría, José Joaquín Múgica eta Mateo Luluaga izan ziren sortzaileak, eta haiek izan ziren Itsasondoko lehenengo arbelgileak; 1860ko industria-kontribuzioetan ageri dira28 haien izenak.

Dirudienez, José Joaquín Múgicak Ordiziatik Legorretara bitarteko burdinbidearen lanetan hartu zuen parte, eta horregatik jakin zuen arbelak zeudela Azubiako eremuan, lurpean. Bera izan zen arbelaren ustiapenean hastea erabaki zuena, eta, horretarako, beste bazkide batzuen laguntza bilatu zuen29. Aurretik ere azaldu dugu 1856an burdinbidearen ibilbidea marrazteko eta Legorreta eta Itsasondo arteko tunela egiteko hainbat ikerketa geologiko egin zirela eta ikerketa horiek lotura zuzena izan zutela udalerrian arbelgintza abian jartzeko prozesuarekin.

Ez da Echeverría, Luluaga y C.ª sozietatearen sorrerari buruzko dokumentaziorik aurkitu, baina, itxura denez, 1860ko hamarraldirako elkarrekin zeuden José Joaquín Múgica, Mateo Luluaga eta Francisco Echeverría; beraz, garai horretan ekin zioten Azubian arbel-hobiak ustiatzeari. Argi dago 1890eko hamarraldian enpresa sendoa zela Echeverría, Luluaga y C.ª. 1890ean, sozietateak Altaburuko bidabeako lursailak erregistratu zituen, Altzaga eta Itsasondo artean, inguru hartan, lurpean, zegoen arbela ateratzeko30. Santa María meatzea31 zegoen leku hori izan zen enpresaren ustiategi nagusia, XIX. mendearen amaieratik XX. mendea nahiko aurrera arte, eta bi areako eremua hartzen zuen, gutxienez; meatze-sarbideak, herresta-garraioko bidea eta bestelako lanak ere bazeuden32. Ustiategi hark 1924. urtean 100 tona mea ekoizten zituen urtean, eta 10-12 langilek egiten zuten lan bertan. Arbel geruza-zain ia bertikal batean aritu behar zuten lanean, aire zabalean: 5 m inguru zen zabal, 20 m altu aurrealdean eta 18 edo 20 m sakon33. Ateratako mea bi tailerretan prozesatzen zen: meatze-sarbide nagusietan zegoen bat, Azubian, eta bestea, geroago eraikia, ibaiaren eta errepidearen beste aldean. Bigarren horretan, arbelezko taulak egiten ziren. Bigarren tailer horretan, arrabotatzeko makina bat eta 10 HP-ko34 turbina batek mugiarazten zuen zerra biribil bat zeuden; gutxi gorabehera 90 metro koadroko azalera zuen35, eta gaur egun oraindik ere zutik dirau, nahiz eta beste helburu batzuetarako erabiltzen den. 8 langilek lan egiten zuten bertan, eta han ekoiztutakoa Gipuzkoatik36 kanpo saltzen zen gehienbat, Europan eta, batez ere, Amerikan.

Logikoa denez, enpresa hura ez zen arbelaren ustiategietan eragin guztiz negatiboak izan zituzten krisi ekonomikoetatik kanpo gelditu; XX. mendearen hasierako hamarraldietan nolabaiteko oparoaldi ekonomikoa izan bazen ere, eta 1933an37 enpresaren instalazioak handitu bazituzten ere, Gerra Zibilak eztanda egin aurreko urteetan gainbehera ekonomikoa larria izan zen, eta horren ondorioz, nabarmen murriztu ziren ekoizpena eta esportazioak.

Beharbada horregatik aldatu zen 1940ko hamarraldian sozietatearen izena. Era horretara, Echeverría y C.ª izena 1946. urtean agertu zen, azken aldiz, Itsasondoko industria-kontribuzioetan38, eta 1949an sozietatearen izena aldatu eta Altuna y C.ª izena hartu zuen39. Horrela jarraitu zuen 1960ko hamarraldia arte, eta gaur egun ere horrela esaten diote Itsasondoko herritarrek. Urte horren aurretik, José Joaquín Múgica eta Mateo Luluagaren ondorengoek Echeverría familiakoei saldu zizkieten enpresaren aktiboak; hala ere, enpresan jarraitu zuten, baina langile gisa40. 1949ko azaroaren 11n, Fermín Altuna Urcolak eta Pedro Echeverría Echeverríak sozietate berri bat eratu zuten, Pizarrerías Altuna de Isasondo S. A., era guztietako arbelak ustiatzeko eta egiteko, eta baita saltzeko ere41; hark eman zion jarraipena Echeverría y C. ª enpresari.

Era horretara, Echeverría familiaren parte-hartzea zuen enpresa berriak arbelen lantegia, bertako osagarriak eta makinak lortu zituen, eta baita Itsasondo eta Altzaga arteko indar eragilea eta mea ustiategiak ere42, Echeverría, Luluaga y C.ª enpresak, XIX. mendean, bere ibilbideari ekin zionean zituen berak. Pizarrerías Altuna enpresaren hasierako kapitala 1.500.000 pezetakoa izan zen, eta 1955ean 2.300.000 pezetara handitu zen43.

Aldi hori egonkortasun ekonomikoaren garaiarekin bat etorri zen, hau da, enpresak produktibitate-maila handiena eta langile gehien izan zituen –30 langile izatera iritsi zen44– garaiarekin. Baina, izugarrizko krisia etorri zen berehala, eta ezinezkoa izan zuten hartatik atera. 1955. urtetik aurrera egoera aldatu egin zen, eta galera urteak iritsi ziren; 1959. urtetik aurrera, egoera eutsiezina zen. Lehia handiagoa zegoen arbelen merkatuan, eskulana gero eta eskasagoa zen, eta ezin zen hobekuntzetan dirurik inbertitu, mailegu ezagatik; horren guztiaren ondorioz, 1963an enpresa itxi egin behar izan zen45.

Edonola ere, industria aurrera ateratzeko saio bat egin zen, eta 1963. urtean bertan, Cooperativa Industrial Pizarrera – COPISA sortu zen, Altuna y C.ª enpresa desagertuaren jarduerarekin jarraitzeko asmoz. Lantegia behin-betiko ez ixteko azken saioan, alokatu egin ziren Azubiako meategiak, eta baita ere burdinbideetako materiala, finkoa zein mugikorra, energia elektrikoa garraiatzeko sarea, mea ateratzeko instalazioak, tailerretako eta arbela manipulatzeko biltegietako tresnak eta erremintak –hargintzako, zurgintzako eta pinturako tailerra barne, bertako makina guztiekin–, bulegoa eta biltegia –materialarekin, manufakturatutako gaiekin eta tresnekin–46. Ustiatzeko prozesuan ere hobekuntzak egin ziren, ur-injekzioko mailu pneumatikoekin, eta dinamita erabiltzen hasi zen47; baina saio haiek guztiak alferrekoak izan ziren, eta 1968an COPISAk eten egin zituen bere jarduerak48. Horrela iritsi zen enpresaren behin betiko amaiera.

    1. Erauzketa: meatzeak

Echeverría y C.ª enpresak Azubiako lursailetan lan egin zuen batez ere, Oria ibaiaren eskuinaldean, trenbidearen tuneletik hurbil, Itsasondo eta Altzaga bitarteko lurretan. Inguru hartako kontzesio garrantzitsuenak Santa María meatzea eta Echeverría meatzea izan ziren. Ustiapena, ziur asko, Legorreta eta Itsasondo arteko tunela zabaldu ondorengo urteetan hasi zen, 1860. urte inguruan, eta mende batez egon zen martxan, 1968an jarduera erabat eten zen arte. Harrobi haiek lurpetik, galerien eta irtenguneen bitartez, zein aire zabalean, ezponda behartuen bitartez, ustiatu ziren. Oro har, aire zabaleko erauzketaren aurrealdea 2,70 metro izaten zen luze, eta 14 metro altu, batez beste49.

Echeverría y C.ª enpresak, Azubiako gunean zuen kontzesioaz gainera, San José meatzea zuen, Izarreko lurretan; baina gero ikusiko dugunez, hiru urtez baino ez zen martxan egon, 1941-1944 urteetan hain zuzen ere.

Echeverría meatzearen mugapea:

Echeverría meatzea izan zen, seguru asko, enpresak ustiatu zuen lehena. Ez badago ere horri buruzko informazio askorik, gauza segurua dirudi erauzketa XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi zela; edonola ere, 1895. urtetik aurrera dokumentatu daiteke nolabaiteko segurtasunez50.

Kontzesioak 140.000 m2-ko azalera zuen, eta Itsasondo eta Altzagako lursailak hartzen zituen, Azubia - Tunelalde inguruan; bertan kokatu zen enpresaren lehenengo tailerra. Arbela erauzteko lanak, aurretik esan bezala, askoz ere lehenagokoak baziren ere, meategia 1940. urteko urtarrilaren 3an erregistratu zuen José Manuel Oteguik51, bera baitzen orduko hartan Echeverría y C.ª arbel-lantegiaren jabea; eta bere izenean, bere emazte Bernardina Echeverríaren izenean eta bere koinata Josefa Echeverríaren izenean erregistratu zuen52.

Meatze hartan, erauzketa-lanak lurpean egiten ziren beti, hau da, galerien bitartez, eta 1968. urtea arte egon zen martxan; urte horretan egiazta daiteke kontzesioa behin betiko utzi zela53. Gaur egun, inguru horretan ez daude meatzeetako jardueraren arrasto asko, inguru horretan askotan izan baitira luiziak eta amiltzeak.

Santa María meatzearen mugapea:

Santa María meatzea izan zen Echeverría y C.ª enpresak ustiatu zuen kontzesio garrantzitsuena. Oria ibaiaren eskuinaldean kokatzen zen, eta 200.000 m2-ko azalera hartzen zuen, Itsasondo eta Altzaga artean, Saltxegi inguruan54.

Meatzearen kokapena kontuan hartuta –hau da, Echeverría meatzetik hurbil–, oso litekeena da erauzteko lanak enpresaren lehenengo urteetan hasi izana, nahiz eta kontzesioa ez zen 1940. urteko urriaren 25era arte erregistratu55. 1950eko irailaren 19an kontzesioa Sociedad Pizarrerias Altuna S. A. enpresaren eskura igaro zen56, eta haiek, Echeverría y C.ª enpresaren ondorengoak zirenez, ustiapenarekin jarraitu zuten, 1969. urtea arte57. Azkenik, 1970eko uztailaren 15ean, behin betiko bukatu zen kontzesioa58.

Gaur egun, ez da Santa María meatzearen hondakinik ia gelditzen, izan ere, N-1 errepidearen ibilbide berriaren ondoriozko lanek kalte handiak eragin zituzten han59.

San José meatzearen mugapea:

Echeverría y C.ª enpresaren hirugarren meatzea garrantzi gutxienekoa izan zen, hiru urte baino ez baitzuten martxan eduki, hau da, 1941eko otsailaren 5ean mugatu zenetik 1944ko azaroaren 27an itxi zen arte60. San José meatzea zen hirugarren meatze hura, eta 250.000 m2-ko eremua hartzen zuen, Izarre inguruan.

    1. Eraldatzea: lantegiak

Azubiako hobietatik ateratako arbela Echeverría y C.ª enpresak berak eraldatzen zuen, eta, horretarako, pabiloi bat zuen Azubian eta lantegi txiki bat Beheko Kalen, Oria ibaiaren beste aldean. Energiaz hornitzeko, ur-jauzi txiki bat zuen, Mendibilen, eta bertatik lortzen zen arbela eraldatzeko behar zen elektrizitatea.

Arbelaren lehenengo eraldaketa ia-ia harrobian bertan egiten zen. Horretarako, Echeverría y C.ª enpresak pabiloi bakun bat zuen Azubian, “Goiko Fabrika” izenez ezagutzen zena (ikus 52. fitxa). Harria erazteko galerietatik gertu zegoen, eta kable baten bitartez lotzen zen haietara; hari haren bitartez iristen ziren harri-blokeak harrobitik tailerrera. Oso eraikin bakuna zen, egurrezko barrakoi moduko bat baino ez. Bertan prestatzen ziren arbelak, eta bertan ebaki eta leuntzen ziren61.

50eko hamarraldian, hasierako barrakoi haren lekuan, nabe handiago bat eraiki zen, hormigoi armatuz egina. Hobekuntza asko egin zitzaizkion, batez ere materiala hartzeko eta manufakturatutako produktuak ateratzeko faseei dagokienez; jarduera horiek kamioi bidez egiten ziren 1950eko hamarraldian62. Eraikin hori oso aldatuta dago gaur egun, izan ere, enpresa itxi ondoren, hainbat erabilera eman zaizkio. Sozietatea itxi zenean, zinkeztapen elektrolitikorako tailer bat jarri zuen bertan Román Maiz-ek63, 1970ean. Gaur egun, Paymasa enpresak erabiltzen du eraikina.

Lehenengo eraldaketaren ondoren, arbel-taulak Beheko Kaleko lantegira eramaten ziren, “Beheko Fabrika” (ikus 47. fitxa), eta bertan egiten ziren eskoletarako arbelak, koadro elektrikoetarako isolagailuak, xaflak eta bestelako produktuak. Arbelezko xaflak eskorgen bitartez ekartzen ziren Goiko Fabrikatik64.

Beheko Kaleko lantegia 1925ean eraiki zuen Juan Cruz Luluaga Sarasolak65, eta urte hartan bertan Pedro Antonio Echeverría y Celaya eta José Múgica Luluagari eman zitzaion; era horretara, hiruek, Echeverría, Luluaga y C.ª enpresako bazkideak, arbelak egiteko erabili zuten eraikuntza hura66, eta horrela osatu zuten meatzean bertan, Azubian, zituzten instalazioak.

Arbelen tailerra zegoeneko eraikina Beheko Kalen dago oraindik, baina etxebizitzak daude gaur egun bertan. Oso eraikin bakuna zen garai hartan: harrizko horma arruntak, egurrezko egitura eta arbelezko estalkia. Txikia da tamainaz, 271 m2 baino ez ditu plantan, eta etxabea, solairu altua eta ganbara ditu. Jatorriz, etxabean 12 zaldiko turbina bat jarri zen, zerrak eta gainerako tresna industrialak mugiarazteko; lehenengo solairuan, berriz, arbela manipulatzen zen bereziki67.

Gaur egun, ia berdin dago eraikina; 1933an handitzeko lan txiki batzuk baino ez ziren bertan egin68. 1969. urteaz geroztik, ekoizpen-jarduera amaitu ondoren, eraikina etxebizitza gisa erabili zen69, eta horretarako erabiltzen da gaur egun ere.

Echeverría y C.ª enpresaren instalazioak ur-jauzi txiki batekin osatzen ziren, Oramuñoko errekan, Mendibilen (ikus 30. fitxa). Bertatik lortzen zen energia elektrikoa enpresarentzat, Beheko Kaleko lantegiaren beheko solairuan zegoen 12 ZP-ko turbinaren bitartez.

Ur-jauzia XX. mendearen hasierakoa70 da, seguru asko, baina lehenengo deskribapena 1929. urtekoa da, jabetzaren lehenengo erregistroa egin zenekoa, hain zuzen ere71. Garai horretan, ur-jauziak 25 cm altu zen presa txiki bat zuen, Oramuño errekaren iturburuan. Presatik urtegi ireki batera desbideratzen zen ura, 8 m luze zen ubide baten bitartez, eta bertan, 379 m3 ur sartzen zen. Bertatik abiatzen zen 15 cm-ko diametroa zuen lurpeko hodi bat, 106 m-ko malda igarotzen zuena; 245 m-ko ibilbidea egiten zuen guztira, turbinaren hartzaile hidraulikora iritsi arte, Beheko Kalen, eta bertatik Oria ibaira isurtzen zuen ura, 6 metro luze zen hustubide baten bitartez.

Beheko Kaleko lantegiaren jarduera eten zenean utzi zitzaion Mendibilgo ur-jauzia erabiltzeari. Edonola ere, urtegia Itsasondoko Udalak erosi zuen 1969. urtean72, herria urez hornitzeko, eta gaur egun arte iraun badu ere, gaur egun biltegi itxia da, eta ez dago aire zabalean, jatorriz bezala.