Arbel-enpresak Itsasondon

Mende batez baino gehiagoz, arbelaren ustiapena bi enpresatan bildu zen Itsasondon, eta bi enpresa horiek erauzi, eraldatu eta merkaturatzen zuten arbela: Echeverría, Luluaga y C.ª enpresa, batetik, XX. mendearen erdialdean Altuna y C.ª izena hartu zuena, eta Hijos de Juan Martín Sarasola enpresa, bestetik, hainbat sozietate-izen izan zituena eta sortu zenetik bertatik Sarasola familiaren esku egon zena.

Bi enpresa horiek meatze-kontzesioak eta arbela eraldatzeko instalazioak zituzten. Bi enpresek, XIX. mendearen bigarren erdialdean sortu zirenetik beretik, banatu egin zuten meategien ustiapena: Echeverría enpresa, ikusiko dugunez, Oria ibaiaren eskuinaldean gelditu zen, Itsasondo eta Altzaga artean, eta Sarasola enpresa, berriz, ezkerraldean, Malkorra eta Izarren.

Itsasondoko bi enpresa horien historiak bide ia paraleloak izan zituen: biek ekin zioten jarduerari XIX. mendearen bigarren erdialdean, eta biek izan zuten garrantzizko garapena XX. mendearen lehenengo hamarraldietan; biek jasan zituzten 30eko hamarraldiko krisiaren ondorioak; biak suspertu ziren Gerra Zibilaren ondoren, eta, azkenik, biek jo zuten behea 50eko hamarraldiaren amaierako krisiarekin eta itxi zituzten ateak 70eko hamarraldiaren hasieran.

Oso antzeko historia izan bazuten ere, ezin ezkuta daitezke Echeverría y C.ª eta Hijos de Juan M. Sarasola enpresen arteko aldeak. Egia da bi enpresak erabakigarriak izan zirela Itsasondoko garapen industrialari dagokionez, baina egia da, halaber, bataren zein bestearen ekoizpen-bolumena eta langile-kopurua ez zela berdina, inondik ere. Echeverría, Luluaga y C.ª enpresak eraldaketarako tailer bakar bat zuen eta 30 langile zituen, gehienera; Sarasola familia, aldiz, hiru lantegi edukitzera iritsi zen, eta 148 langilek lan egiten zuten bertan, Gerra Zibila hasi aurreko urteetan.