Cinclus cinclus

Argazkia

Izen arrunta: ur-zozoa (eus), mirlo acuático (es)

Familia: Cinclidae

Deskribapena: 18 cm-rainoko hegazti txikia da. Mozkotea da, eta itxura tripontziak eta buztan laburrak areagotu egiten dute duen itxura lodikotea. Burua eta garondoa arre ilunak dira, eta gainerako bizkarraldea gris beltzezka da. Hegoak arre beltzak dira. Buztana motza eta gris iluna da. Zintzurra eta bularra oso zuriak dira, eta sabelaren atzealdea arrea da. Mokoa arre beltzezka da eta hankak arreak dira.

Lurraren arrasean egiten du hegan, zuzen, apeu ozena egiten duen bitartean. Erraztasun handia dauka murgildu eta urpean igeri egiteko; ur-azpian ibiltzeko ere gai da. Errekatik ateratzen diren harrietan pausatzen da maiz. Bakartia da, eta ugalketa-garaian bikoteka batzen da.

Ur-mailaren gainetik egiten du habia, ezpondetako zulo edo arrakalaren batean, edota enborren baten oinarrian, zenbaitetan ur-jauziren batez babestuta dagoena. Goroldioz egiten du kopa-formako habia, eta barrualdetik tapizatu egiten du. Urtean zehar 2-3 errunaldi izan ohi ditu, bakoitza 4-5 arrautzetakoa. Uretako intsektuez elikatzen da eta dieta osatzen du molusku, krustazeo, har eta arraintxoekin.

Habitata: ur argiko erreka eta ibai malkartsuak, sakontasun txikikoak eta legarrezko hondoa, ertzetan arroka ugari eta etengabeko jauzi eta ur-lasterrak dituztenak. Habitat-zabalera oso murritza. Ibaiertzetan ez du landaredirik behar. Iberiar Penintsulan eta Europan habitat-preferentzia berak ditu.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: uren kutsadurarekiko oso sentikorra da ur-zozoa, eta mendiko ibaibideetan egiten diren lan hidraulikoek ere negatiboki eragiten diote, ibaiaren ibilgua aldatzen baitute. Itsasondon eskasa da ur-zozoa, izan ere martin arrantzalearekin gertatzen den modura, baldintza oneko errekak eta ibaiertzak behar ditu.