Alcedo atthis

Izen arrunta: martin arrantzalea (eus), martín pescador común (es)

Familia: Alcedinidae

Deskribapena: tamaina txikiko hegazti ikusgarria da, 15 cm ingurukoa. Gorputza potxoloa dauka eta mokoa luzea eta zuzena da, harrapakinak heltzeko erabiltzen duena. Hegoak biribilduak eta buztana laburra dira. Goiko atalak berde urdinxka distiratsuak dira, eta behekoak gaztain gorrixkak. Lepoan eta zintzurrean orban zuriak ditu. Buztana urdina da. Mokoa beltza da, eta oin gorrixka dauka. Hankak gorriak dira.

Bakartia da, baina udazkenean familia-talde txikiak osatzen ditu. Hegaldi zuzena eta arina dauka, eta ibaien ibilguak altuera baxuan igarotzen ditu tximista urdin txikia bailitzan.

Habia egiten du ibaiertzetako hondarrezko paretetan eta ezpondetan, bai eta ibaiaren presen azpian ere. Horretarako, metro bateko luzerainoko tunel bat zulatzen du, bukaeran ganbera bat duena, eta bertan habia jartzen du, ia materialik erabili gabe. Urtean bi errunaldi izaten ditu, eta bakoitzean sei edo zazpi arrautza errun ohi ditu.

Zelatan ehizatzen du. Harrapakinak harrapatzeko, adar batetik uretara amiltzen da zuzenean. Arrain txikiak, intsektuak eta uretako larbak janez elikatzen da.

Habitata: Euskal Herrian, Nafarroako mendietan 1.000 metroko altueran dauden erreketatik itsasmailan dagoen Urdaibaiko Erreserbaraino banatzen da. Ibai eta erreken beheko eta erdiko zatietan agertzen da batik bat, baina Urdaibaiko Erreserban marearen eragina duen eremuan ere ikusi izan da habia egiten.

Ertzetako ezpondetan egiten dituen zuloetan egiten du habia. Habiagile bezala altitude txikietan agertzen da nagusiki, 650 metrotik behera beti. Ur garbiak, oso nahasiak ez direnak eta ertzak landarediaz estalita dituztenak, behar izaten ditu. Nahiago ditu ibaiak, eta ez errekak, kanalak, ur-masa handiak, aintzirak edo estuarioak. Nahiago ditu era berean ur gezak ur gaziak baino.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: Itsasondon eskasa da, izan ere inguru honek ez ditu habiak egiteko baldintza egokiak eskaintzen (ibaiertzeko lur- ezpondak). Ibaiaren kanalizazioa dela eta ez da erraza baldintza hau topatzen. Bestalde ibai eta erreken kutsadura eta isurketek eragin zuzena dute espezie honengan.