ITSASONDOARRAK ARALARREN

Noizkoa: 
Urtarrila-Martxoa 2015
PDF fitxategia: 

Eta beste behin, konturatu gabe, turroi eta polboroiez gainezka gaude, 2014. urteari egindako oker guztiak berarekin eraman ditzala otoi eskatuz eta 2015. urteari eskari zerrenda luze batez ongi etorria eginez. Baina, ez dezagun gure burua engainatu, urteen joanetorriak ez du bere baitan horrelako miraririk gauzatzen. Hau da, gure bizitzan eta gure herrian gauzak arrosa kolorekoak izatea nahi badugu, has gaitezen lanean, inork ez baitigu ezer oparituko.
Lanerako gogoa eta asmoa duenak aukerak barra-barra topatuko ditu. Itsasondo herri txikia izanik, kultur ekintzaz, ekintza sozialez, auzolanez eta abarrez lepo daukagu. Ale honetako hemeroteka bistaratzea baino ez dago horretaz ohartzeko.
Itsasondo 2.0 aldizkariaren 27. alea aurkezteko unea iritsi da. Beste behin ere, edukiz gainezka datorkigu. Ongietorria Mikel Mendizabalen errima finak egiten digu, eta gai serioetara igaroz, udaleko berrietan udaleko bizitzaren errepasoa egiten digu: laguntzak, lanak, gastuak, erabakiak e.a. zehatz-mehatz azalduz. Txikienak ez dira makalak gure herrian, eta haurreskolak, eskolak eta guraso elkarteak egiten dituzten ekintza ugarien berri duzue hemen. Elkarrizketaren txokoan, Mirari Gaztañagak itsasondoarrek munduan zehar egindako joan-etorri eta proiektuez hitz egiten digu. Eta zer esan Itsasondoko jubilatuez; hauek ere ez dira makalak gero, ekintza ugari antolatu dituzte, eta aurrera begirako proiektu eta asmoak ere ugariak dira; ilusioa gainezka dutenik inork ezingo digu ukatu. Hemeroteka txokoan, aldiz, hitzaldiak, gaztaina jana, kantu afaria, antzerkia, talo festa, euskararen eguna eta gehiago; denei txoko bat egitea ere kosta egiten da. Informatika txokoak, lorezaintzak eta errezetak ere ez dute huts egin ale honetan. Itsasondo 2.O aldizkariaren 27. ale hau xumeki herritar eta lagun askoren ahaleginari esker egin dugu, eta beste behin, zure etxeko buzoian duzu; zure gustukoa izatea espero dugu.
Eta aurrera begira jarrita, gure asmoa da Itsasondon eta Euskal Herrian jasotako gertaerak gertutik jarraitzea. Urte interesgarria dirudi 2015. honek. Ea beregan jarritako esperantzak betetzeko gai garen.