Aktak euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso dituzte UEMAko sei udalek

 
Asko dira EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkaria den Carlos Urkixoren eskutik helegiteak jaso dituzten udalak. Oraingoan, Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek jaso dituzte aktak euskara hutsez bidaltzeagatik. Bihar, Eusko Jaurlaritzak deituta HAKOBAren bilera egingo da gaia lantzeko.
Kontratazioetako hizkuntza irizpideak, diru-laguntzetarako hizkuntza irizpideak, udaletak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak susmopean jarri ditu EAEn Estatuak duen ordezkariak. Orain, Urkixok, aktak euskaraz bidaltzeagatik auzitara eraman ditu UEMAko sei udal. Hainbat instituzio eta eragilek salatu dute Estatuko ordezkariaren jarduna, baina errekerimedu eta helegiteek ez dute etenik. UEMAren arabera “behar beharrezkoa da euskararen aurkako eraso hauek lehenbailehen gelditzea. Izan ere, euskararen normalizaziorako lana baldintzatu eta oztopatzen dute.”
UEMAk eman dio Eusko Jaurlaritzari helegiteen berri. Eta hain justu, helegite hauen aurrean hartu beharreko jokabidea zehazteko bilduko da, bihar, HAKOBA ( Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea).
Eusko Jaurlaritzak babesa agertu die hizkuntza irizpideak direla eta errekerimendu eta helegiteak jaso dituzten udalei. Babes horrek, ordea, praktikan ez du inolako eraginik eta helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira. Gauzak horrela, kezka nagusitzen ari da bai UEMAn, eta baita, udaleko ordezkarien artean ere.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, “UEMA eta udalak beren kabuz ari dira euskararen aurkako eraso hauen nolabaiteko defentsa egiten. Baina, kontutan hartu behar da udal horietako asko oso txikiak direla eta ez dutela epaitegietako gastuei aurre egiteko baliabiderik.” Errekiremindu eta helegiteak direla eta, hainbat udalek atzerapausoak eman dituzte. Belastegiren esanetan “euskararen sustatzeko urratsak ematen ari diren udalak praktikan babesik gabe” aurkitzen dira.”