Itsasondo 2.0, 8. Zki.a

Azala
Noizkoa: 
2012eko apirila-ekaina
PDF fitxategia: 

2010a etorri zaigu ate joka, eta urratu berri dugun urte hau ilusio eta asmo berriekin hasi nahi izan dugu. Badakigu krisiak gure artean gogor jo duela eta hainbat dira horren ondorioak jasaten ari diren herritarrak; askok beraien lanak galdu edo eta kinka larrian ikusten dituzte. Krisi globalizatuaren garai honetan, hara non, eta Euskal Herriak aro berri baterako bideari ekin dio eta ilusioz beteriko garaiak bizi ditu; aspaldiko gatazka hau gainditzen laguntzeko zirrikitu berriak irekitzen ari direla dirudien honetan, herritarrei dagokigu gure aldetik herri bezala aktibatu eta lan egitea, herri honek dituen asmo eta nahiak gauzatu daitezen. Ezin dugu aukera berri hau pasatzen utzi, bakoitzak gure herri, lantoki, talde eta norberaren ahalmenen arabera prozesua bide onera eramango duen harresi soziala eraiki beharra daukagu. Beste Euskal Herria hobeago bat posible delako, denok batera lan egin dezagun eraikitzeko.

Jada bi urte dira Itsasondo 2.0 aldizkaria sortu eta lehen alea kaleratu genuenetik. Udaletik sortu zen ekimena, bertan hartutako erabakiak eta herriko notiziak jendarteratzeko bitarteko baten beharra ikusita. Dirudienez, hasierako asmoak bete dira, herriko komunikazio tresna nagusietako bat izatera iritsi baita eta zuen artean izan duen harrerak proiektutxo honekin aurrera jarraitzera animatu gaitu.

Baina oraingoan urrats bat haratago eman nahi izan dugu aldizkaria herrira zabalduz. Helburu horretara iristeko bidean, ezinbesteko jotzen dugu herritar oro egitasmo honetan partaide bilakatzea. Asmoa gauzatzeko forma ezberdinetako edukiz jantzi dugu zortzigarren ale hau. Honela, gaurtik aurrera irakurgai izango dituzue, besteak beste, herriko hainbat pertsona ezagunei eginiko elkarrizketa eta pasadizoen kontakizunak, herriko haurtzaindegi eta eskolaren inguruko berriak, zuei herritarroi eginiko elkarrizketak, inguruko bazterrak ezagu-tzeko ibilaldi neurtuak...

Eskuartean duzuen ale honetan makina bat kontu dituzue irakurgai: herritarron artean aski ezaguna den Iñaki Larrañagari eginiko elkarrizketa, itsasondotarrak Ordiziako errugbi taldean utzitako oinatzaren inguruko artikulutxoa, eta beste hainbat kontu interesgarri.

Espero dugu guztion gustuko izatea.