Itsasondo 2.0, 14. Zki.a

Azala
Noizkoa: 
2011ko iraila-abendua
PDF fitxategia: 

Urkiko festen ondotik Itsasondo herria jaietan murgildu berri da. Festa eta parrandaren zapore gozoa oraindik ahoan ditugularik ailegatu da Itsasondo 2.0-ren ale berri hau gure artera. Ohi legez gure herriari so jarri gara iragan zaharrari eta etorkizun berriari ateak zabalduz.

Gaurkotasunaren atarian tarte berezia eskaini nahi izan diogu Itsasondoko udal berriari izan ere erreleboari heldu dio urtez urte egindako ibilbideari jarraipena emanez. Joan den maiatzeko hauteskundeen ondotik udal ordezkariek karterak banatu eta beren karguak hartu dituzte ale honen lehen lerroetan irakur daitekeenez. Baina gure aldizkari koxkor honetan bada albiste eta kontakizun gehiagorentzat lekurik. Aurrerapen txiki bat egin asmoz, elkarrizketen atarira jo eta urte luzeetan zehar gure herrian zapatari lanetan ibili den Jose Mari Dorronsororekin izaniko solasaldia duzue. Orrialdeetan aurrera eginaz, San Juan auzoko ermitaren inguruko kontakizunak aurkituko dituzue Edurne Ayusoren ahotik, baita erleen mundu bitxia ezagutzeko parada ere Aranzadi Elkarteko kideen eskutik. Oraingo honetan Santamaiñara egingo dugu txangoa, ibilbidearen magalik ederrenak zuei ezagutaraziz. Hori guztia eta gehiago, beraz badakizue... astindu aldizkaria eta gozatu Itsasondo 2.0-rekin!

Hurrengora arte eta bitartean kontent bizi!