Ondare entomologikoaren ezagumendua

Entomologia hitzak intsektuen ikerketarako zoologíaren disziplinari egiten dio erreferentzia.  Intsektuak oso talde dibertsoa osatzen dute, Lur planetan espezie gehien jasotzen duen taldea da hain zuzen ere. Dena den, intsektuak ugariak diren arren, gure lurraldean osatzen dituzten komunitateak dezente ezezagunak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan 10.000-20.000 intsektu espezie bizi direla estimatzen da. Itsasondoko komunitate entomologikoaren ezagutzarako lanik ez da inoiz burutu izan, eta beraz ez dago erregistro bibliografikorik udalerri honetan. Hori dela, 2017 eta 2018. urteetan Itsasondoko lurretan bizi diren intsektuen ezagumendua handitzeko ikerketa bat burutu da.
 
Intsektuen espezieak inbentariatzeaz gain, ikerketa honen baitan interes handia zegoen babesturik dauden espezieak detektatzen, batez ere pagadietan. Honetaz gain, inguru naturalaren kudeaketarako hainbat zuzentarau proposatu dira intsektuen kontserbazio ikuspuntutik.
 
Lagindu diren eremuetatik interés berezikoak dira Zubin errekaren bailaran garatzen den haltzadi kanturiarra eta Urkia-Murumendi magaleko pagadi azidofiloak. Aipatzen diren bi habitat mota hauek Batasuneko Intereseko Habitat bezala daude jasota 92/43/CEE Habitat Aztertarauan. Kakalardoak eta eguneko tximeletak izan dira azterketa honen helburu nagusienak. Hauetaz gain, lur lehorrean agertzen diren gainontzeko talde funtzionalak ere dokumentatu dira, guztira 192 espezie inbentariatuz, guzti hauek 7 orden eta 53 familia ezberdinetan sailkatzen direlarik.
 
Ikerketak utzitako aipagarri garrantzitsu batzuk
Aurkikuntza aipagarrien artean, azpimarragarria da Rosalia alpina kakalardo egur-jale babestuaren populazio txiki baten aurkikuntza burutu izana. Gainera, Gipuzkoan urria den Morimus asper kakalardo egur-jalea ere topatu izan da. Intsektu hauek pagoaren deskonposizioan parte hartzen dute ustelketa prozesuaren fase ezberdinetan. Eginkizun horretan espezializazio maila handia dute eta deskonposizio fase guztietan dagoen egur hilaren dependentzia handia dute dispertsiorako eta elkartruke genetikoak burutzeko. Beraz, ornogabe hauen kontserbaziorako pagoaren gutxieneko egur-hil bolumen gomendagaria mantentzea basoetan ezinbestekoa da.
 
Kimper barraskilo Elona quimperiana babestuaren populazio osasuntsua dagoela ere ondorioztutatu du ikerketa honek. Gainera, magaletako alderdi laiotzak gainontzeko barraskilo eta espezie detritiboro anitzen habitat egokiak direla konfirmatu izan da, materia organikoa deskonposatzen duten hainbat talde funtzionalen presentzia dokumentatuz (Chilopoda, Diplopoda, Arachnida, Opiliones, Isopoda, Diplura, Microcoryphia...).
 
Azkenik, Itsasondoko entomofaunaren kontserbazioari begira, bereziki Zubin errekako bailaran agertzen den haltzadi kantauriarrean topatu da espezie aberastasun handiena. Batez ere ibar-basoan sortzen diren mikrohabitatatk eta honek inguruko baso eta larreekin duen konexioa dela eta agertzen dira intsektu populazio handienak. Aipatzekoa da haltzadian topatu den Hoplia coerulea kakalardo mehatxatuaren populazioa, edota Satryrium w-album tximeleta urri eta babestuaren presentzia.