XX. KORRIKA ITSASONDON

Amaitu da XX. Korrika eta a zer nolako ajea utzi duen Euskal Herri guztian. Antolatzaileek oso postiboki baloratu dute aurtengoa, jende askok parte hartu omen du eta. Ikusi besterik ez dago Itsasondon zenbat pertsona elkartu ginen Korrika Batzordeak antolaturiko egitarauari hasiera emateko.
Arratsaldeko 5ak aldera Itsasondotik Aramara abiatu zen korrika txikia. Iristean merienda banatu zitzaien eta gustura ibili ziren jolasean.
7:30ak aldera herriko plaza jendez bete zen eta trago batzuen ondoren, 21:30ak aldera frontoira joan ginen afaltzera. 120 pertsona elkartu ginen bertan eta giro ederrean afaldu genuen. Boluntario asko zebiltzan lanean eta pixkanaka guztioi iritsi zitzaigun afaria, indarrak hartu genituen beraz!
Afal ostean, Kaxintanera gerturatu eta hantxe zegoen Zigor DZ DJa gauari martxa pixka bat jartzeko prest. Lehen lerroan haur asko bildu ziren eta atzealdea ere gazte zein helduz beteta zegoen, DJak jarritako musikaz gozatzen, kantuan eta dantzan. Tartean sorpesatxo bat ere izan genuen, Esne Beltza taldeko Xabier Solano etorri zen eta hiruzpalau abesti eskaini zizkigun, ederra izan zen! Itsasondotar guztion partez mila mila esker bi musikariei gaua alaitzeagatik!
Gaua aurrera zihoan eta pixkanaka udaletxean prestatutako akanpada haur zein gurasoez betetzen hasi bazen ere Kaxintanek irekita jarraitu zuen eta musean, dantzan nahiz berriketan azkar pasa ziren orduak. Konturatzerako 3:30ak iritsi ziren eta udaletxeko argiak piztu ere bai. Jende ugari gerturatu zen kaxintanera, lo aurpegiren bat ikusten bazen ere,  denak korrika egiteko gogotsu eta ilusionatuta geunden.
Pixkanaka lehenengo lekukoa hartuko geuen lekura gerturatu eta laister entzun genuen furgonetaren musika eta baita euskararen aldeko ohiuak ere. Aparkalekura iristean gogotsu heldu zion lekukoari Paulinak, euskara ikasleak, eta tipi tapa mediku etxeraino eraman zuen. Bertan, Xabik, guraso elkarteko kideak, hartu zuen, Haizeak lagunduta eta Berostegiko kruzeraino eraman zuten, txapeldunak! Bertan, Legorretako Gaztetxeari erreleboa pasa zitzaion eta han jarraitu zuen Korrikak aurrera, kilometro asko eginda eta amaierara iristeko gutxiren faltan.
Nahikoa korrika eginda Kaxintanera itzuli, gosaldu eta ohera! Aurten ere eman ditugu euskararen aldeko pausuak, orain egunerokotasunean egitea dagokigu! 
 
IKUSI AL DITUZUE ARGAZKI ETA BIDEOAK?
Webgunean zintzilikatuta daude argazkiak
Hamaika telebistak jarripena egin zuen, hemen Itsasondoko bideoa
http://korrika.hamaika.eus/tb/bideo/10004915
Goierriko hitzak Korrika txikiaren berri eman zigun
http://goierri.hitza.eus/2017/04/07/txikienak-ere-korrikarekin-itsasondon/