Dendrocopos minor

Izen arrunta: okil txikia (eus), pico menor (es)

Familia: Picidae

Deskribapena: txolarre baten tamainako okila da, 15 cm ingurukoa. Ar eta emeen artean dimorfismo arina dago. Arrek buruan masail zuriak dituzte, bibote antzekoa beltza da, kopeta zuria, txanoa gorria eta garondoa beltza. Emeek kopeta zuri-lohia dute eta pileoa eta garondoa beltzak dira. Atzealdean eta hegoetan marra beltz eta zuriak ditu. Buztanaren erdialdea beltza da eta alboetan marratua. Beheko atalak argiak, zertxobait marratuak dira. Mokoa beltza da eta hankak gris berdexkak dira.

Zuhaitzetako gune garaietan bizi da. Hegaldia izurtua eta geldoa da.

Habia zuhaitzetako hutsuneetan egiten du: barrunbe txikia egiten du. Horrela, sarrerako tunel kurbatua ganbera txiki eta luzanga batean amaitzen da. Ganbera hori ez du estaltzen, eta bertan, urtean behin, lau eta sei arrautza bitartean errun ohi ditu.

Gehien bat intsektuez elikatzen da, baina batzuetan landareak ere jaten ditu, batez ere fruitu txikiak.

Habitata: hosto erorkorreko basoetan, harizti eta ibaiertzetako ibarretan, agertzen da batik bat. Ez du inolako arazorik zuhaitz-unada txikietan kokatzeko eta, horregatik, landazabal  kantauriarrean maiz ikusten da. Hegoalderago, ibar-basoetan eta hainbat harizti eta amezti bazterretan ere aurki daiteke.

Itsasondoko populazioak: okil txikiaren presentzia Itsasondon ertaina da. Lehen aipatu bezala hegazti honek zuhaitz zaharretan jartzen ditu habiak eta hauek urriak dira Itsasondon, nahiz eta, baso mugarratu batzuk badiren. Bestalde, ibai ertzeko basoen galerak negatiboki eragin dio. Oso garrantzitzuak dira espezie honentzat belardi inguruetan dauden basotxo helduak.