Lucanus cervus

Izen arrunta: arkanbelea (eus), ciervo volante (es)

Familia: Lucanidae

Deskribapena: dimorfismo handiko kakalardoa da. Arrak 35-75 mm artean neurtzen ditu, eta burua eta masailezurra oso garatuta dauzka; emea berriz, txikiagoa da, 30-40 mm artekoa. Antenak ukabil tolestuaren formakoak ditu; pronotoa (toraxaren lehenengo segmentuaren bizkarraldeko plaka) angelu kamutsekoak eta gutxi markatuak; eta elitroak (hegoak) punta mehekoak, baina oso markatuak: gorrixkak arren kasuan eta beltzak emeenean.

Habitata: baso helduak ditu gustuko, Euskal Herriaren kasuan inaustutako basoetan aurkitu ohi da. Enbor-zuloak erabiltzen dituzte gordeleku gisa, eta elikadurarako fruituen zuku heldua edota egurretako izerdia erabiltzen dute.

Itsasondoko populazioak eta mehatxuak: 2008ko laginketetan bi ale ar aurkitu ziren Ordizia eta Itsasondo arteko San Juan auzoan. Hala ere, pentsatzekoa da Itsasondoko inguru gehiagotan ere egongo dela, potentzialki erabil ditzakeen inguru ugari baitago. Hau honela izanik, beharrezkoa litzateke espeziearen jarraipen espezifikoko lanak burutzea Itsasondon bertan edota Goierrin orokorrean dauden nukleo edo populazioen egoera aztertzeko.

Espezie hau oso beharrizan ekologiko zorrotzekoa denez bere arrisku handiena habitataren galera da.