Narcissus gr. pseudonarcissus

Izen arrunta: lilipa arrunta, anbulu gaiztoa (eus), narciso trompón, narciso de los prados, jarras (es).

Familia: Liliaceae

Deskribapena: lilipa hauen egitura Narcissus asturiensis-aren antzekoa da, baina organo guztiak harenak baino bi edo hiru aldiz handiagoak dira. Lurpeko erraboila oboidea da eta, orokorrean, 2 cm baino luzeagoa da. Gararen luzera zehe bat edo bikoa da, eta hutsa eta laua da, eta angeluetan bi gila irten ditu. Loreak martxoa eta maiatza bitartean zabaltzen dira, eta oso handiak dira, 4,5 eta 7 cm bitarteko luzera dute. Bi kolore dituzte: hodia eta koroa hori biziak dira, ia urre-kolorekoak, eta tepaloak oso argiak dira, ia zurixkak. Hostoak garak bezain luzeak dira eta erraboila bakoitzetik 2-4 jaiotzen dira. Tenteak eta estuak dira, eta azpialdean gila irtenak dituzte. Fruitua udare-itxurako kapsula da, eta zeharkako sekzioa gutxi gorabehera zirkularra du. Haziak oso ugariak, lodikoteak eta beltzak dira. Fruituak heldu ondoren, aireko organo guztiak lehortzen dira, eta udaren erdialderako ez da landare eder hauen arrastorik ikusten. Erraboilak lurperatuta gordetzen dira. Endemismo atlantikoa da (Asturiasetik Britainiaraino), eta EAEn populazio ugari eta oparoak ditu.

Habitata: erlaitz humiferoetan eta karsten arrailetan bizi da, ubideen alboan dauden alubioi-lurretan, edo pagadi eta harizti batzuen lurzoru freskoan 650 eta 1.250 m artean.

Itsasondoko populazioak: egoera ezezaguna da. Dena den hauek dira Itsasondoko populazioei eragiten dieten arrisku faktoreak:

  • Ganaduak eragindako zanpaketa. Ganaduak ez du landarea jaten baina landarea hazten den lurzoruaren trinkotzea ekar dezake.
  • Ale-bilketa: loraketa goiztiarra eta lore handi eta ikusgarriak dituenez mendizaleek hartu ohi dituzte. Erraboilak ateratzen ez dituzten arren, populazioak kaltetzen dituzte, ez baitiete zikloa behar bezala betetzen uzten.
  • Baso-ustiaketa: populazioak basoetan aurkitzen diren kasuetan baso hauen ustiaketa-lanetab kontuan hartu beharko lirateke, ustiaketa oker batek populazio hauek arriskuan jarri baititzake.